Inor epaitu gabe eta elkarri begira edozein gairi buruz hitz egiteko aukera ematen duten espazio seguruak.
Edozein arlotan egiten den prebentzioa etorkizunerako inbertsioa da, eta ildo horretan egiten dute lan zirkulu errestauratiboek. Bakearen eta tratu onen kultura sustatzeko helburua dute eta Nafarroan gero eta ikastetxe gehiago ari dira zirkuluak tresna modura erabiltzen. Inor epaitu gabe eta elkarri begira edozein gairi buruz hitz egiteko aukera ematen duten espazio seguruak dira. Udazkenean begirada eta zirkulu errestauratiboei buruzko laborategia eskainiko du Hik Hasik.
Borobilean, elkarri begira, elkar entzunez, besteak aintzat hartuz, emozioen kontzientzia hartuz, errespetatuz eta epaiketarik gabe egiten dira zirkulu errestauratiboak. Pertsonek etiketarik edo estigmarik ez duten espazioak dira. Ez dago botere jokorik eta liderrak gainerakoen pare kokatzen dira; horizontalak dira. Gatazkak kudeatzeko baliatu daitezke edo gatazkarik sortu ez den kasuetan ere, hainbat gai lantzeko aukera eskaintzen dute prebentzio lana eginez, taldearen kohesioa bultzatuz eta elkarrekiko errespetua erdigunean jarriz.
Ipar Ameriketako natiboek eta Australiako aborigenek gatazka egoeretan nola lan egiten zuten aztertuta sortu zuten justizia errestauratiboa 70eko hamarkadan, modu horretan lan eginda berrerortze tasak asko jaisten zirela ikusita. Zirkulu errestauratiboek justizia errestauratiboan dute jatorria eta, orain, hezkuntza arlora ekarri dute lan egiteko modu hori.
Nafarroako Gobernuak Bakearen aldeko eskolak izeneko programa du eta horren barnean kokatzen dira zirkuluak.
Konplikaziorik gabeko egitura
Egitura sinplea dute zirkuluek. Partaideak borobilean esertzen dira elkarri begira eta bideratzaileak edo erraztaileak hainbat galdera egiten ditu. Zirkuluaren erdian, lurrean, oihal bat jartzen da eta gainean hitzak deitzen diren hainbat objektu egoten dira. Nahi duten partaideek euren objektu ku-
ttuna eraman dezakete eta erdigunean kokatzen dute beste partaideek eramandakoarekin batera. Bideratzaileak hitza hartzen du, galdera bat egiten du eta hark erantzuten du lehenik. Ondoren, bere ondoan eserita duenari pasatzen dio hitza —objektua— eta hitza eskuetan duenak baino ezin du hitz egin. Norbaitek erantzuteko edo hitz egiteko gogorik ez baldin badu, aski du hurrengo kideari pasatzearekin eta norbait objekturen batekin deseroso sentitzen baldin bada, objektua erdigunetik kentzen da.

Espazioari dagokionez, zirkuluak egiteko ez da baliabide handirik behar. Espazio goxoak izatea komeni da, baina edozein geletan egin daitezke, baita kanpoko espazioetan ere.
Oihana Zabaleta irakaslea eta begirada errestauratiboan aditua da eta Nafarroan buru-belarri ari da zirkulu errestauratiboak eskoletara eramateko lanean. 80 bat ikastetxetako irakasleei formazioa eskaintzen ari zaie egun eta eskaera zerrenda luzea du datorren ikasturtera begira ere: “Ikastetxeak ohartzen dira zirkuluekin lanean hasten direnean, gauzak aldatu egiten direla”.
Zirkuluek harridura eragiten dute gaur egungo bizitzaren kontrakoak direlako; elkar zaintzeko espazioak dira
Oihana Zabaleta, irakaslea eta begidara errestauratiboan aditua
Askotariko zirkuluak egin daitezke: gatazkak konpontzeko edo prebentziorako egitea da ohikoena, baina, adibidez, azterketak errepasatzeko ere baliagarriak izan daitezke: “Horrelakoetan memoria auditiboa eta bisuala lantzen dira. Ikasleek antsietate handiz bizi dituzte azterketak eta zirkuluak egiteak asko lasaitzen ditu gerora ikaskideekin batera hitz egindakoa errazago gogoratzen dutelako. Antsietate maila jaisten eta euren buruarekin konfiantza hartzen laguntzen diete”, dio Zabaletak.
