Ikasturte berriari ekin berri diote Euskal Herriko haur-eskola eta eskoletan, eta aldaketa sakoneko garaia da zenbait familiatan: euren seme-alabak lehen aldiz oraindik ezezagunak zaizkien hezitzaileen esku utziko dituzte, umeentzat berria den espazio batean. Gurasoen eta haurraren arteko banaketa-prozesuaren ordua da.

Erditzean, jaiotzean eten ohi da umea eta ama batzen dituen zilborrestea, baina luzaroan hor darrai umearen eta gurasoen artean maitasunez eta atxikimenduaz ehundutako bestelako soka ikusezinak, Laboak gogoaren zilborrestea deitu zuen hark. Eta, soka hori ere, ezinbestean eten beharrekoa da, umea bere bidean garatuko bada. Xabier Tapia psikologoak HAZI HEZIren 10. zenbakian adierazi bezala, “nola prozesu fisikoan, hala psikologikoan, autonomia helburu duen haurraren garapenean, etena gertatu behar da ezinbestean. Auzia zera da, eten hori nola egin”. Nola eten horren baitan, egokitzapen-fasearen garrantzia handia dela uste du psikologoak, hau da, eten hori gradualki eta haurraren beharrak eta erritmoak errespetatuz egitearena. Hori izan dute kontuan azken urteetan eskola eta haur-eskoletako profesionalek ere, hori dela eta jarri dira indarrean egokitzapen-fase deiturikoak. Izan ere, inportantea da bai gurasoek bai profesionalek behar duen garrantzia eman eta denbora eskaintzea banaketa-prozesu horri. “Egokitzapena banaketa horrek umeari eragiten dion larritasunari aurre egiteko modu bat da”, dio Tapiak.

Baztango Haur Eskolan, kasu, garrantzia berezia ematen diote banaketak eskatzen duen prozesuari lekua egin eta denbora eskaintzeari. Abuztuan hasten da eskolan haurren harrera-garaia deitzen dutena. Lehen 3 egunetan, haurrak eta gurasoak edo konfiantzazko heldua ordubetez elkarrekin egoten dira ikasgelan, hezitzaile izango dituztenekin eta beraien taldeko haur batzuekin. Izan ere, harrera-aldi honetako lehen egunetan, taldetxotan banatzen dituzte haurrak. Ondoren, laugarren egunean, haurrak ordubetez hezitzaileekin bakarrik, konfiantzazko heldu hori gabe gelditzen dira ikasgelan. Pixkanaka-pixkanaka, haur bakoi-tzaren garapenaren arabera, egunez egun luzatzen doaz haurrak ikasgelan ematen duen denbora; batzuk astebeteren buruan prest daude arratsalde arte gelditzeko, baina badira hilabete edo gehiago behar dutenak ere. Eta “beharrezkoa da haur bakoitzaren erritmoa errespetatzea, prozesu zaila baita”, Idoia Etxenikeren esanetan. 2-3 urtekoen ikasgelako bi hezitzaileetako bat da bera, eta 1-2 urteko ikasgelan du, gainera, bere semea; harrera-garaiaren bi ikuspegi ditu, beraz.

Gurasoek ere banaketa-prozesu horren nondik norakoak uler ditzaten, eta korapilatsua izan daitekeen prozesu horren kontzientzia har dezaten, hezitzaileek bilera egiten dute banan bana haur eskolan hastear diren haur berrien gurasoekin. “Sarri gurasoek sinesten dute haur-eskolen lanean eta badakite komenigarria dela, baina aunitzentzat bereizi diren lehen unea izan da, eta oso urduri etortzen dira”. Gurasoek, bilera horietan, beraien kezka eta zalantzak argitzeko aukera izaten dute, eta, era berean, Etxenike prozesuaren aurrean lasaitzen saia-tzen da: “Esaten diegu poliki-poliki denon artean pasatuko dugun une zaila izango dela, umeak beraiekiko duen atxikimendua negarraren edo haserrearen bidez adieraziko duela, etxeko portaeran ere eragina izan dezakeela... Eta zenbaitetan luzea ere izan daitekeela”. Horregatik, haurraren erritmoa errespetatzeko eskatzen diete, eta disponibilitatea izateko harrera-garai hori luzatu behar bada ere. Izan ere, gizarteak, sistemak, bizkor mugiarazten du gure errutinen gurpila, eta lan-munduak markatutako erritmoen mende, zenbaitetan gurasoek presa izaten dute egoki-tzapen-fasea lehenbailehen buka-tzeko, umea haur eskolan egun osoz utzi ahal izatean euren lanaldietara itzultzeko. Lana eta zaintza kontziliatzea, gaur egun, oraindik kimera bat besterik ez da askorentzat.


