Ibai, joango al gara mendira bihar? Ez, ezin dut, oso lanpetuta eta urduri nabil. Azterketak ditut laster, ezin dut burutik kendu egin behar dudan lan guztia, eta dena pasatu arte ezin izango naiz etxetik atera.
Goian irakurritako egoera ikasle guztiok bizi izan dugu noizbait. Normaltzat hartzen dugun arren, ikaragarrizko pisua du horrek ikasleongan, eta bada garaia gaiari heldu eta horretaz sakon hitz egiteko.
Hezkuntza sistemaren helburu nagusia pertsonak bizitzarako heztea da, edo horrela izan beharko luke behintzat. Hori horrela, argi dago jendartea hezteko tresna eraginkorrena dela hezkuntza, eta, egungo estatuek logika kapitalista neoliberalaren baitan jarduten dutenez, balio kapitalistak erreproduzitzeko mekanismoek ardazten dute hezkuntza eredua. Horren ondorioz, estatu kapitalistaren balioen baitan hezi, eta sistemaren tresna bilakatzen gaitu hezkuntza sistemak txikitatik. Egungo hezkuntza sistemak, bizitza bizigarriak izango dituzten gaurko eta etorkizuneko herritarrak hezi beharrean, etorkizuneko langile klasea hezten du berari komeni zaizkion moldeen arabera. Horretarako, lan munduan beteko dugun posturako prestatzen gaituzte txikitatik, hainbat eduki barneraraziz, baina, batez ere, sumisioan eta nagusiekiko obedientzian oinarri tzen diren balio batzuk sartuz gure DNAn.
Ezin dugu ahaztu hezkuntza ardazten duten interes horien guztien atzean estatu espainiarra zein frantsesa daudela, mundu mailan nagusi den logika inplementatzen duten estatu egiturak. Bada, gaur egun hezkuntza arautzen duten legeak eta, beraz, curriculumaren zatirik handienak bi estatu horiek erabakitzen dituzte, eta ez Euskal Herriak. Hortaz, bai irakasgaien bidez lantzen dugun edukia eta bai ebaluatzeko modua, gure esku egon beharrean, kanpotik inposatzen zaigun beste elementu bat baino ez dira.
Hizkuntzari dagokionez, zenbait ikaslek euskaraz ikasteko eskubidea dugun arren, badira egun eskubide hori ukatzen zaien ikasleak. Familiaren esfortzuaren bidez urrunera joan behar dutenak euskaraz ikastera, horrek inbertsio ekonomiko handia ekarri arren; edota aukera faltagatik beraien hizkuntzan ikasteari uko egin behar diotenak. Badira, baita ere, euskaraz ikasi arren azterketak frantsesez egitera behartuta dauden ikasleak, eta baxoa horren adibide argia da.
Azterketaz osatutako egutegia
Hezkuntzara eta berori mugitzen duten interesetara itzuliz, argi dago hezkuntzaren helburu nagusia ikasleak heztea dela. Esan bezala, estatuek erabakitzen dute zer balioren baitan hezi ikasleak. Balioak, beraz, sistemaren erreprodukzioari mesede egingo diotenak izango dira. Sistemaren beharrak aseko dituen langileria sumiso eta akritikoa izateko, lanpostura mugatutako jakintzak dituena, besteak beste. Izan ere, ikasle aktibo, kritiko eta ahaldunduak hezteak kolokan jarriko luke sistemaren iraupena.
Balio horiek zein inposatzen diren oinarrizko edukiak barneratu diren edo ez neurtzeko, ebaluazio sistema deritzoguna dugu. Alde batetik, ikastetxean bertan egiten diren azterketa edo probez osatuta dagoena izango genuke, eta bestetik, ikastetxetik kanpo egiten diren probez osatutakoa.
Lehenengoekin hasteko, esan behar dugu normalean hiruhileko bakoitzeko azterketa bat egiten dela irakasgai bakoitzean gutxienez. Proba horren emaitzak irakasgaiko nota adieraziko du, osorik edo neurri batean, eta hiruhileko guztien batezbestekoa egingo da ikasturte bukaeran. Proba horiek ordubetekoak izan ohi dira, eta hiruhileko guztian zehar landutako edukien gaineko galderei erantzuteko gai garela erakutsi behar dugu ikasleok denbora tarte horretan. 0tik 10era bitarteko noten bidez ebaluatu ohi da: 5etik beherako notek gutxiegi atera dela adierazten dute, eta hortik gora jotzen da gainditutzat. Beraz, azterketan gutxiegi ateraz gero, ikaslea ez-gai dela baloratuko da. Ikusten denez, ikasleen arteko bereizketa bultzatzen du ebaluazio eredu horrek, eta noten arabera sailkatuko diren ikasle on eta txarrak sortzen ditu. Ikasteko balio duten eta balio ez duten ikasleak edota lanpostu duin bat izango duten edo prekaritatera kondenatuta dauden ikasleak hezten ditu horrela.
