Euskal Autonomia Erkidegoan 2003-2004 ikasturtean hasi ziren ikasle etorkinei arreta emateko programak eta planak. Hala, ikasturte horretan sortu ziren Hizkuntza Indartzeko Irakasleak (HIPI), eskolatze berantiarreko ikasleen gizarte- eta hizkuntza-egokitzapenari erantzuna emateko.
Ikasturtean zehar eskolatzen diren ikasleen kopurua gora joan da azken urteetan. Erronka handia da gure hezkuntza sistemarako eta bereziki eskoletarako. Nahiz eta era bateko edo besteko proposamenak aurrera eraman, egia da, lortutako emaitzak ez direla espero zirenak izan. Ikus Atzerritar jatorriko eskolatzea, EAEko eskola sisteman. Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak (Eusko Jaurlaritza, 2018). EAEko 2017ko Diagnostiko Ebaluazioari buruzko txostenak dio “ikasle etorkin ia guztiek lortzen dituzten emaitzak dira, gaitasun guztietan, bertako ikasleenak baino nabarmen okerragoak” (ISEI-IVEI, 2018).
Eskola inklusiboa garatzeko esparru-planak (2019-2022) zera dio: “Ikasle guztiek beren gaitasun pertsonalak eta bizitzarako konpetentziak ahalik eta gehien garatzea du helburu, irteera profilean aurrei kusitako oinarrizko konpetentziak lortze aldera” (Eusko Jaurlaritza, 2019).
Beraz, etorri berrien eta etorkinen seme-alaben gaitasunak ahalik eta gehien garatu behar dira. Eta hori, beste era bateko ikuspegi metodologikoekin eta baliabideekin lor daiteke.
Eusle ekimena, ikasle etorri berriei erantzuteko beste modu bat
Eusle hezkuntza sisteman gure komunikazio-hizkuntza jakin gabe sartzen diren ikasle etorri berriei arreta emateko berariaz sortutako ekimen pedagogikoa da. Bi urteko epean ikaslearen egokitzapena, alderdi afektiboa, sozializazioa eta hizkuntzaren garapena lantzen dira. Hori lortzeko, kulturartekotasun ikuspuntutik erantzun koherente eta global bat ematen da ikastetxetik.
2019-2020 ikasturtean Eusle ekimenaren pilotajea martxan jarri zen lau ikastetxerekin. Pilotaje horretan, ikasleen hizkuntza maila eta sozializazio prozesua baloratu ziren. Pilotajearen ondoren, 2021- 22 ikasturtean baldintzak betetzen zituzten ikastetxeetara zabaldu zen ekimena. Gaur egun ikastetxeen eta gelen kopurua gorantz doa, aniztasuna erakutsiz. Baina, ekimena bizirik dago: sortu zenetik gaur egunera eginez ikasi egin da eta horrek aukera eman du egoera berriari aurre egiteko. Horrela, ahuleziak hobetuz ikasleei ahalik eta harrera pertsonalizatuena emateko.
Nola garatzen da Eusle ikastetxeetan?
Eusle ekimeneko baldintzak betetzen dituzten ikastetxeetan Eusle gela bat sortzen da. Gela horrek berezko espazioa eta irakaslea izango ditu. Eusle programaren marko kontzeptuala (Eusko Jaurlaritza, 2022).
Eusle gelak bere ordutegia eta baliabideak ditu ikaslearen sozializazioari garrantzia emanez. Askotan, segregazio hitza erabili da horrelako gela edo ikastetxeei buruz hitz egitean. Egia da, ikasleak tarte batean erreferentzia gelatik kanpo daudela eta besteek egiten dituzten lanetatik at. Baina, saio guztietan besteekin batera gelan egoteak sozializazioa bermatzen al du? Ikasketak hizkuntza ezezagun batean egiteak, irakaskuntza esplizitua eta egokitua izan gabe, ikasle horien arrakasta akademikoa bermatuko al du? Eta, euskararen jabekuntza? Hizkuntza bera ez da beharrezkoa bere kideekin sozializazio hori bermatzeko?
