MAITANE NEREKAN Agora Filosofia Elkarteko lehendakaria | IMANOL ALVAREZ Jakinmin Elkarteko lehendakaria
Ulertuko duzue etxean bezala sentitzen garela Galdeidazue atalean. Galdera da gure lurralde libre bakarra. Baina bidean, momenturen batean, ahaztu genuen jatorrian galderak garela, garatu ditugun pentsamendu eta bizipen modu guztien bitartez erantzuten saiatzen garen galderak. Filosofiaren barnean geure buruari zer eta zergatik galdetzen diogunean, ingurura begiratu besterik ez dugu, zorroa argudioz betetzeko. Etorkizun latza duelako hausnarketarako ohitura eta gaitasuna galtzen ari den gizarte batek. Geuk ez dugu filosofia salbatu behar, filosofiak lagundu gaitzake geure burua salbatzen. Barka iezaguzue hizkera mesianikoa. Baina zer da filosofia? Zein dira haren onurak? Aise azaldu daiteke kontua bidegabekeria historikoei aurre egiteko puri-purian dagoen metafora batekin; hau da, hainbat gairen gainean arreta berezia jartzea ahalbidetzen diguten koloretako betaurrekoen metaforarekin. Filosofiaren betaurrekoek ez dute kolorerik, ordea; graduatuak dira gureak. Gaia edozein delarik ere, arreta, kritikotasuna eta argudiatzea bultzatzen duten antiojoak dira, funtsean. Egunerokoaren zurrunbiloak miope bihurtzen gaituelako guztiok, konspiranoikokeriatan jausi gabe, itsu nahi gaituztenak ahaztu gabe. Artikulu hau idazteko gonbidapenarekin batera, bi galdera ardatz hartzea proposatu ziguten: “Zergatik filosofia?” eta “nola filosofia?”. Sinplea eta oso egokia. Filosofiak hausnarketa-gaitasuna bultzatzeko indarra duelako, beste edozein ikasgaik baino gehiago. Filosofiari eusteko edozein moduk ez du bermatuko, ordea, pentsamendu kritiko eta konplexua garatuko denik. Paralelismoekin jarraituz, pentsamendu dogmatikoaren aurkako botika da gurea. Baina, azken finean, medikuen eskuetan utzi beharreko kontua da zein botika, noiz eta nola hartu. Hain zuzen ere, gure artean ere desadostasunak daudelako, geroago azalduko dugun filosofia ulertzeko modu jakin bat aldarrikatzen dugula aurreratzen dugu. Disidentzia eta argudiatutako elkarrizketarako gaitasuna direlako prebentziorako osasunplanik onena.
Errealitatea datuetan
Espainiako Hezkuntza Ministerioak curriculumari buruz planteatu berri dituen dekretu-proposamenetan nabarmen murrizten dira kritika autonomoaren eta pentsamendu konplexuaren egonkortzeari begira beren-beregi diseinatutako espazioak: Balio Etikoak ikasgaia kenduko dute DBHko 3. mailatik, orduak murriztu Batxilergoko Filosofia eta Filosofiaren Historia ikasgaiei, desagerrarazi DBHko 4. mailako Filosofia hautazkoa, eta kendu Psikologia hautazko ikasgaia Batxilergotik. Aipatzekoa da, halaber, Lehen Hezkuntza osoan, hausnarketa etiko-filosofikora bideratutako espazioa 3. zikloko maila batean soilik gorde dela. Hego Euskal Herriko erkidegoek Espainiako Ministerioak proposatutakoari men egiten badiote, hausnarketa etiko-filosofikoak honako espazio hau izango du, zenbakitan: % 0,55 LHn, % 0,83 DBHn eta % 5 Batxilergoan. Horiek horrela, gobernuak pentsamendu kritiko eta autonomoa bermatuko zuela promestu bazuen ere, horixe da, hain zuzen, egingo ez duena. Hori ari zaigu gertatzen orain, eta, ildo horretatik, artikulu honen bidez ozenki eta aho batez eskatzen diegu Euskal Herriko hezkuntza-administrazioei hausnarketa jorratzearen alde ager daitezela, gizarteak behar-beharrezkoa baitu hori ongi funtzionatzeko. Espainiako curriculum-proposamenek erabat baldintzatzen dute erkidegoen curriculum-diseinua, “minimoen” proposamenak badira ere, nahitaez betetzekoak baitira. Hala ere, badago tarterik eragiteko, eta Agora Elkartean ezinbestekotzat jotzen dugu Filosofia, Balio Etikoak edo Psikologia ikasgaien espazioak duintzea, eta beharrezko denbora eskaintzea pentsamendu konplexua eta hausnarketa autonomoa garatzeko eta egonkortzeko. Horretarako, alde batetik, Lehen Hezkuntza osoan, pentsamendu konplexua garatzeari lekua utzi behar diogu: umeek berezkoa duten hausnarketarako gaitasunari lekua egin, eta oinarri sistematizatua eman behar diogu. Bestetik, Bigarren Hezkuntzan, identitatearen eraikuntzan bete-betean dauden gazteek hausnarketa etiko-filosofikorako espazioa izango dutela bermatu behar da.