Nota horrek nabarmen eragiten du geure buruaz egiten dugun epai subjektiboan, kategoria batean sartzen zaren unean zure heziketak merezi duen edo ez erabakitzen delako. Nork ez du entzun noizbait irakasleren bat, guri ezer galdetu gabe, gure etorkizunaren gaineko gomendioak ematen? Aipatu behar da, gainera, ikasleoi arlo guztietan haien moldeen arabera onenak izatea eskatzen zaigula, ezertan espezializatzeko aukera eman gabe. Bidea erabakitzen digute, zer ikasi erabakitzen digute, gustuko dugun horretan gehiago garatzeko aukera ukatzen zaigu, eta gainera, onenak izan behar dugu bizitzako une guztietan, gauza guztietan.
Ikasleon bizipenak
Zer dakarkigu hori aurrera atera behar izateak ikasleoi? Lehen lerroetan adierazi dugunez, etxetik atera gabe edo, gutxienez, lasaitasun osoz atera gabe pasatzen ditugu azterketa aurreko asteak ikasleok. Azterketan sartzen den edukia irentsi, eta ahalik eta hobekien memorizatu behar dugu, gero, ordubeteko azterketan, eduki hori bota ahal izateko. Nola ez, zentralitatea hartzen dute ikasleon bizitzetan gerora baliagarriak izango ez zaizkigun azterketek. Izan ere, urduritasunez betetako aste batzuetan ahalik eta eduki gehien xurgatzen saiatzen garen arren, dena ahaztu egiten zaigu azterketa ostean, presioak eta estresak dakarten albo-ondorio bat delako memoria-galerak izatea. Ezin ditugu aipatu gabe utzi azterketaldiek sortzen dituzten ondorio psikosozialak eta horrelakoei aurre egiteko ikasleok ditugun bitarteko eskasak, nahitaez bizi behar dugun egoera bat dela sinetsarazi digutelako. Bizi dugun egoera postpandemiko honetan, egoera hori larriagotu egin da, harremanak etetearen ondorioz aurrez genituen babes-sareak galdu baititugu ikasleok.
Jakina da ikasle guztiok ez garela berdinak. Bakoitzak ikasteko modu bat du, kontzeptuak barneratzeko erraztasun edo zailtasun batzuk, adierazpenerako gaitasun desberdinak… Hori guztia ahaztu, eta aniztasunez beteriko ikasleria ebaluazio sistema berdina aplikatuz sailkatzen dute agintariek. Azpimarratu behar da, berdina izateaz gain, inoren beharrak erdigunean jartzen ez dituen sistema bat dela, eta gure bizkar uzten duela edukiak barneratzeko ardura guztia. Izan ere, egunean zazpi ordu pasatzen ditugu gela barruan, eskolatik kanpo lanak egiten beste horrenbeste, astean hamabi ikasgai... Eta edukiak gure egin eta barneratu beharrean, eskola magistralen bidez landutakoak memorizatu eta jakintzat ematen dituzte.
Ezin dugu ahaztu azterketa egiteko orduan izan ahal dugun urduritasunak zein bestelako baldintzek azterketaren emaitza aldatu dezaketela, edota baita horiei aurre egiteko dugun indarra ere. Bidezkoa al da egun bakar batean egindako proba batek ikasturte osoan barneratu duguna ebaluatzeko funtzioa izatea? Ikasleok zaurgarriak izateko eskubidea dugu, hainbat arrazoirengatik atseden hartzeko eskubidea, besteek baino denbora gehiago behar izateko eskubidea... Baina hori ukatu besterik ez zaigu egiten.
Hori guztia gutxi ez, eta ikasleon arteko lehiakortasuna sustatzen dute proba horiek. Ikasle onen eta txarren arteko bereizketa zein errepikatzaileen eta errepikatzen ez du tenen artekoa adibide batzuk baino ez dira. Horrez gain, gauza jakina da egungo hezkuntza sistemak goia jo duela eta ez dagoela ikasle masa handiak sisteman sartzeko gaitasunik. Eta barruan sartzeko aukera dutenei dagokienez ere, ikusi beharko litzateke zein baldintzatan dauden. Arazo hori dela-eta, ikasle guztiek ezin izango dituzte gogoko ikasketak egin. Lehiakortasuna areagotzen laguntzen du horrek, edukiak barneratzeko erraztasunak dituzten ikasleak saritzen baititu, eta gainerakoak baztertzen.
Azken horrek lotura zuzena du ikastetxetik kanpo egiten diren azterketekin. Estatu espainiar osoan selektibitate izenez ezagutzen den proba, hiru eguneko iraupena duena, egin behar dugu milaka ikaslek, unibertsitatean sartu nahi badugu. Gure etorkizun guztia proba bakar batean jokatzera kondenatzen gaituzte nolabait; izan ere, unibertsitatera joan nahi dugun ikasleok gure artean lehiatu behar dugu, soilik nota onenak dituztenek eskuratuko baitute nahi dituzten ikasketak egiteko aukera. Berriro ere, hiru egunean zehar egiten diren proba hutsalekin neurtzen dira bizi osoko ikasketa prozesuaren emaitzak.