Normalena negar egitea da, atxikimendu-fasearen ezaugarria da
 

Idoia Etxenike


Negarra, kezka-iturri
Haurrak, berarentzat zaila den bereizketa-une horretan negarra du bere emozioak adierazteko bide, eta, hain zuen, negarrarekin lotuak izaten dira gurasoen kezka nagusiak. ‘Negarrez egon al da joan naizenetik?’, horixe gehien errepikatzen den galdera umearen bila itzultzean. Etxenike berak ere horrekin loturiko urduritasuna sentitu du ikasturte hasieran: “Ondoko gelan, 1-2 urtekoenean dago semea, eta banekien lehen egunetan oso gogorra egingo zitzaidala bere negarra entzun behar izatea”. Baina, era berean, negarra prozesuaren ezinbesteko osagai dela uste du: “Normalena da negar egitea, atxikimendu fase horren ezaugarri bat da, utzi dutelako sentitzen duen haserre hori kanpora-tzeko modua”.

Haurrentzat ez baita une erraza. Ezezagunak diren helduen esku gelditzen dira, espazio berri batean, zeinetan ume asko duten inguruan, eta ezin duten izan ordu arte etxean jasotako arreta erabat pertsonalizatua. Leire Arnalek abuztuan hasi du haur-eskolan 2 urteko alaba Eider, eta hala dio: “Eiderrentzat aldaketa handia ari da izaten. Orain arte biok egon gara etxean lasai-lasai eta orain uzten dut gela batean beste 33 haurrekin, badago buila, jende asko da leku itxi batean… eta bera ez dago ohituta. Irakasleak ere ez ditu ezagutzen. Aldaketa aunitz dira eta poliki-poliki ari da horietara egiten”. Gainera, negarrez gelditu ohi da Eider, nahiz eta ama joan ondoren normalean berehala lasaitzen den, eta “abandono sentimendu handiarekin” borrokan dabil Arnal: “Baina badakit prozesu bat dela, eta pixkanaka ohituko dela”.

Gainera, Eider egiten ari den egoki-tzapena izan ohi da “zailena”, Etxenikeren hitzetan. Hau da, 2-3 urtekoen gelan hasten diren haurrena, “kontziente direlako etxekoak joan egin direla, gurekin, ezezagun batzuekin gelditu behar dutelako arrotza zaien leku batean...” Dena dela, bizpahiru egunen bueltan hezitzaileekin ere atxikimendua sortzen hasten dira haurrak. Bestalde, bai Etxenike bai titikoen gelako hezitzaile Garbiñe Garate bat datoz esaten titiko umeen egokitzapena izaten dela, nolabait, errazena, “ez direlako ohartzen”.

Garatek aurten 5 ume ditu bere kargu titikoen gelan, eta harrera-garaia “oso lasaia, oso goxoa” izan da beraien kasuan. Hemen ere lehen 3 egunetan gurasoak ikasgelan egon ziren haurrekin eta ondorengo egunetan bakarrik gelditu dira haurrak Garaterekin, egunetik egunera tartetxo bat gehiago, “haurraren arabera, beraiek markatu baitute erritmoa”. Gurasoek haur-eskolan pasatutako egun horiek gako izan dira, Garateren ustez, lasaitzeko, nola zaintzen dituzten, ze baliabide dituzten, zer goxotasun sortzen den ikusteko aukera izan baitute; baita “beraien artean ezagutzeko, solasteko, kezkak partekatzeko ere”.


Kontziliazioa ez da existitzen, eta haur-eskolarena iruditzen zaigu haurraren zaintzan laguntzeko biderik aproposena
 

