Optometria ikusmena aztertzen duen zientzia da. Ikusmena trebetasunen multzo bat da; ez dira gauza bera ikusmena eta bista. Bista begietan dago, eta ikusmena informazioa prozesatzea da, pertsonak ikusten duena uler dezan. Informazioa behar bezala prozesatzen ez bada, pertsonak ez du espero bezala erantzungo: adibidez, pertsona batek objektu batekiko distantzia ondo kalkulatzen ez badu, ez dio objektu horri ondo eutsiko. Ariketa hori burmuinak egiten du. Ikusmen zorroztasuna da bista, eta ikusmena begiek jasotzen duten informazioa prozesatzeko lana da, horren arabera jokatu ahal izateko. Optometria ikusmenaren zaintza aztertzen duen zientzia da.
Optometristok ikusmen trebetasunak ebaluatzen ditugu: ikusmen zorroztasuna, fokuratzea, konbergentzia… Ikusmen trebetasun asko daude, eta, horien artean, adibidez, guk ebaluatzen dugun ikusmen trebetasunetako bat begi mugimenduak dira, begi mugimenduek eragin handia baitute irakurketa prozesuan. Adibidez, haur asko galdu egiten dira irakurtzean: lerroak saltatzen dituztelako, arbeletik ezin dutelako ondo kopiatu; lerroek dantza egiten dioetela sentitzen dute, letrek dantza egiten dietela; eta hori begi mugimendu onak ez dituztelako da. Begien mugimendua, ikusmen trebetasun gisa, entrenatu eta hobetu egiten da; orduan, haurrek, horretan trebatuz, irakurketa hobetzen dute. Optometristaren kontsultara etortzen diren umeen % 100ek esaten dute ez dutela ondo irakurtzen. Horien artean, badira gaitasun handiko haurrak ere, kontu honek ez baitauka zerikusirik burmuinarekin; garuna ondo dago. Ikusmen trebetasunak landu behar dira, eta, entrenamenduen bidez modu egokian hobetuz, eskolako errendimendua hobetzen da.
Prozesu akademikoan eragina izan dezaketen ikusmen arazo ohikoenak
Jasotzen dugun informazioaren % 75 bistaren bitartez jasotzen dugu. Ikusmena zenbat eta hobea izan, orduan eta hobea izango da gure garunak lortzen duen informazioa. Eta hori oso garrantzitsua da haurrengan; izan ere, bizitzako lehen urteetan egiten den ikaskuntza oso garrantzitsua da, horren gainean finkatzen baitira ondorengo ezagutzak, eta ikaskuntza prozesu horretan ikusmenak berebiziko garrantzia du. Ikaskuntza prozesuan, berebiziko garrantzia du ikusmenak; horregatik, garrantzitsua litzateke irakasleek trebetasun hauetan ere arreta jartzea.
Ikusmen-koordinazio arazoak, anbliopia edo estrabismo-arazoak dituzten haurrek irakurtzeko arazoak izaten dituzte, eta horrek zailtasunak eragin ohi ditu ezagutzak barneratzean; hainbesterainokoak, ezen batzuetan haur batek eskola porrota izateraino eraman dezaketen ikusmen arazoak izan ditzakeen. Ikusmen arazoak goiz hautemateak haurren bizi kalitatea ez ezik ikasketa prozesua ere hobetzen du, ikusmen-terapiak eragin baitezake, haurrak irakurketaz goza dezan eta irakurritakoa zailtasunik gabe gogoratzeko gai izan dadin.
