Badakigu ez dela ona, baina hala ere egin egiten dugu. Eta egiten jarraitzen dugu. Errazagoa delako, ohitu egin garelako, guztiek egiten dutelako, korronteak hartara garamatzalako, dena delakoagatik egin egiten dugu. Nahiz eta jakin ez dela ona.

7 urteko alabari oinetakoak lotzen dizkiogunean, edo 8koari igeriketako motxila prestatzen diogunean edo nerabeari ohea egiten diogunean… edo txiki-txikitatik Cola Cao-a eta galletak gosaltzeko ematen dizkiegunean; meriendan poteko zukua jartzen diegunean edo saritzat donutsak ematen dizkiegunean… Finean, azukre gehiegi kontsumitzera ohitzen ditugunean, badakigu jakin ez dela egokia, baina egin egiten dugu. Alde batetik, haurrek gogoko duten horretan gaizki-hezten ditugu, babes, opari, goxotasun-keinu gisa; baina, beste alde batetik, babestu edo goxo zaindu beharko genukeen hori ez dugu halako txeraz zaintzen. Haurtzaroaren erritmoekin egiten dugu hori, esate baterako. Eta haurrei gehiegi eskatzen diegu, dagokiena baino gehiago, azkar hara eta hona, jaiki eta korrika, isilik eta geldi. Gai nagusian ikusi dugu hori: janari lasterreko gizartean bizi gara, baina baita bizitza-erritmo lasterreko gizartean ere. Haurren garapenarekin bat ez doan erritmoan. Azukrea goxoa da, baina badakigu ez dela osasuntsua. Eskolaz kanpoko jarduerak intereresgarriak dira oso, baina mesede egiten al diete haurrei?

Heziketa koherentzia ariketa bat da. Pentsatzen dugunaren eta egiten dugunaren arteko dantza ahalik eta estuena.

Jabetzean dago gakoa, hala esan digute Ane Ablanedok eta Marina Pintosek gai nagusian. Korrontearen gurpiletik atera eta haurrentzat eta gurasoentzat benetan egokiena dena egiteko konturatu egin behar dugu. Eta jabetzeko garrantzitsua da informazioa izatea, gauzen zergatiak eta ondorioak ezagutzea. Eta horretan saiatu gara, beste behin esku artean daukazun HAZI HEZI honetan. Oraingo honetan egunero automatikoki egiten ditugun zenbait gauza zalantzan jartzera datoz gai nagusiko eta elkarrizketa nagusiko adituak, Ablanedo eta Pintosez gain, Jorge Garcia-Dihinx pediatra. Elikadura alde batetik, eta haurrei eskaintzen dizkiegun denborak, beste alde batetik. Baina funtsean gakoa berbera da: osasuna. Ez diezaiegun haurrei eman egokia ez dela jakin badakigun hori; izan elikadura, izan abiadura.

Irentsi ez, dasta dezagun bizitza. 
Eta on dagigula!