Hizkuntza-ideologiak pertsonek hizkuntzei, hizkerei edo horien erabilerei buruz dituzten ideiak eta egiten dituzten balorazioak dira. Munduko edozein tokitan ohikoa da hizkuntzaz ideia edo sinesmen sorta bat edukitzea: halako hizkuntza zaila dela irudituko zaie batzuei, beste hizkuntza hori ez dela oso erabilgarria interpretatuko dute haiek edo norberaren hizkera ederrena dela sinetsiko dute askok. Baina hizkuntza gutxituak dauden testuinguruetan hausnarketarako, hizkuntzaren inguruko gogoeta kritikorako eta kontrajarriak diren ideietarako aukera handiagoa sortu ohi da. Azken urteetan nerabeekin aritu izan naiz ikerketa etnografikoak egiten. Hizkuntzaren Antropologiak, Haur eta Nerabezaroaren Antropologiak eta Antropologia Feministak eskaintzen dizkiguten tresnak erabiliz, behaketak, elkarrizketak eta eztabaida talde ugari egin ditut eskolaz kanpoko eremu ez-formalean. 11 eta 19 urte bitarteko nerabe askoren hizkuntza-praktikak jasotzeaz gain, hizkuntzei buruz dituzten bizipenak, iritziak eta hausnarketak entzuteko aukera izan dut.

Gogoeta horietan gazteek zenbait kokapen eta ideia azalarazten dituzte. Saioak1 (13 urte), adibidez, argi dauka eskolan euskaraz hitz egin behar duela, baina hortik kanpo gaztelaniaz hitz egiten du hala erabakita duelako eta haren gogoetan nabari da hizkuntza gutxituaren auzia ez zaiola horren garrantzitsua iruditzen: “Nire ustez euskara bai, inportantea da, baina ez hain inportantea, zeren nire ustez, igual inportanteagoa da gaztelania, zeren euskararekin nik uste dut bakarrik Euskal Herrian... eta ongi dago, Euskal Herrian ongi, baina ateratzen zara eta ez dizu balio beste herri batzuetan”. Herri berean bizi den Garaziri (15 urte), ordea, euskaraz hitz egitearen eta euskararen biziberritzearen aldeko ekimenetan parte hartzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaio: “Gure hizkuntza delako, nire hizkuntza da. Ingeles edo aleman batek bere hizkuntza maite duen bezala, nirea behintzat euskara da. Euskal Herriko hizkuntza euskara da; orduan, garrantzitsua da”.

Garaziren hausnarketekin bat egiten duten hiztun nerabeak topatu ditut ikerketetan. Saioaren gogoetatik gertu daudenak ere bai. Zalantzarik gabe, nerabe gehienen hausnarketak bi diskurtso horien artean geratzen dira. Euskara hizkuntza gutxitua dela hautematen dute eta euskara biziberritzearen alde ageri dira. Baina ez dirudi hizkuntzen egoera sozialak aparteko interesik, deserosotasunik edo gatazkarik sorrarazten dienik. Nerabeen hitzetan ondoriozta daiteke, oro har, egoera linguistiko diglosikoak etengabe bultzatzen dituela nolabaiteko gogoeta egitera edo kokapen ideologiko batera; baina, era berean, ez dut nabaritu lehentasunezko gaia denik elkarrizketatu ditudan nerabeen egunerokotasuneko hausnarketetan.

Hizkuntza-ideologien zirkulazioa

Jacqueline Urla antropologoak azpimarratu izan du azken hamarkadetan gazteengan zentratutako hizkuntza politikak eta “euskararen erakundetzeak” ondorioak izan dituela hizkuntza-ideologietan: diskurtso berriak sortu dira, baina horrek ez du aurreko marko diskurtsiboa guztiz ordezkatu. Egun, euskararen eremuan diskurtso zaharrak eta berriak elkarrekin bizi dira eta, zentzu horretan, egokiago dirudi ideologia ezberdinen zirkulazioaz hitz egitea, zeinetan aintzinako ideiak eta berriak nahasten diren, edota ideologia ezberdinen arteko eraginak nabaritzen diren. Hain zuzen ere, hori da nik nerabeekin egindako ikerketetan topatu dudana.