Ipar Euskal Herriko ikasleek ere baxoa egin behar dute etorkizuneko ikasketak egin ahal izateko. Azterketa biak espainiar zein frantziar estatuek inposatutako edukiz lepo egoteaz gain eta, beraz, merkatuaren logika barneratu eta sistemarentzat etorkizuneko herritar sumiso eta obedienteak hezteko helburuarekin diseinatuta egoteaz gain, ikasleok ez dugu Euskal Herri osoan bermerik horiek euskaraz egin ahal izateko.
Argi dago hizkuntzaren auzia estaturik gabeko nazioak zapaltzeko beste mekanismo bat dela; baina ez da bakarra. Selektibitatea eta baxoa ebaluatzeko forma desberdinak dira; lehenengoaren gehieneko nota 14koa da, eta bigarrenarena, berriz, 10ekoa. Eta zer eragin du horrek? Bada, Baionako ikasle batek baxoan 10 atera arren, ezin izango da sartu EHUn 12ko nota eskatzen duten gradu batean. Berriro ere, gure herriaren mugak indartzen dituzte horrela.
Azterketaldi traumatikoek ez gaituzte ikasleok ikasketa prozesuaren erdigunean kokatzen. Ikasleon zaintza guztiz alde batera uzten da. Gure aurretiazko egoera pertsonala zein familiarra dena delakoa izanda ere, presio gogorra jasatera behartzen gaituzte, gure egoera kontuan hartu gabe. Egoera pertsonalak ikasketa baldintzatzen duela errealitatea den arren, azterketen molde antipedagogiko zurrunek ez dute malgutasunerako tokirik uzten. Horrek ikasle kaltetuenen aukerak murrizten ditu, eta mesede egiten dio gutxiengo pribilegiatu bati. Gainera, gure bizkar uzten dute ardura hori guztia, estresa eta presioa kontzentratuz gure gain eta, azterketa garaian, soilik horretan pentsatzeko denbora emanez, ordenagailu eta liburu aurrean orduak eta orduak pasatzera behartuz. Heziketa prozesua urteetan zehar urratu den bide gisa ulertu beharrean, azterketaz beteriko egun zehatz batzuetan ebaluatzen gaituzte. Gainera, esan bezala, esfortzu horrek guztiak ez du zertan islatu geroko emaitzetan.
Beste eredu bat nahi dugu
Horregatik eta gehiagogatik, zaharkituta geratu den hezkuntza eredu baten aurrean gaude, zehazki, azterketaz beteriko eredu baten aurrean. Edukia irentsi eta irentsi egiten dugu, hiruhilekoz hiruhileko azterketen gainean botaka egin arte. Zenbaki huts bihurtzen gaituzte. Izaki konplexuak izatetik azterketetan ateratzen dugun nota izatera pasatzen gara, eta horren ondorioz sortzen den gure gaineko epai batera.
Ikasleok argi eta garbi esaten dugu ez dugula onartzen sistemaren mesedetan antolatutako hezkuntza sistema hau. Sistema neoliberal eta zisheteropatriarkalaren logikari jarraitzen diote hezkuntza sistemak eta haren ebaluazio eredu nazkagarriak. Onena izan behar duzu, besteen gainetik, besteak atzean utzi arte, eta atzean geratzen dena zu bazara, akabo. Norbanako bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuko dituen hezkuntza ereduaren alde egin behar dugu ikasleok. Nola ez, gure ahalduntze bidean ebaluatuko gaituen eta gure bizitzen zaintza bermatzeko erremintak eskainiko dituen eredu baten alde.
Erreprodukziorako makina huts gisa nahi gaituen hezkuntza eraldatzea eta eredu berriak eraikitzea da ikasleon beharrak asetzeko alternatiba bakarra. Horren aurrean, euskal eskola herritar eta burujabea izango da ikasleok aldarrikatuko dugun hezkuntza eredua. Eredu horrek burujabea, nazionala, publikoa eta askatzailea izan behar du.
Ito, isildu, gelditu, beldurtu, koldartu eta bereizi nahi gaituen sistemaren aurrean, ikasleok ez gara geldi geratuko. Aske bizitzea ahalbidetuko digun ikasketa prozesu bat nahi, behar eta merezi dugu. Kritiko izaten irakatsiko digun hezkuntza eredu bat. Ikasleok erdigunean izango gaituena. Edukiak eta ebaluatzeko moduak kontuan izango dituena, eta hemendik bertatik sortua. Guk geuk gure eskubideengatik borrokatu ezean, ez duelako inork egingo. Ez digutelako ezer oparituko, batu borrokara!
Gora ikasleon borroka!