Ikusmen arazoak dituzten haur asko daude gaur egun. Arazo nagusietako bat fokatzeko arazoa da, pantailen –mugikorren eta tableten– erabilerak eragindako arazoa, hain zuzen ere. Pantaila horiek baliagarriak badira ere, garrantzitsua da jakitea denbora luzean erabiltzeak zer-nolako kalteak eragiten dizkion besteak beste ikusmenari. Beti esaten dugu aurrean dugun pantaila zenbat eta handiagoa izan orduan eta hobe dela ikusmenerako. Izan ere, pantaila txikiek eta hurbil jartzen diren pantailek egokitzapen arazoak ekarri ohi dizkiote ikusmenari, eta miopia eragiten dute. Azkenaldian, izugarri handitzen ari da miopeen kopurua. Optikarien Elkargoak dio biztanleriaren erdia miopea izango dela 2050ean. Beraz, haurrak zenbat eta denbora gehiago egon pantailekin eta ordenagailuekin, orduan eta miope gehiago egongo dira.
Miopiaz gain, optometria mailan gehien ikusten ditugun arazoak begi mugimenduei dagozkienak dira. Begi mugimenduen arazoen ondorioz, haurrak galdu egiten dira irakurtzen ari direnean. Ikusmen terapiari esker, hobetu egin daiteke arazo hori. Horrez gain, saiatzen gara haurrei eta helduei ikusmen higieneari buruzko aholkuak ematen. Ikastetxeetan ere azaltzen dugu nola eseri behar duten haurrek, paperera nola hurbildu behar duten, eta ergonomiako eta argiztapeneko aholkuak ematen dizkiegu.
Zer da ikusmen terapia?
Ikusmen terapia edo terapia bisuala Ikusmen terapiak garunaren plastikotasuna baliatzen du edozein adinetako pertsonen ikusmen arazoak hobetzeko. ikusmen trebetasunak entrenatzea da, hala nola fokatzea, konbergentzia eta begien mugimenduak. Guk gorputzarekin, sistema motorrarekin edo entzumen sistemarekin batera lantzen dugu ikusmena, trebetasun guztiek hobera egin dezaten. Tratamenduak pertsonalizatua izan behar du, arazo bakoitzari dagozkion ikusmen ariketak ezarri behar baitzaizkio. Ariketa horien helburua garuna trebatzea edo entrenatzea izango da, haurrak ikusmen hobea izan dezan. Garunaren neuroplastikotasunean oinarritzen da tratamendu optometrista, ikerketek erakusten baitute garuna gai dela bizitza osoan zehar egokitzeko eta garatzeko. Gaitasun horri esker, garuna edozein adinetan entrena daiteke. Ikusmen terapiak garunaren plastikotasuna baliatzen du edozein adinetako pertsonen ikusmen arazoak hobetzeko.
Ikusmen terapiak garuna entrenatzea ahalbidetzen du, ikusmen sistema eraginkorragoa izan dadin. Hau da, hobeto eta azkarrago ikus dezakegu terapiari esker. Hori lortzeko, ikusmen emaitzak hobetzera bideratutako ariketa batzuk prestatu behar ditu profesionalak. Ariketa horiek astero egiten dira kontsultan, eta etxean egunero egin behar dira. Begi alferra eta estrabismoa duten haurrekin ere erabiltzen dugu ikusmen-terapia.
Begi alferra duten haurren kasuan, hobekuntzaren mekanikan ez da aldaketarik egin urte askoan, eta haurrei, kasu askotan, adabakia jartzen zaie oraindik ere. Gisa horretako terapia pasibo baten ordez, komenigarriago iruditzen zaigu terapia aktiboago bat erabiltzea, ariketen bidez begi alferraren dinamika hobetzea eta, azken aukera gisa, adabakia erabiltzea.
Gero, beste arazo batzuk ere badaude, hala nola daltonismoa, biztanleen % 5i eragiten diona, gizonezkoei ia beti; herentziazkoa da, baina normalean ez du eragin akademikorik izaten. Ondo dago jakitea haurra daltonikoa dela, irakasleak arazoa ezagutzen ez badu, haurrarentzat zailak izan daitezkeen egoerak biziarazi baitiezazkioke. Normalean, daltoniko bat detektatu ohi da gela bakoitzean. Ez du sendabiderik.