Egungo euskal nerabeak txikitatik askotariko hizkuntza-ideologiez blaitu dira eta, horregatik, ideologia ezberdinen zirkulazioaz hitz egin daitekeela uste dut. Ideologia horietako batzuk hizkuntza gutxitua den euskararen aldeko diskurtsoa zabaltzeko balio dute eta, batez ere, eskolaren bidez euskaraz mintzatzea zerbait positibo eta desiragarri gisa aurkezten duen aldarriak presentzia nabarmena duela ikusi ahal izan dut. Batzuetan, mezu esplizitu horren aurrean, nerabeen nolabaiteko erresistentzia agertzen da. Baina nik jasotako testigantzetan ez da nabari halako aurkakotasunik eskolan euskaraz hitz egitearen arauaren eta hari lotutako mezuaren aurrean. Badirudi gazteek naturalizatu duten diskurtso ideologikoa dela eta irakasleek euskaraz hitz egiteko eskatzea edo agintzea ulertzen duten zerbait dela. Dena den, agerikoa den jarrera “ulertu eta paso” gisa izenda daiteke. Nerabeak ados daude mezuarekin, baina, era berean, erresistentzia adierazten dute, nahiz eta ez bata (adostasuna) eta ez bestea (erresistentzia) ez diren nabarmenegiak, ez diren indar handiz agertzen diren diskurtsoak. Familian ere euskaraz hitz egitearen aldeko kultur arduraren marko ideologikoa ageri da, baina maila apalagoan eta bi esparru horietatik kanpoko aipamenak apenas ageri dira.

Nerabeek aipatzen dituzten “euskararen aldeko” errepresentazio ideologikoak bi motatakoak dira: batetik, hizkuntzaren zaurgarritasunari lotutako kontserbazioaren beharrarekin lotutakoak eta, bestetik, identitateari erreferentzia egiten dieten arrazoibideak. Horiei lotutako karga afektiboa eta ardura kutsua topatu ditut: euskara ahuldutako hizkuntza dela barneratua dute eta euskaraz hitz eginez edo euskara sustatzeko ekimenetan parte hartuz euskal hiztun gisa ardura hori bete beharko luketela aipatzen dute. Alaitzek (13 urte), esaterako, honako hau zioen: “Nik uste dut nola euskara aspaldikoa den eta hori, nik uste dut zaindu egin behar dela. Hain altxor preziatua galtzea pena bat izango zen”. Baina, ez dut nabaritu ardura horrek oso mobilizatzailea izan daitekeen subjektibitatea eraikitzeko nahikoa indarrik duenik.

Bestalde, hizkuntza kontuetan aukera librearen aldeko ideologiak ere presentzia nabarmena duela jaso dut. Hizkuntzen erabilera aukera indibiduala izan behar duela nahiko zabalduta dagoen ideia da eta ohikoa da bakoitzak nahi duen hizkuntza erabiltzeko aukera izan behar duela adieraztea: hizkuntzarena ardura eta erabaki pertsonala da. Ander (12 urte), esaterako, honela mintzo zen: “Bakoitzak nahi duena egingo du”. Marko liberal horrek ere ez du laguntzen euskaratik sortu daitezkeen subjektibitateak eraikitzen, gazteen kulturetatik aldenduta eta norbanakoaren eskuetan utzita ahul agertzen baita euskara.

Hizkuntza-ideologien gakoak

Hizkuntza-ideologia definizio gisa, Belen Urangak eta Lionel Jolyk honako hau proposatu zuten: “Hiztunak hizkuntzaz dituen sinesmen-multzoak dira, estruktura eta erabilera linguistikoa hautemateko duen modua arrazionalizatzeko edo justifikatzeko”. Baina definizioaz aparte, uste dut garrantzitsua dela azken hiru hamarkadetan hizkuntza-ideologia kontzeptuaren lanketak mahai gainean utzi dituen ideiak argi edukitzea gai horrek duen garrantziaz jabetzeko.

Hasteko, argi dago hizkuntzaideologia eraikuntza soziala dela, jendartean eta kultura zehatzetan sortzen, barneratzen eta zabaltzen delako. Horrek, ordea, ez du esan nahi komunitate jakin batean erabat partekatua den ideologia bakarra dagoenik eta gizarte batean ideologia-linguistikoak gutxitan dira homogeneoak. Ikusi dugun moduan, herri bereko nerabeen artean hizkuntzari buruzko diskurtsoak ez dira guztiz homogeneoak eta Garazi, Saioa eta gainerako hiztun gazteen hausnarketetan ezberdintasun adierazgarri batzuk topatzeaz gain, norberaren baitan ere zenbait hizkuntza-ideologia batera ager daitezke.

