2020ko martxoan, COVID19a zela-eta, hilabete batzuk iraungo zuen konfinamendua hasi zen. Ez dugu hemen azaldu behar denok badakiguna. Gogoratu dezagun soilik konfinamenduaren lehen bi asteak pasatu ondoren itxialdiak luze joko zuela konturatu zela gizartea, eta orduan, ikastetxeak eta irakasleak martxan jarri zirela, bakoitza bere moduan eta zituen baliabideak erabilita, hezkuntzaren eginkizunari jarraipena emateko.
Hilabete horietan, ikasle batzuek jada bizi zituzten desabantai lak areagotu egin ziren, eta, aldi berean, desberdinkeria horren kontzientzia azaleratu zen. Hezkuntzaren munduan, konturatu ginen ikasle guztiek ez zituztela baliabide berberak egoerari aurre egiteko eta ikasketak egiten jarraitzeko: familiaren baldintzak, etxebizitzaren ezaugarriak, tresna digitalak, ohiko tresnak… ez ziren berdinak denentzat.
Euskal gizartean, ekimen batzuk jarri ziren abian, eta, besteak beste, udal batzuek esku hartu zuten, hautemandako desabantailak hein batean konpentsatzeko. Testu honetan, horietako batzuen berri eman nahiko genuke, hezkuntzaren munduko eragileoi hausnarketarako parada emango digutelakoan. Izan ere, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko ikerketa-talde batek, Arrakala izenekoak (testu honen egileon taldeak, hain zuzen), hamabi udaletan egindako esku-hartzea aztertu zuen, egitasmoaren eragileei egindako elkarrizketen bidez. Hamabi udal horiek askotarikoak dira: EAEn (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) zein Nafarroan daude, kolore politiko desberdinetakoak dira, koalizioan jardun dute batzuetan (PSE-EE, EAJ, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu) eta tamaina askotakoak dira (1.100 biztanletik 100.000 biztanlera). Kasu guztietan, motibazioa hauxe izan zen: egoera zaurgarrian dauden umeen hezkuntza premiei berehalako eta ezohiko erantzuna ematea. Elkarrizketak 2020ko ekainean eta uztailean egin ziren. Azaroaren 25ean, bestalde, jardunaldi bat egin zen HUHEZIn, artikulu honen izenburua zeukana, udaletako eragileen ahotsa jasotzeko eta esperientzia horiek zabaltzeko.
Labur azalduko ditugu ekimenak. Izan ere, udalen eta irakasle zein familien arteko kolaborazio ildo batzuk partekatzea da testu honen asmoa, eta elkarlan hori posible dela agertzea; edota, udalei begira, premiak sortzen direnean, hezkuntza komunitateak ere propositiboak izan daitezkeela jabetzea.
Udalen esku-hartzeak
Itxialdiak etxean ikastera behartu zituen ikasleak; hori dela eta, zuzkidura teknologikoek hartu zuten protagonismoa udalen interbentzioetan. Alde batetik, gailuei buruz hitz egin behar dugu: udal batzuek tabletak edo ordenagailuak jarri zituzten beharra zuten ikasleen eskura. Bestetik, gailu horien erabilera bermatzeko, konektibitatea eskaini zuten hainbat herritan: SIM txartelak, Interneterako sarbidea, herri batzuetan dagoen zuntza etxeetan baliatzea konexioa izateko…
Etxeetara iristeko moduak askotarikoak izan ziren, bestalde. Herri batzuetan, udal langileek beraiek banatu zituzten etxez etxe ordenagailuak, eta baita erabiltzeko azalpenak eman ere. Beste batzuetan, irakasleen bitartez iritsi ziren tresnok ikasleengana.
Ekimen horietan, hainbat enpresa pribatuk, irabazi asmorik gabeko elkarteek edota kooperatibek lagundu zuten, eta ekarpena egin zuten udalak laguntza eske haiengana hurbildu zirenean: telekomunikazio-enpresa batek (bere zerbitzuak merkatuan baino merkeago eskaini zituen), supermerkatu-kate bateko denda batek (tabletak merkeago saldu zituen), gobernuz kanpoko erakunde batek (tabletak etxeetara eraman zituen)...
Lehenengo urratsa, beraz, ikasten jarraitzeko oztopoak zituzten ikasleak identifikatzea eta premia digitalei erantzutea izan zen. Hortik aurrera, beste premia batzuk hauteman ziren, eta horiei zuzendutako esku-hartzeak bideratu ziren.