Nola lagundu dezakeen optometriak maila pertsonalean eta akademikoan
Ikasteko arazoek haurren autoestimuan −irakurketan galtzen direlako, adibidez edo informazioa behar bezala prozesatzen ez dutelako− eragin izaten dute. Haurra irakurketan eta ikasketan kontzentratu ezin denez, zaila gertatzen zaio berez eman dezakeen guztia ematea eta bere gaitasunak ikusaraztea; horrek eragin zuzena dauka autoestimuan. Egokitze eta fokatze arazoek ikasketetan eragiten dute, eta baita maila pertsonalean ere, ez baitira erraz diagnostikatzen.
Ikusmen gaitasunekin lotutako arazoei aurrea hartzen
Guk detekzioan eta diagnostikoan jartzen dugu indarra, baina faktore askok eragiten dute: pantailen erabilerak, argiztapenak, jarrerak, ergonomiak… Haurraren mugimendu autonomoak zerikusia dauka honetan guztian. Garapen motorrak zerikusi handia du ikusmen trebetasunekin, eta adibide zehatzetara etorrita, letrak egiterakoan, esate baterako, eragina dauka haurra txikitatik bere gaitasunen arabera mugitu izanak. Garapen motor on batek ikusmen egokiarekin eta ikusmenaren garapen egokiarekin zerikusia du. Katuka ibiltzeak, arrastaka ibiltzeak eta mugimendu autonomoaren protokolo osoa betetzeak mesede egiten diote ikusmen gaitasunari. Haur batzuek garapen psikomotorrean zailtasunak badituzte, esku hartu beharko litzateke, baita ikusmen gaitasunen izenean ere. Lehenbailehen ibil daitezen prozesuak aurreratu nahi izateak edo kontrakoak, hau da, ukitzeko eta mugitzeko aukerarik gabe hamakan geldi-geldi gehiegi edukitzeak, ez die mesederik egiten ikusmen gaitasunei. Esperientziak erakutsi digu ez dugula etaparik utzi behar bizi gabe, guztiak bizi behar ditugu.
Optometristaren kontsultan, haurrek dituzten erreflexu primitiboak ere lantzen dira, eta erreflexu horietako askok eragina daukate ikaskuntza prozesuetan. Erreflexu primitiboak ondo integratuta ez badaude, erantzun aberranteak eta heldugabeak ematen dituzte pertsona horiek. Adibidez, oratzeko erreflexuaren kasuan, haurrari eskuetatik heltzen zaio, eta goratu egiten da; oratzeko erreflexua garaiz integratu ez bada, haurrak indar handiz helduko dio arkatzari 6 urterekin. Beste adibide bat: zurrupatzeko erreflexua beharrezkoa da jaiotzean, baina haurrak ez badu zurrupatzeko erreflexua bere garaian integratu —biberoia garaiz kendu ez zaien haurren kasuan, adibidez—, ezpainei hozka egiteko joera izaten dute, eta ahoskatzeko eta bokalizatzeko arazoak izaten dituzte. Horretaz arduratzen dira logopedak. Pureen eta lastotxoen eraginez haurrek murtxikatzen ez ikasteak arazoak sortu ditzake, eta horrek eragina izango du gero hizkuntzan. Beste erreflexu bat Galant erreflexua da, bizkarrezurrekoa; aulkian geldirik egon ezin diren haur askok Galant erreflexua izan dezakete.
Garrantzitsua da ikusmen zorroztasuna, begi mugimenduak, egokitzapena, konbergentzia edota lateralitatea aztertzea, arazo horietako askok hobera egin baitezakete ikusmen terapiarekin entrenatuta. Detekzioa da lehen urratsa, eta gero, beharrezkoa den kasuetan, bideratu egin behar da. Izan ere, haurrak ikasteko tresna egokiak ez baditu, haurrak ezin izango du ikasi. Tresna horiek sortu daitezke, eta entrena eta garatu daitezke. Baina haurrak zailtasun hori duela ez badaki irakasleak, ezin dio lagundu. Normalean informazio faltagatik diagnostikatu gabe geratzen diren haurrak izaten dira.