Bestetik, hizkuntza-ideologiak hizkuntza gainditzen du. Hizkuntza-ideologiak ez dira sortzen eta zabaltzen soilik hizkuntzari buruzko elementuen bidez, testuinguru sozialak eta kulturalak, hizkuntzaren erreferentziazko munduak eragin handia du hizkuntza-ideologietan. Hau da, hiztunen hizkuntzaideologiak ulertzeko, ezinbestekoa da hizkuntzek euren erreferentziazko kulturetan duten tokia eta rola ulertzea.

Hizkuntza-ideologiek errealitatean eragiteko duten gaitasuna ere azpimarratzeko moduko kontua da. Ideologia askotan hizkuntza elementu abstraktu soil gisa irudikatzen da, neurri batean errealitatean eta praktikan duen boterea eta eragina gutxietsiz. Baina hizkuntzaideologia balorazio, iritzi, uste eta diskurtsoez harago doa eta errealitatean eragiteko indar handia du. Miren Artetxek idatzi zuen moduan, “ideologiek errealitatea sortu eta birsortu egiten dute eta eragin zuzena dute mundu sozialean, nahiz eta maiz munduaren deskribapen modura soilik ulertu”.

Hizkuntza-ideologiak askotariko agentziak elkartzen ditu bere baitan. Hiztunaz gain, bere testuinguru hurbila, hizkuntza politika zein hizkuntza plangintzarekin lotutako eragileak, soziolinguistak edota hizkuntzaren gaineko ikerlariak eta abar. Denon agentzia ikus daiteke hizkuntza-ideologien aztarnetan. Euskal Herriko egungo testuinguruan gazteen hizkuntza-ideologien atzean askotariko agentziak biltzen direla argi edukitzea garrantzitsua dela uste dut, azken hamarkadetan helduok (hizkuntza eragileak, irakasleak, ikerlariok eta abar) gazteak arazo bilakatu ditugulako eta maiz euren jokabide linguistikoak euskarari buruz dituzten uste edo baloreekin (edo balore ezarekin) lotu izan ditugulako. Baina gazteen hizkuntza-ideologiak ezin dira ulertu azken urte hauetan hiztun gazteei zuzendutako lan ildo, politika, jarduera edota egitasmoen planteamendu ideologikoei erreparatu gabe. Gazteen diskurtsoetan eragin horiek somatzen eta irakurtzen jakin behar dugu, baita horien aurrean hiztun gazteek adierazitako jarrerak ere.

Azkenik, hizkuntza-ideologiek etorkizuneko aldaketen berri emateko gaitasuna dute. Urteetan zehar gizartean metatu diren askotariko agentziak erakuts ditzakete, baina, era berean, etorkizuneko hizkuntza-praktiken berri eman dezakete. Horregatik, haurrek, nerabeek eta gazteek erakusten dizkiguten hizkuntza-ideologiek aurrera begirako aldaketen inguruko pista batzuk eman ditzakete.

Hizkuntza-ideologiaz mintzatzeko garaia

Gurea bezalako gizarte egoera diglosikoetan errazagoa da hizkuntzaren inguruko gogoeta kritikoen agerpena, baina, horrek ez du esan nahi halako testuinguruetan hizkuntza-ideologien gaiak berebiziko interesik sortzen duenik. Euskal Herrian euskarari buruz asko hitz egin eta eztabaidatu da, baina gutxiago aztertu dira euskararen inguruko diskurtsoak eta horiek sortutako ondorioak. Hizkuntza-ideologiak zeruan dauden lainoak bezalakoak direla irudika dezakegu. Hor daude, politak dira, baina urruti daude, zeruan; ez ditugu hemen lurrean nabari. Euria, ordea, lainoen bidez jasotzen dugu. Lainorik gabe lurrak ez du urik. Gure paisaia lainoen uren bidez osatzen da. Hizkuntzaideologiak ere, lainoak bezala, hizkuntza-praktikekin erabat uztarturik daude, batera agertzen dira eta, beraz, landu beharreko gaia da. Hizkuntza-ideologiaz mintzatzeko garaia da. Ibil Bedi musika taldearen abestiak dioen moduan: “‘Hitza hitz’ dio zeruko pintada handiak, hastear da ikastear dugun garai berria”.