Zirkulua bideratzen duen pertsonak maitasuna eta malgutasuna behar dituela dio Zabaletak: “Maitasunez jokatu behar dugu, mugak ere maitasunez jarri behar ditugu, jakin behar dugu pertsona bakoitza bere momentua bizitzen ari dela eta malgutasun handia izan behar dugu; ezin dugu zirkulua puntu jakin batera bideratu eta ezin dugu egoera behartu. Taldearengan konfiantza izan behar dugu eta komunikazio ez bortitza oso garrantzitsua da”.
Gero eta indibidualistagoa den gizartean, zirkuluan taldeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Zabaletak: “Zirkuluek harridura eragiten dute gaur egungo bizitzaren kontrakoak direlako; elkar zaintzeko espazioak dira eta giro kohesionatu horretan komunitate sentimenduak gora egiten du eta bakardade sentimenduak, berriz, behera”.
Aholkularitza eta formazioa
Zazpi ikastetxeri eskaintzen die aholkularitza Zabaletak. Lau orduko aholkularitza jasotzen dute hilero hainbat alderdi lantzeko. Bizikidetza planek zigorrean oinarritutako ikuspegia izan ohi dute eta horiei buruz hausnartzeko izan daiteke aholkularitza; edo zirkuluak egiteko espazioak prestatzeko edo esku hartzeren bat egiteko… Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Departamentuak kudeatzen du egitasmoa, eta helburua begirada errestauratiboa ikastetxe osora zabaltzea da.
Irati Goikoetxea Memoria eta Bizikidetza Departamentuaren barnean kokatzen den Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuko zuzendaria da. Ikastetxeetan hainbat tailer eskaintzen dituzte eta eguneroko ohiko metodologiak haustea eta entzute aktiborako espazioak sortzea da haien helburua. Prebentzio lanetan zentratzen dira: “Ibilian ibilian konturatu ginen ikastetxeetan egoera itogarriak gertatzen direla eta sentipena zen ez dagoela hizketarako edo entzute aktiborako espaziorik edo denborarik”, azaldu du Goikoetxeak.
Egunero ordu luzez espazio bera partekatzeak ez du bermatzen inguruan ditugun pertsonak ezagutzen ditugunik eta ondokoarekiko begirada aldatzeko aukera ematen dute zirkuluek Goikoetxearen hitzetan: “Elkar ezagutuz gero ere, gatazkak sortuko dira, jakina, baina tresna hobeak eta seguruagoak izango ditugu sortzen diren korapiloak askatzeko. Izan ere, korapiloak eta gatazkak estaltzearekin edo beste aldera begiratzearekin ez dugu ezer egiten, egoera horiek gaiztotu baino ez”. Eta horrekin jabetuta hasi ziren duela hiru ikasturte Zabaletarekin batera lanean.
Konturatu ginen ikastetxeetan egoera itogarriak gertatzen direla eta sentipena zen ez dagoela hizketarako edo entzute aktiborako espaziorik edo denborarik
Irati Goikoetxea, Nafarroako Gobernuko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuko zuzendaria
Zabaleta, aldi berean, Hezkuntza Departamentuko Irakasleentzako Laguntza Zentroarekin (ILZ) ari zen lanean. Eta paraleloki lanean hasi ziren. Era berean, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzua eta Hezkuntza Departamentua lankidetzan aritzen dira. Bertako Bizikidetza Aholkularitzako aholkularia da Diego Jorajuria. Laguntza Programa bultzatzen dute —tratu onak bultzatzeko programa sozioemozionala— eta programa horretan dauden ikastetxeei zirkulu errestauratiboei buruzko formazioa jasotzeko aukera eskaintzen diete.
Ikastetxeetan emaitza onak ematen ari dela dio Jorajuriak: “Benetako erreparazioa gertatzen dela ikusten dugu. Enpatia eta asertibitatea sortzen dira. Epaitzen dena ez da pertsona bera baizik eta ekintza; ez dugu errudunik bilatzen. Pentsamendu kritikoa eta gatazkak konpontzea sustatzen dute eta entzute aktiboan oinarritzen dira”. Emozioen kudeaketa egokia egin behar dela dio Jorajuriak: “Prebentzioa egiteko emozioak landu behar dira eta tratu ona sustatzea berebizikoa da”.