Atzerriko hizkuntza bat ikasterakoan maila batetik bestera pasatzeko 200 ordu inguru behar dira. Gure ikasleei bi ikasturteko tartea ematen zaie astean 4-5 orduz euskara erakutsiz. Eta, askotan saio horiek curriculuma ikasteko edo egokitzapenak egiteko erabili izan dira. Kontuan izanik euskararen irakaskuntzari ematen zaion tarte murriztua, zer ikasten dute ezagutzak euskaraz baldin badira? Zer ulertzen dute?
Curriculum arrakastarako prestatzen ditugu? Bertokoen aukera berdina dute? Eta, nola sentitzen dira egoera horren aurrean? Ikaslearen ongizatea ikasketetarako giltza izan daiteke.
Euslek baldintza hau du abiapuntu: hizkuntza ikasteko berdinen arteko harreman- eta lankidetza- -testuingurua beharrezkoa da. Eta horrekin batera eskolako komunikazio-hizkuntza ikasteko lan intentsiboa eta espezifikoa, erabileran oinarritua. Egia da, erreferentzia gelan elkarreraginaren bidez harremanetarako oinarrizko hizkuntza hori bideratzen dela; euskararen lanketa espezifikoa eta intentsiboa zerotik hasten direnentzat. Gainerako ikaskideen abiapuntua altuagoa denean eta curriculum eskakizunak maila altuagoa eskatzen duenean, ordea, hizkuntza beraren kudeaketa oso zaila egiten zaie irakasleei. Erronken artean, euskararen irakaskuntzaz gain, beste erronka batzuekin egiten dute topo: eskolatze ez jarraia edo eskolatu gabekoak, familia kontuak, dolua… Eusle gela babesgune bihurtzen da ikasleari bere osotasunean erantzuna eman nahian, Eusle irakaslearen bidez. Erreferentzia gelaren eta ikastetxearen arteko bitartekaria da Eusle irakaslea. Zubi lana egiten du eskolatze prozesuan aurrera egiteko estrategiak ikasleari eskainiz.
Irakasle batzuen adierazpenak: “Irakasleak seguru sentitzen dira. Ikasten ari direla. Erreferentzia gelara pozik doaz ikasitakoa erakutsi nahian”; “Batzuk, erreferentzia gelakoa baino euskara maila altuagoa dute”; “Etorri nahi dute, gelakoa ulertzeko”… “Gasteizko eskola batean irakasleak kezkatuta zeuden ikasle batekin. Isilik pasatu zuen iazko ikasturte osoa bere erreferentzia gelan. Eusle irakaslearekin, ordea, babesa sentitzen zuen eta hitz egiteko tartea eskaintzean, ikasleak euskaraz hitz egiteko gaitasuna zuela eta Eusle gelako dinamika jarraitzeko gai zela ikusi genuen. 2022ko abenduan A2ko froga pasatu diogu eta gainditu du”.
Adierazpen gehienak onak dira, baina Euslek ez ditu ikasle horien behar guztiak betetzen eta tokiko erantzuna ematen saiatzen da. Batzuentzat bi urteko epea nahikoa da euskararen oinarrizko maila lortzeko, baina beste batzuek denbora gehiago behar dute bestelako zailtasunak dituztelako. Ekimenean, ikaslearen egoera aztertuz eta batzordearen oniritziarekin, beste ikasturte bat egon daitezke, beti bere aurrerapenaren jarraipena baloratuz.
Azken bi urte hauetan Eusle geletan alfabetatu gabeko edo behar ez den beste alfabetatutako ikasleak daude. Horregatik, ikasle horien alfabetatze prozesua da eskoletako erronka nagusiena. Nork egingo du betebeharreko edo oinarrizko prozesu hori? Noren ardura da? Nola erakusten zaie irakurtzen eta idazten euskaraz Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrerako ikasleei? Kezka handia dago eta Eusle irakasleak ere horretan inplikatuta daude. Galdera asko daude, gai mamitsua da eta, agian, ez daukagu galdera horien erantzun zuzenik, orain arteko erabakiak eta esku-hartzeak ez dutelako eragin handirik izan ikasle horiengan. Argi daukaguna zera da: kultuartekotasunari balioa emanez eta euskaldun egiten gaituen hizkuntza indartuz, Eusle ekimena gure gizartean bizi den errealitateari erantzuna emateko sortu dela eta datozen urteetan horretan ekingo diogula.