Oinarrizko hezkuntzaz ari garela, munduan egoteaz hitz egin behar dugu, egiteaz hitz egin beharrean soilik; hartara, non kokatzen garen eta nola kokatzen garen jakiteko, ezinbestekoa da mundua eta gure burua interpretatzeko tresnak edukitzea. Filosofiak azken bi mila urteak eman ditu unibertsoa eta gizakia interpretatzeko jardunean.
Zertarako filosofia?
Zertarako balio die Filosofiak euskal ikasleei eta euskal gizarteari? Agora Filosofia Elkartean, zuzenean elkarri eragiten dioten eta Filosofiaren defentsa justifikatzen duten hiru faktore ikusten ditugu. Alde batetik, curriculumaren mezuaren eta garapenaren arteko inkoherentzia. Mahai gainean daude konpetentzien araberako proposamen pedagogikoak, eta inor gutxik jartzen du zalantzan salto kualitatibo hori emateko beharra, nahiz eta euskal ikastetxe gehienetan, orain arte, benetako inplementazio errealik ez izan. LOMLOE Espainiako legearen harira aurkeztutako curriculum-proposamenean “konpetentzia pertsonal, sozial eta ikasten ikastekoa” eta “herritartasunerako konpetentzia” dira giltzarri jotzen dituzten zortzi konpetentzietako bi. Horiek garatzeko, ezinbestekoa da Filosofiari lekua egitea; ez hainbeste pentsamenduaren historiatik edo ikuspuntu akademikotik, gizarte zein banako gisa garatzeko ezinbestekoak ditugun galderen, kontzeptuen eta praktika dialektikoen multzo gisa ulertzetik baizik. Esan barik doa, orobat, hain garrantzitsuak diren hizkuntza-konpetentziak garatzeko ere, eginkizun garrantzitsua bete dezaketela Filosofiarekin lotutako ikasgaiek. Curriculumari buruzko azken proposamenek leku handiegia ematen diote ekoiztera bideratutako guztiari. Baina, oinarrizko hezkuntzaz ari garela, munduan egoteaz hitz egin behar dugu, egiteaz hitz egin beharrean soilik; hartara, non kokatzen garen eta nola kokatzen garen jakiteko, ezinbestekoa da mundua eta gure burua interpretatzeko tresnak edukitzea. Filosofiak azken bi mila urteak eman ditu unibertsoa eta gizakia interpretatzeko jardunean. Hezkuntzak (formalak zein ez-formalak) munduan kokatzeko tresnak ematen dizkigunean, formula honetako bigarren faktorera pasako ginateke: euskal gizarte sendo, osasuntsu eta kohesionatua eraikitzeko, elkarbizitza posible egiteko, ezinbestekoa da gu geu munduan ongi kokatuta egotea, egonkor egotea. Mundua ikusteko nire betaurrekoak ongi graduatuak eta garbi badaude, hurbilera zein urrunera begiratu, fundamentuz ikusi ahal izango dut dena, errealitateari buruzko engainuetan erori gabe. XXI. mendean, inoiz baino handiagoa da betaurreko kritikoen beharra, teknologia berriek, gehiegizko informazioak eta interes politiko-ekonomikoek etengabe aldatzen digutelako aurrean duguna. Horren aurrean, datorrena interpretatu eta haren aurrean posizioak hartzeko gaitasunak garatu behar ditugu. Ez dugu ahaztu behar filosofatzearen helburu nagusietako bat bizitza zoriontsua izateko bideak arakatzea dela. Horra hirugarren faktorea (edo lehenengoa, gurpila nondik irakurtzen hasten garen): hezkuntza-tresna sendoak ematen badizkigu, eta gizarte osasuntsua eraikitzeko gai bagara, zoriontsuagoak izango ditugu komunitatea zein banakoak. Inguratzen gaituen errealitatea interpretatzen ez jakiteak ezinegon handia sortzen digu. Beste batzuen interpretazioen araberako bizimodua eramateak arrisku handiak dakartza, guretzat zein ekosistemarentzat. Kritika autonomoaren armak buruan ez baditugu, beste batzuek egindako interpretazio interesatuen arabera biziko gara. Filosofiak babestu egin behar gaitu horren aurrean. Azkenik, filosofiak gozarazteko duen gaitasuna aldarrikatu nahi dugu. Pentsamenduarekin jolastearen plazera, galderen erotismoa, hausnarketa kolektiboen katarsia. Jakintzaren maitasunaz ari gara Filosofiaz ari garenean. Maitemindu ditzagun, beraz, Euskal Herriko ikasleak.