Eskoletako esperientziak
Zabaletaren eskutik aholkularitza jasotzen duten ikastetxeen artean daude Larraintzarko eskola eta Iruñeko Patxi Larraintzar ikastetxea.
Ikastetxeetan gatazkek buruhauste ugari sortu ohi dituzte eta prebentzioa egitea beharrezkoa zela ikusi zuten Larraintzarko eskolan. Amaitu berri den ikasturtean zirkuluak egiten hasi dira eta esperientzia ona izaten ari direla adierazi dute Alvaro Garde ikastetxeko PT eta zuzendariak eta Zoila Berastegi orientatzaileak. HHtik hasi eta DBHra bitartera egin dituzte, etapa bakoitzera egokituz. Prebentzioa erdigunean jarriz ekin diote zirkuluak egiteari Berastegik azaldu duenez: “Elkar ezagutuz binkuluak sor daitezke, enpatia sor daiteke eta ondoan dugunari gertatzen zaiona axola zaigu. Prebentzioan ari gara lanean eta gatazkak sortuz gero, lurra prest izango dugu horiei beste puntu batetik heldu ahal izateko”.
“Talde guztietan ikasle batzuek beste batzuek baino ahots gehiago izaten dute eta isilean edo itzalean gelditzen diren ikasleei ahotsa emateko eta haien sentimenduak eta presentzia modu naturalean adierazteko beharra ikusten genuen”, jarraitu du Gardek. Zirkuluek espazio segurua eskaintzen dutela esanaz jarraitu du Berastegik: “Norberak erabakitzen du parte hartzen duen ala ez, baina helburua desberdintasun guztiei lekua egingo dien espazio kolektibo segurua sortzea da; komunitatea sortzea”.
Zirkuluak eta begirada errestauratiboa ikastetxearen zigilu bihurtzea nahi dute; ikastetxearen identitatearen oinarria izatea. Horretarako ekipo motorea sortu dute. Interinitate tasa altua izanik, erronka handia da etorri berri guztiei begirada errestauratiboari ematen dioten garrantzia transmititzea eta sistematizatu egin nahi dute: “Praktika onen filosofia ikastetxean errotzea transmisiorako giltza indartsua da”, dio Gardek. Erresistentziak ere sor daitezke, hala ere, Berastegik dioenez: “Denok ez dugu errealitatea modu berean ikusten eta hori ere gure ikastetxea da. Denok ez dugu dena modu berean egin behar; ikastetxeak honen aldeko apustua egin du, baina irakasleen artean ere aniztasun handia dago”.

“Zirkuluetan bihotzeko erritmoarekin sintonizatzen dugu. Zirkuluak oso femeninoak dira, oso emozionalak. Ikastetxea erritmo azkarrean doa eta gelditu egiten gara”, dio Berastegik. Eta bideratzaileak zirkuluetan sinestea ezinbestekoa dela dio Gardek: “Hezkuntzan, gure praktika guztiei bihotza eskaintzea beharrezkoa da, eta zirkuluetan gauza bera gertatzen da”.
Zirkuluek kutsu politikoa dutela uste du Berastegik: “Gizartearen aurreko desobedientzia ekintza bat dira. Gizarte indibidualista eta kapitalista honetan komunitatea sortzea oso indartsua da. Denon artean pentsatzeak garrantzi handia du, taldeak beti baitaki gehiago. Identitate kolektiboa lantzeko modu bat da”.
Oihane Andueza eta Tasio Beunza LHko 6. mailako ikasleek berretsi dute Berastegik eta Gardek esandakoa: “Talde bat garela sentitzeko elkartzen gara”, dio Anduezak. Eta arauak aipatu ditu Beunzak: “Hiru arau ditugu; hitza hartzen dugunean soilik hitz egitea, besteak entzutea eta txanda errespetatzea”. Arauak errespetatzeak laguntzen die biek aipatu dituzten enpatia eta konfiantza lantzen.
Iruñeko Patxi Larrainzar
Iruñeko Arrotxapea auzoan dago Patxi Larrainzar ikastetxea. Larraintzarren ez bezala, klaustro oso finkoa dute eta horrek begirada errestauratiboa txertatzen lagundu die. June Zubiri bertako idazkaria da eta Noemi Alonso LHko 3. mailako tutorea. Duela bi urte Zabaletarekin egin zuten formazioak ikastetxera begirada aldaketa ekarri duela dio Zubirik. “Zirkuluek hausnarketa egiteko eta hortik ondorioak ateratzeko aukera ematen digute”, gaineratu du Alonsok.
