Euskara zinema aretoetara izeneko egitasmoa bultzatzen du Tinko Euskara Elkarteak.
Euskara zinema aretoetara izeneko egitasmoa bultzatzen du Tinko Euskara Elkarteak. Horren bidez, Hego Euskal Herriko ikastetxeei hainbat film euskaraz ikusteko eta horiek material didaktikoen bidez lantzeko aukera eskaintzen diete.
Hogeita hamar urtetik gora dira Tinko Euskara Elkartea sortu zela eta euskara zinema aretoetara eramatea eta gure hizkuntzaren normalkuntza sustatzea izan dute helburu nagusi hasieratik. Bide horretan eta ikastetxeekin elkarlanean, 3 eta 16 urte bitarteko ikasleentzako euskarazko filmen eskaintza egiten dute urtero.
Ikasturte hasierarako prest izaten dute filmen eskaintza. HHtik DBHra bitarteko ikasleentzako filmak hautatzen dituzte eta aurten zortzi jarri dituzte aukeran: bi HHko ikasleentzat, bi LHko 1. ziklokoentzat, bi LHko 2. ziklokoentzat eta, azkenik, beste bi film DBHko ikasleentzat.
Sortu zirenetik bi milioi haurrek baino gehiagok ikusi dute pantaila handian Tinkok eskainitako filmen bat. EAEko 300 ikastetxek eta 44 udalerrik hartzen dute parte urtero Euskara zinema aretoetara izeneko egitasmoan. Nafarroan, berriz, 35 ikastetxek eta 23 udalerrik hartzen dute parte Zinema euskaraz proiektuan. Proiektu bera izan arren, izen desberdina hartzen du batean zein bestean.
Euskarazko zinemaren eskaintza urria
Euskarazko zinemaren eskaintza oso urria da: urtero estreinatzen diren 700 film ingurutik, 12-15 bitartean izaten dira soilik euskaraz. Horregatik da oso garrantzitsua ekimena Iñigo Arandia, Tinko Euskara Elkarteko koordinatzailearen esanetan: “Euskarazko filmek presentzia urria dute karteldegian eta euskaraz dagoen apurra, umeei zuzendutakoa da, batez ere”. Zinema aretoetan eskaintzen diren filmen % 2ra ez dira iristen euskaraz eskaintzen direnak.
Kasu askotan euskarazko zinemarekin lehen harremana egitasmo honen bidez izaten dute Haur Hezkuntzako haurrek. Eta, maiz, haurrentzat zinema ikusteko aukera bakanetakoa izaten da, etxeko hizkuntza ohiturengatik edo egoera ekonomikoa dela eta, ez baitago familia guztien esku haurrekin zinema areto batera joatea. “Guretzat garrantzitsua da etxetik euskararik ez dakartenek eta baliabide urriak dituzten familietako haurrek euskarazko zinemarako sarbidea izatea”, adierazi du Arandiak.
Ildo beretik mintzatu da Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz ekimeneko bozeramalea: “Oso garrantzitsua da haurrek zinema ere euskararen eremu gisa identifikatzea eta zinemako euskarazko pertsonaiak haien erreferentzia bilakatzea, horrek, gerora, aisialdian eta euskararen erabileran eragin zuzena izango duelako”. Kezka ere agertu du Aginagaldek: “Zinema inguru ezezaguna da euskararentzat eta zinemaren eta aisialdiaren zatirik handiena erdaraz izateak eragin zuzena du hizkuntza ohituretan”.
Guretzat garrantzitsua da etxetik euskararik ez dakartenek eta baliabide urriak dituzten familietako haurrek euskarazko zinemarako sarbidea izatea
Iñigo Arandia, Tinko euskara elkarteko koordinatzailea
Viana eta Bilbo
Euskarak ez du presentzia handirik Vianan eta Erentzun ikastolak urteak damaratza Zinema euskaraz egitasmoan parte hartzen. Maite Santidrian bertako irakasleak ekarpen handia egiten duela azaldu du: “Vianan eskaintza urria da euskarari dagokionez, eta eduki kulturala eta kalitatezko ikus-
entzunezkoak euskaraz jasotzeko aukera izatea garrantzitsua da ikasleentzat. Modu horretan, erreferentzia berriak eskuratzen dituzte”.
Ikasleak ikastolatik ateratzen dira filma areto batean ikustera joateko eta hori ere asko gustatzen zaiela dio Santidrianek. Beraz, euskara ikastolatik herrira ateratzeko modua ere bada Vianan, ikasleek euskara ikasketekin ez ezik, ekintza ludikoekin eta aisialdiarekin ere lotu dezaten.
Bilboko Unamuno institutuak ere egitasmoan parte hartzen du. Ikasleei onura eragiten diela dio Patxo Larrinoa, bertako irakasleak: “Gure ikasleak ingurune oso erdaldunean bizi dira eta ikastetxetik kanpo haietako gutxik dute harremanik euskararekin. Ikasle gehienek, gainera, ez dute zinemara joateko ohiturarik, batetik ikus-
entzunezko edukiak kontsumitzeko beste bitarteko batzuk erabiltzen dituztelako eta, bestetik, familia asko maila sozio-ekonomiko apalekoak direlako”. Euskara zinema aretoetara ekimenari esker, euskaraz gozatzeko aukera izaten dute.
