Datorren astean bost azterketa ditut. Eskerrak asteak ez dituen hamar egun! Lehenengo azterketa Gaztelerakoa da eta bertan Antzinako Greziako kultura ikasten ari gara: Medea, Edipo eta Lisistrataren istorioak eta El cantar del Mio Cid, Erdi Aroko olerkia, besteak beste. Antzinako Greziako kultura interesgarria izan daiteke batzuentzat, baina ez diot loturarik ikusten gure herriko gertakariekin, eta gainera, askori aspergarria egiten zaigu. Gauza bera gertatzen zaigu El cantar del Mio Cid-ekin, Gonzalo de Berceorekin eta Juan Ruiz Arcipreste de Hitarekin eta bere El libro del buen amor-ekin. Agian unibertsitatean Greziako Antzinako Kultura edo Filologia Hispanikoa ikasi nahi dutenentzat interesgarria eta baliagarria da, baina DBH3koontzat? Zer ekarpen egiten digu? Seguraski ekarpenik badu, noski, baina gure errealitatearekin loturarik eskaintzen ez badigute, zaila konektatzea. Bigarren azterketa Fisika eta Kimikakoa dugu, eta presioa, bolumena, teoria zinetiko molekularra eta abar ikasten ari gara. Kontzeptu horiek oso gutxi erabiliko ditugu bizitzan. Hirugarren azterketa Social Science-koa dugu. Bertan, gaurkotasuna duten gaiak ematen ari gara eta hori egokia dela uste dut. Adibidez, enpresa edo konpainia batek ingurumenarekin sostengarria izateko zer baldintza bete behar dituen ari gara ikasten. Hori baliagarria da gaur egunerako eta etorkizunerako. Baina, horrez gain, kritikoak izan behar baldin badugu, zera erakutsi beharko ligukete: ea gaur egun enpresek baldintza horiek betetzen dituzten edo ez, eta betetzen ez dituzten kasuetan ea gobernuek neurriak hartzen dituzten. Laugarren azterketa Matematikakoa da, berreketekin zerikusia du, berreketen arteko eragiketak eta idazketa zientifikoa berreketekin. Nik uste dut ez ditugula behar berreketen arteko kalkuluak, izan ere, bizitzan oso gutxitan egin beharko ditugu eta noizbait behartuta ikusten bagara, kalkulagailuan egin ditzakegu. Nik ez ditut inoiz ikusi nire gurasoak berreketak erabiltzen erosketak egiterakoan, etxean zerbait konpontzerakoan edo bankuko diru-mugimenduak egiterakoan. Orduan, Matematikari eskaintzen diogun denbora eta egiten ditugun ariketak gehiegizkoak iruditzen zaizkit eta hobe genuke aulkietatik altxa eta gorputza mugitzeko jarduerak egitea; are gehiago “nerabeen egoera fisikoa, emozionala eta harremanak zaintzea garrantzitsua dela” diotenean adituek. Ikasketei buruz galdetuz gero, hau esan ohi dugu: aspergarriak direla, gure bizitzarekin lotura gutxi ikusten diegula, azterketarako bakarrik ikasten dugula, handik bi astetara ahaztu egiten zaigula… Orduan, irakasleok, zer eta nola egin dezakezue derrigorrezko ikasketak interesgarriak, baliagarriak eta zentzuzkoak izateko?