Benetako arazoa da sistemak huts egiten duela, ereduen bidezko sistema agortuta dagoela eta A ereduak ez dituela ikasleak euskalduntzen.
Benetako arazoa da sistemak huts egiten duela, ereduen bidezko sistema agortuta dagoela eta A ereduak ez dituela ikasleak euskalduntzen.
Urtero eskatzen dituzte ikasleek selektibitatean ateratako noten berrikuspenak. Aurten, ordea, hautsak harrotu ditu ikasle kopuru handi batek Euskara eta Literatura II azterketan zero atera izanak. Eskuak burura eraman dituzte askok eta gertatutakoa A ereduko itunpeko ikastetxeen aurkako erasotzat hartu dute. Bilboko eta inguruko A ereduko bost ikastetxetako hainbat ikaslek nota baxuak atera dituztela salatu ostean piztu zen polemika. Guztira 168 zero izan dira eta horietako 76 Bilboko eta inguruko A ereduko itunpeko ikastetxeetan jaso dituzte. Zuzentzaileen 11. tribunalak jarri zituen nota horiek eta berrikuspena egin ondoren 76tik 11ra jaitsi da zero kopurua. Ideia horixe azpimarratu dute komunikabide ugarik: zeroen jaitsiera. Ez dute titularrera eraman, ordea, zeroak gutxi igo direla eta kasurik onenetan nota 2ra igo dela. Polemika guztiaren erdian Hezkuntza Sailak argitasuna eta bermeak eskatu dizkio EHUri eta azterketak zuzentzearen ardura hari dagokiola adierazi du eta Hezkuntza Sailak jarraipen instituzionala egiten duela. EHUk, berriz, probak antolatzeko batzorde mistoan Hezkuntza Saileko ordezkariak daudela esan du eta sistemak berme guztiak dituela adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak.
Zeroen dantzak eta inguruan sortu den zurrunbiloak, ordea, ez digu arazoaren muina ikusten uzten. Argi esan behar da: ez dago A ereduko itunpeko ikastetxeen aurkako konjuraziorik eta garbi gera bedi, bide batez, zuzentzaileek ez dakitela zein ikastetxetako azterketak zuzentzen dituzten. Benetako arazoa da sistemak huts egiten duela, ereduen bidezko sistema agortuta dagoela eta A ereduak ez dituela ikasleak euskalduntzen. Ikasleek 16 urterekin euskarazko B2 maila eskuratu behar dute, eta hortik aurrera beste 2 urte dituzte hizkuntza lantzen eta ikasten jarraitzeko. Beraz, unibertsitatera sartzeko proba egiten dutenean ondoren h-rik gabe idazten dela eta osasuna hitzak bi s dituela bezainbeste jakin beharko lukete.
Ardura ez da zuzentzaileena, baina polemikaren erdigunean euskara dagoenez, hamaika azalpen eman behar izan dituzte. Eta arazoa ez dira zeroak, arazoa euskara da. Menderatutako hizkuntza menderatzaile gisa aurkeztu nahi izan dute beste behin ere. Aski da esateko ordua da; euskaldunok ez gara ezer inposatzen ari. Zail bihurtzen dute, baina oso sinplea da oinarrian dagoena: euskaraz bizi nahi dugu. Besterik ez.