Izan ere, hainbat ikaslek eskola errefortzua behar zutela identifikatu zuten herri batzuetan. Eskola errefortzu hori hizkuntzarekin zailtasunak zituzten eta etxean euskararen ezagutzarik ez zuten haur eta gaztetxo batzuei bideratutakoa izan zen gehienetan. Ahalegin sendoago bat behar zela hauteman zuten herrietan, boluntario-sareen bitartez erantzun zitzaien behar akademiko horiei. Kasu batean, udalaren bidez antolatu zen boluntarioen sarea; beste kasu batzuetan, bestelako kolektibo eta erakundeetan aritzen ziren boluntarioen bitartekaritza bideratu zen udaletik (herrietako boluntarioen sareak, Gurutze Gorria...). Herri jakin batean, akademia pribatu bat kontratatu zuen udalak, behar horiei erantzuteko.
Eskolekin batera, jangelak ere itxi ziren martxoan. Horrek eguerdiko otordua bermatzeko zailtasunak ekarri zizkien haur eta gaztetxo batzuei zenbait herritan, eta udal batzuek neurriak hartu zituzten: udal batek dirulaguntza-lerro bat sortu zuen garai horretarako; beste bat Caritasekin eta Elikagai Bankuarekin koordinatuta aritu zen, familiei elikagaiak etxera helarazteko; beste batek ordura arteko kolaborazioari eutsi zion GKE batekin; beste batek Gurutze Gorriaren eta bi supermerkaturen laguntza lortu zuen… Aste batzuk pasatu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren neurriak etorri ziren, eta udaletakoak desaktibatu ziren.
Konfinamendua bera arintzeko proposamen askotarikoak ere izan ziren herrietan, eta gazteei eta haurrei zuzendutako jolas-ekimenak antolatu ziren udalen eta bestelako eragileen artean. Adibidez, herri bateko irratian, magazin berri bat sortu zuten, eta herriko erakunde batzuek hartu zuten parte (liburutegiak, museoak…) argitalpenean, haur eta gazteak entretenitzeko asmoz. Beste batean, bideoak sortu zituzten eskolaren eta hezkuntza ez-formalaren esparruan jolasekintzak bultzatzeko, eskulanak, besteak beste. Beste batean, Pirritx eta Porrotxek herrian zehar ibilbide bat egin zuten, haurrak entretenitu eta alaitzeko.
Esku-hartzeen beste ezaugarri batzuk
Lehen esan bezala, udal bakoitzak bere erara kudeatu zituen ekimenak. Kasu askotan, udala izan zen ikastetxeetara hurbildu zena, ikasleen premiak ezagutzeko. Alderantzizkoa ere gertatu zen, ordea: ikastetxeak izatea udalera jo zutenak laguntza eske. Ikastetxe publikoak izan ziren batez ere, baina baita itunpekoak ere.
Udalen eta eskolen arteko harremana askotarikoa da berez, eta, horregatik, herri bakoitzak modu batean bizi edo garatu zuen elkarlana. Hainbatetan, harreman hori bazen konfinamendu aurretik ere, lankidetza esparru bat eta lan dinamika bat bazelako euren artean (adibidez, herri edo hiri hezitzaileen sareen kasuan). Beste zenbaitetan, harreman puntuala zuten udalek eta ikastetxeek (urtean zehar ekintza jakin batzuk antolatzen zituzten elkarrekin, esaterako). Beste herri batzuetan, azkenik, konfinamenduak abiapuntua jarri zion udalen eta eskolen arteko harremanari, eta aurrerantzean harreman horretan sakontzeko aukera ekarri zuen. Modu batera edo bestera, etxealdiak, harremanari begira, ariketa kontzienteagoa egiteko bidean jarri zituen udalak eta ikastetxeak, eta, elkarrizketa guztietan, harreman hori sendotu egin zela adierazi ziguten udaletako eragileek.
Herri batzuetan, eskolako zuzendaritzaren eta udalen arteko harremana zuzena eta gertukoa izan zen, eta, horren ondorioz, elkarrekin identifikatu eta kudeatu zituzten ikasleen premiak. Baina, hainbat kasutan, norbanakoak izan ziren udalera beren kabuz joan zirenak, udalen laguntza-deialdien iragarpenak ikusita eta bitartekaririk gabe.
Zenbait gogoeta
Elkarrizketetan, eragileek gogoeta asko eskaini zituzten garatutako elkarlanaren inguruan, fokua hainbat alderditan jarrita.