Zirkuluak eskolako minimo pedagogikoetan txertatu dituzte eta maila guztietan lantzen ari dira; bai HHn eta baita LHn ere. Hainbat modutara erabiltzen dituztela azaldu du Alonsok: “Arazoak daudenean egoera aztertzeko aukera ematen digute, baina prebentziorako ere egiten ditugu”. Eta akademikoki ere lantzen hasi dira: “Zibilizazioak landu ditugu aurten LHko 3. mailan, eta garai bateko zibilizazioen eta gaur egungoen egiturak zirkuluen bidez alderatu ditugu”.
Gehienetan tutoreekin egiten dituzte zirkuluak eta aurten horretara bideratutako gela ere estreinatu dute. Ikasleak oso gustura aritzen dira eta zirkuluek lasaiago egoten laguntzen dietela diote. Jaden Barace eta Nai Lopez LHko 3. mailako ikasleak dira, Anitz Lopez eta Nahia De Miguel, berriz, LHko 5. mailakoak, eta hala ziurtatu dute denek.
Gizartearen aurreko desobedientzia ekintza bat dira. Gizarte indibidualista eta kapitalista honetan komunitatea sortzea oso indartsua da
Zoila Berastegi, Larraintzarko eskolako orientatzailea
Baracek eta Lopezek garbi dute gehien gustatu zaien zirkulua zibilizazioen gaia lantzeko egin zutena izan dela. Bestalde, hitzek duten garrantzia azpimarratu du De Miguelek: “Hitzak eskolara ekartzean konfiantza lantzen dugu, zeren badakigu ikaskideek ez dizkigutela lapurtuko edo puskatuko”. Eta talde sentimendua sendotzeko ere balio dute Lopezek dioenez: “Jolastokian norbait bakarrik ikusi ote dugun galdetzen digute eta laguntzera eta gurekin egotera gonbidatzera bultzatzen gaituzte”.
Familiekin ere egin zuten zirkulua ikasturte hasieran eta oso polita izan zela azaldu du Zubirik. Hala zehaztu du Alonsok: “Ikasturte hasierako bileretan informazio asko ematen diegu familiei, eta zirkulua egiteak gainerako pertsonak parez pare ikusteko aukera ematen dizu”. Lankideen artean ere egin izan dituzte zirkuluak: “Zoragarriak dira, lankideak beste modu batera ikusten dituzu”, dio Alonsok. “Bestela, eguneroko zereginetan murgiltzen gara eta ondoan nor dugun ere ez dakigu”, erantsi du Zubirik.
Zirkuluak ikasgelatik harago zabaldu dituzte hainbat ikastetxetan. Beran eta Ribaforadan, berriz, ikastetxetik harago joan dira eta bizikidetza zirkuluak herri osoarekin egiten ari dira; ikastetxea erdigunean jarrita, zirkuluak herriko gainerako espazioetara zabaltzeko egitasmoa abiatu dute.
Begirada errestauratiboak gatazkak murrizten ditu eta begirada hori komunitateari zabaltzeko apustua egin dute Nafarroan. Ondoren suak itzaltzen ez ibiltzeko ezinbestekoa da prebentzioa eta horrek duen garrantziaz ohartu dira.
Begirada errestauratiboa bizikidetza sustatzeko laborategia udazkenean
Oihana Zabaleta irakasleak eta begirada errestauratiboan adituak laborategia eskainiko du udazkenean Hik Hasiren eskutik: Begirada errestauratiboa bizikidetza sustatzeko. Lau saio izango dira guztira, azaroaren 11n, 18an, 25ean eta abenduaren 2an. Donostian izango dira eta homologatutako formazioa da.
Hezkuntza-komunitate osoarekin batera lan egiteko gakoak eskainiko ditu Zabaletak: begirada eta zirkulu errestauratiboak aktibatzeak eta erabiltzeak nola laguntzen duen aztertuko da; zer zirkulu mota dauden azalduko da; bilera eta elkarrizketa errestauratiboak egiteko gakoak eskainiko dira; eguneroko egoera zehatzen gaineko hausnarketa egingo da eta ikastetxean begirada errastauratiboa nola txertatu daitekeen aztertuko da, besteak beste.