Filosofia nola landu behar den ulertzeko zenbait argibide: zer da elkarrizketa filosofikoa?
Sarreran esan bezala, hau ez da filosofiaren aldarrikapen hutsa. Filosofia ulertu eta egiteko modu bat aldarrikatzen ari gara, elkarrizketa filosofikoa oinarri duena, hain zuzen ere; haurrekin filosofia egitera bultzatzen gaituena, eta, nerabezarotik aurrera, filosofia egitea eta ikastea uztartzea proposatzen duena. Munduan, haur-filosofiaren gaineko askotariko programak daude, baina ezaugarri komun bat dute denek: elkarrizketa filosofikoaren bidez lan egiten dute. Pizgailu ludiko batetik abiatuta —filosofikoki iradokitzailea den pizgailu batetik (artea, literatura, jolasa)—, gaiari buruzko galderak planteatuko ditugu, elkarrizketaren bidez eta modu kooperatiboan hausnarketa eraikitzeko. Maieutikaren ereduari jarraituz, parte-hartzaileak euren ideietan sakontzera bultzatzea da gidariaren eginkizuna, iritzirik eman gabe. Horretarako, arrazoiak, adibideak, kontra-adibideak eta esandakoaren ondorioak eskatzen dizkie ikasleei, besteak beste. Bestalde, elkarrizketa bakarrizketen superposizioa bihurtu ez dadin, irakaslearen ardura da ikasleen parte-hartzeak erlazionatzea eta tresnak ematea, apurka-apurka eurek egin dezaten hori guztia. Helburua argia da: behin elkarrizketarako oinarrizkoa den jarrera bermatuta eta elkar ulertzeko instrumentalak diren balioen garrantzia onartuta (arrazionaltasuna, koherentzia…), bakoitzak gai bati buruzko hausnarketa sakonak egitea, taldean eta modu kooperatiboan. Hori horrela, programa horiek, helburu filosofikoez gain, helburu soziala ere badute, haur-filosofiaren sortzaile Matthew Lipman-ek hasieratik aipatu zuen moduan. Hurrengo bi puntuetan, geure filosofia ulertzeko moduan garrantzitsuak diren hainbat kontzeptu aztertuko ditugu.
Zer da pentsamendu konplexua?