Euskara eta balioak
Filma ikusi ondoren, ikastetxeek hori lantzeko aukera izaten dute Tinkok banatzen dituen material didaktikoei esker. Hainbat balio lantzeari garrantzia ematen diote eta filmak aukeratzerakoan berdintasuna, kulturartekotasuna, osasuna, gazteria, aniztasun funtzionalak, feminismoa edota ekologia bezalako gaiak kontuan hartzen dituzte, eta ondoren eurek sortutako material didaktikoen laguntzaz lantzen dituzte. Haien balioekin bat ez datorren eszenaren bat dagoenean, azpimarra horretan jartzen saiatzen dira: “Topatu izan ditugu gaur egun erabat arkaikoak diren eszenak, batzuk adibidez, genero berdintasunaren kontrakoak. Horiek material didaktikoaren bidez lantzen ditugu”, azaldu du Arandiak. Haur Hezkuntzarako jolasteko materialak prestatzen dituzte: zirriborroak egiteko, puntuak biltzeko, marrazteko, pertsonaien irudiekin jolasteko… Eta hortik aurrera, adinaren araberako material didaktikoa prestatzen dute. Irakaslearentzako fitxa ere txertatzen dute, irakasleei material hori nola landu behar duten azaltzeko. Material horiek beste enpresa batzuekin elkarlanean sortzen dituzte, curriculumarekin lotura izan dezaten zainduz. Larrinoak garrantzi berezia ematen dio filmek ondoren landu daitezkeen gaiak jorratzeari: “Euskarazko eduki on bat eskaintzea, ondoren gelan landu daitekeena, solasaldirako eta eztabaida serioetarako aukera ematen duena… hori oso garrantzitsua da”.
Filmak aukeratzeko jarraitzen dituzten irizpide nagusiak hauek dira, beraz: euskaraz izatea eta balio batzuk lantzeko baliagarriak izatea. Euskaraz izateak ikaragarri murrizten du aukera, eta garai batean ez bezala, orain Tinkok ez du eurek nahi dituzten filmak bikoizteko aukerarik: “Lehen filmak bikoizteko diru-laguntzak jasotzen genituen eta guk nahi genituen filmen lizentziak erosten genituen, hainbat urterako, eta film zoragarriak eskaintzen genituen. 2013an, ordea, Zineuskadi elkartea sortu zuten eta hark hartu zuen filmak euskarara bikoitzeko ardura. Urtero 10 eta 12 film bitartean bikoizten dituzte eta guk hortik gehi bertako ekoizpenetatik aukeratu behar dugu. Arrantza egiteko dugun putzua mugatua da”.
Vianan eskaintza urria da euskarari dagokionez, eta eduki kulturala eta kalitatezko ikus-entzunezkoak euskaraz jasotzeko aukera izatea garrantzitsua da ikasleentzat
Maite Santidrian, Vianako Erentzun ikastolako irakaslea
Film gehienak zine aretoetan eskaintzen badituzte ere, pandemiaz geroztik, online eskaintza ere badute. Nafarroako herri txiki batzuen kasuan, esaterako, oso garesti ateratzen baita aretoa duen herri batera autobusez joatea.
Parte hartzaileek zein Tinkok egitasmoari buruzko balorazio oso ona egiten dute eta 30 urtetik gorako ibilbidean egonkortu egin direla eta jada errotuta daudela dio Arandiak: “Ikasle kopurua beherantz egiten ari bada ere, guk kopuru bertsuekin jarraitzen dugu”. Hori seinale ona dela dio, eta etorkizunera begira duten erronka nagusia filmak eskaintzeko garaian ahalik eta independenteen izatea dela dio. Horretarako, politika zehatzak behar dira eta horixe eskatzen diete instituzioei: “Horren aldeko apustua egin dezatela, epe luzeko estrategiak zehaztu ditzatela eta inbertsioak egin ditzatela”. Politika ausartak eskatu ditu baita ere Aginagaldek, eta euskarazko zinemari baliabideak eskaini behar zaizkiola dio: “Euskarazko sorkuntza sustatzeko baliabideak biderkatuz eta zinema aretoetan euskarazko kuota batzuk ezarriz, filmak euskaraz eskainiko dituztela ziurtatzeko”.
2025-2026 ikasturteko eskaintza
Hau da Tinko Euskara Elkarteak 2025-2026 ikasturterako prestatu duen eskaintza:
Haur Hezkuntza · ZOG: Dragoiak eta Heroiak | Lehen Hezkuntzako 1. zikloa · Igelak eta zapoak |
Lehen Hezkuntzako 2. zikloa · Bram Barrabas
| Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza · Ispiluaren beste aldeko ispilua
|