June Murua


Dena dela, titikoen gelan ere, gurasoentzat ez da erraza banaketa-prozesua. 8 hilabeterekin, titikoen gelan hasi ziren haur-eskolan Izan eta Heyoan, Nova Lopezen 19 hilabeteko seme-bikiak, eta “oso gogorra” egin zitzaion. June Muruak ere 10 hilabetez etxean bere zaintzapean izan ondoren hasi zuen haur-eskolan Xabat semea, eta oroitzapen txarra du lehen urte hartako harrera-garaiaz: “Planteatzera iritsi nintzen eszedentzia bat hartzea ere”. Izan ere, Xabatek hiru hilabete behar izan zituen, Gabonak inguru arte, egun osoa haur-eskolan gelditzeko. Muruak lanaldi murriztua hartu eta amatxiren laguntza behar izan zuten. Dena dela, bai Lopezentzat bai Muruarentzat, errazagoa izaten ari da bigarren urte hau. “Nahiz eta hasieran negar egin badakigu gero ondo egongo direla. Gero bila etortzen garenean ez dute joan nahi izaten! Hezitzaileak bikainak dira, goxotasunez eta maitasunez hartzen dituzte umeak, eta etxean uzten ditudala sentitzen dut”, dio Lopezek.

Txini Olondrizek, Izaskun Danborineak eta Patricia Leizak hirugarren urtez ekarri dituzte haur-eskolara Ekhi, Mikel eta Afrika semea-alabak; horiek ere titikoen gelan hasi ziren haur-eskolan. Hirugarren urte honetan, arazorik gabe egin dute harrera-prozesua hiru familiek, umeek jada espazioa, hezitzaileak eta gainerako umeak ezagutzen dituztelako. Leizaren esanetan, “aurten haurra kontent etortzen da, eta ni harrituta, aurreko bi urteetan kostatu baitzi-tzaion”. Danborinearen eta Mikelen kasuan, aldiz, hasieratik izan da erraza haur-eskolara egokitzeko eta elkarrengandik banatzeko prozesua. Olondrizek, ordea, aitortzen du lehen urtean ez ziotela behar besteko garrantzirik eman harrera-aldi honi; gurasoak lanean zirela-eta, aitatxi-amatxiekin hasi zen haur-eskolara etortzen Ekhi, eta “hiru hilabete-edo behar izan zituen fundamentuz egokitzeko. Bigarren urterako ikasi genuen lezioa eta amarekin etorri zen, eta aise hobe”. Gauzak horrela, guztiek eskertzen dute banaketa-prozesua pixkanaka eta haurraren erritmoa errespetatuz egiteko Baztango haur-eskolak ematen dien aukera.

Haur-eskola, hobetsitako aukera
Guraso hauen guztien kasuan, hautua izan da haurra haur-eskolara ekartzea, erretiroa hartutako aitona-amonak umeen kargu egiteko prest agertu arren. Muruak dioen moduan, “nahiz eta lanaldi murriztua hartzeko aukera izan dudan, kontziliazioa ezinezkoa da, ez da existitzen, eta haur eskolarena iruditu zitzaigun haurraren zaintzan laguntzeko biderik aproposena”. Bat dator Olondriz ere: “Etxean ezin diogu, aitona-amonek ezin diote hemen bezalako arreta eskaini, eta Ekhi ezin da berdin sozializatu”. Danborinearen ustez ere “ez dute berdin ikasten haur-eskolan edo etxean”.

Dena dela, ratioen gaia kezka-iturri da gurasoen artean. Gehiegizkoa deritzote 2-3 urteko gelan hezitzaile bakoitzeko 18 ume egoteari, hala dio Muruak: “Aurten sartu dira 2 berri, eta horiek goxotasunez hartu behar dituzte, denbora eskaini… Horiekin daude bi hezitzaileak, eta ez dute besteei hainbeste arreta eskaintzeko aukerarik”. Arnalek dioen moduan, “umeetako bati xatarra aldatu behar zaion bakoitzean, hezitzaileetako bat 33 umerekin gelditzen da!”.

Arazoak arazo, Etxenike hezitzailea ere bat dator gurasoekin haur-eskola hautu egokia dela esatean: “Haur-eskolan ikasten dute aunitz konpartitzen, bertzeekin jostatzen, irekitzen…” Bestalde, uste du besteak behatuz haurrek aurrerapauso handiak egiten dituztela. Adibidez, jangelan besteak behatuz zatika jaten edo bakarrik jaten ikasten dute; eta, batzuk xatarrik gabe ibiltzen direla ikustean, komunera joaten ikasteko jakin-mina pizten zaie besteei: “Bertze haurren erritmoan asko ikasten dute”. Eta hori da Etxenikerentzat garrantzitsuena: “Sinesten dugu gure lanean eta ikusten da onuragarria dela gerora begira ere”.
 


Abandono sentimendua dut, baina badakit prozesu bat dela eta pixkanaka ohituko dela aldaketara


Leire Arnal