Pentsamendu konplexuaz hitz egin dugu artikuluan, baina zertaz ari gara zehazki kontzeptu hori erabiltzen dugunean? Pentsamendu konplexuak estrukturari eta sakontasunari egiten dio erreferentzia. Hausnarketa sakonak egiteko gaitasunari lotuta dago, eta hausnarketa horiek egituratuta daude. Estrukturari dagokionez, kaleko hizkeran sen on kontzeptu gisa identifikatu dezakegunaz ari gara. Horren zehaztasun ezak kontzeptualki harrapaezina den ideia dela ematen du aditzera, baina uste dugu pentsamendu egituratua pentsamendu-abilezien bidez uler daitekeela. Are gehiago, gure ustez, pentsamendu-abilezia horiek lantzeak pentsatzeko gaitasuna handitzen du. Esan beharra dago, bestalde, pentsamendu-abilezia horiek ugariak eta askotarikoak direla, eta sarritan “kontrakotzat” jo ditzakegula. Horregatik, hain zuzen ere, horien guztien lanketak soilik ekarriko du pentsamendu orekatu eta integrala. Baina zein dira pentsamendu konplexuaren disekzio hori osatzen duten pentsamendu-abileziak? Kataluniako haur-filosofiaren testuinguruan, Irene de Puig eta Angelica Sátiro adituek Noria programan sortutako sailkapena hartu dugu abiapuntutzat. Bost multzo handitan sailkatzen dira: hautemateabileziak (behatzea, arretaz entzutea…), ikerketa-abileziak (hipotesiak egitea, irudikatzea, aukeren artean hautatzea, irtenbideak bilatzea…), kontzeptualizazio-abileziak (definitzea, adibideak eta kontra-adibideak ematea, alderatzea eta kontrastatzea…), arrazoinamendu-abileziak (arrazoiak bilatzea eta ematea, irizpideak ezartzea, kausak eta efektuak erlazionatzea, parteak eta osotasuna erlazionatzea…) eta itzulpen-abileziak (inprobisatzea, laburbiltzea…). Jarrerekin eta balio etikoekin egin duten sailkapena ere oso interesgarria da. Zuzen pentsatzeak faktore etikoa barnean hartzen duela argudiatzen dute, eta bat gatoz ideia horrekin; baina dena ezin azal dezakegu lerro hauetan. Iturrietara joz gero, errazago uler daiteke proposamena, gure iritziz. Baina erraz ulertzen da gorago aipaturiko pentsamendu-gaitasunak dituen pertsonak hausnarketa sakon eta egituratuak egiteko gaitasuna duela behintzat.
XXI. mendean, inoiz baino handiagoa da betaurreko kritikoen beharra, teknologia berriek, gehiegizko informazioak eta interes politiko-ekonomikoek etengabe aldatzen digutelako aurrean duguna.
Zer da pentsamendu kritiko eta autonomoa?
Lerrootan, askotan erabili ditugu pentsamendu kritiko eta pentsamendu autonomo kontzeptuak. Baina zer esan nahi dugu horiekin? Pentsamendu kritikoa pentsamendu dogmatikoaren etsaia da, eta edozein ideia zalantzaren bahetik igarotzea eskatzen du. Geuk sortua izan zein beste batek edo batzuek aurkeztua, beti egin behar dugu edozein ideia zalantzan jartzeko ariketa, eta hauxe galdetu behar diogu geure buruari: “Eta aurrean dudan horrek arrazoia balu?”. Ondoren, geure arrazoinamenduen jatorrietan sakondu behar dugu: “Zergatik pentsatzen dut pentsatzen dudana?”, “nondik dator nire ideia hau?”, “zein dira nire argudioak ideia horri eusteko?”. Metakognizio-ariketa horrek autonomia ematen digu, talde gisa edo banako gisa, gure bizitza gidatzen duten printzipio etiko-politikoak sendoago egiten baititu. Pentsamendu filosofikoa pentsamendu kontzientea da: zer eta zergatik pentsatzen dudanaz jabetzea. Horrez gain, pentsamendu kritikoari eta autonomoari beste bi ezaugarri gehituko dizkiogu: sortzailea eta arretatsua da. Ideietan sakontzen dugunean, saiatu behar dugu sormen- -ariketa egiten. Edozein pentsamendu zalantzaren aurrean jarrita, sormen- -ariketa egiten dugu, ideia berriak edo ideien arteko lotura berriak egiten ditugun heinean. Horrez gain, ezinbesteko jotzen dugu zaintza ere praktika filosofikoan sartzea, eta horregatik aipatzen dugu pentsamendu arretatsua. Gure ideien ondorioak aurreikustea garrantzitsua da, hau da, aurreikusi behar dugu zelan eragingo dieten ideiok parean eta inguruan ditugunei. Ariketa kontziente hori eginda, geure ingurukoen zaintzan sakontzen ari gara, eta geure ideiak sendotzen, haien eraginaren norainokoa aurreikusi dugu-eta.