Alde batetik, beste erakunde eta instituzio batzuen esku-hartzea falta zela sumatu zuten. Udalek erantzuna eman zuten, hein batean, hezkuntza administrazioak ez zielako erantzun premia guztiei.
Bestalde, beste herri batzuetan aurrera eramandako esku-hartzeak partekatzeko espazio-falta nabaritu zen, udalez gaindiko espazio batena, non ekimenak, gogoetak eta esku-hartzeak azaldu eta partekatu ahal izango ziren beste batzuk “inspiratzeko”, elkarri laguntzeko, elkarri kontsultatzeko... Udalen arteko sareak izan arren, ez ziren erabili funtzio horrekin. Izan ere, iritzi orokor bat nagusitu zen: udal bakoitzak bururatu zitzaiona egin zuela, intuizioz, besteen berririk izan gabe maiz. Aldi berean, udal batzuek ez zuten ekimenik aurrera eraman, agian otu ez zitzaielako edo ez zituztelako ezagutzen beste leku batzuetan irekitzen ari ziren bideak. Hain zuzen ere, pandemia osteko gogoeta nagusietako bat izan zen udalek hausnarketarako zein haien arteko harremanak sendotzeko beharra zutela informazioa partekatzeko eta kolaborazioa elkarri eskaintzeko.
Borondatea eta interes pertsonal edo alderdikoirik gabeko asmoa izan zen esku-hartze hauen guztien jatorria. Eta ez soilik udalen aldetik; herritarren eta tokian tokiko eragileen arteko konplizitateak ere izan ziren: hainbat herritan elkarteak sortu ziren, eta norbanakoek, boluntario-sare antolatuek, enpresa pribatu eta kooperatibek… kolaborazio-sareak sortu eta askotariko ekimenak jarri zituzten martxan, egoera konplexuotan ekarpen desinteresatu bat egiteko asmoz.
Herriaren tamaina kontuan hartzeko faktorea izan zen. Alde batetik, herri txikia izateak inplikazio hurbilagoa eta biztanleen premiak hobeto ezagutzea dakartza. Eta hala ere, hauteman gabeko egoera batzuk agerian geratu ziren garai horretan. Bestetik, baliabide gehiago daude herri handietan (giza baliabideak, besteak beste, eta baita korporazioan ere), eta neurriak eskaintzeko ahalmen handiagoa.
Ikusi zen, halaber, beharrezkoa zela udal eta ikastetxeen arteko harremana egotea (edo indartzea), egoera zaurgarrian zeuden ikasle zein familiak identifikatzeko eta haur, gazte zein nerabeen hezkuntza-prozesua eten edota oztopatu ez zedin. Hau da, ikastetxeetako geletatik harago zeuden beharren diagnostiko oso bat izatea. Izan ere, hezkuntzaren arloan gertatzen diren desberdinkerien kontzientzia garatu edota areagotu zen, baina ez soilik larrialdi-egoeretan gertatzen diren desberdinkerien kontzientzia.
Udal batzuetan, ekimenak ez ziren ikasturtera soilik mugatu. Hau da, eragileak konturatu ziren desabantaila egoerek udan ere jarraituko zutela, eta errealitate horri begira ere zerbait egin behar zutela. Adibidez, aisialdiko esparruetan jatorduak bermatzeko espazioak sortzeko aukera eman zuten udal batzuek.
Esan dezagun, azkenik, ikusi dela konfinamenduaren garaian udal batzuek bide berriak urratu dituztela eta prest agertu direla laguntza eta kolaborazioa eskaintzeko eta hautemandako hutsuneei erantzuteko, eta ikastetxeekin elkarlanean, desabantailan zeuden ikasleei laguntza eskaintzeko. Beste udal batzuk, berriz, proaktiboagoak izango ziren, agian, beste ingurune batzuetan egiten ari zena ezagutu izan balute edo haien arteko sareak eraginkorragoak izan balira. Dena dela, horrelako esperientziak ezagutzea baliagarria izan daiteke hezkuntza komunitateentzat: premia egoeretan, irakasleak (zuzendaritzak barne, noski) eta familiak izan daitezke udalera hurbiltzen direnak proposamenak egitera edota, zenbait arlotan, kolaborazioa eskatzera. Eta agian ez soilik krisialdietan. Desiragarria da elkarlan hori garai lasaiagoetan ere garatzea.