Udazkenean eta neguan gripearen aurkako txertoa jartzea gomendatzen die osasun-sistemak ‘arrisku handieneko’ herritar taldeei, horien artean haurdun dauden emakumeei, euren osasunean gripeak gogor erasan dezakeelakoan. Horretaz gain, azken urteetan kukutxeztularen kontrako txertoa jartzea ere gomendatzen zaie, kasu honetan jaiotzear den haurrra babesteko gaitz horretatik.
Haurdunaldian zehar bere burua zaintzea dagokio emakumeari: kontuz ibili beharko du elikadurarekin, ondo garbitu jakiak, ondo garbitu eskuak, kontuz gehiegizko ariketa edo esfortzuekin, deskantsua eman bere buruari, estresa ekidin, kontuz ibili gaixotu gabe... Baina, negu partea haurdun pasatuko badu, udazken aldera gripearen txertoa hartzeko proposatuko diote sendagileak edo ginekologoak, gaitz honek gogor erasan diezaikeen herritarren arrisku-taldean dagoela eta. Horrek emakume askorengan alarma gorriak pizten dira, kezka eta galderak sortu: hainbeste zaindu behar duen aldi horretan, nolatan bada txertoa hartu? Gaitza gorputzean sar-
tzeak ez ote du arriskurik hain justu zaurgarriago dagoen aldi horretan? Kezka horiek hauspotu egingo dira bigarren txerto bat ere jartzea komeni zaiola proposatzen diotenean; kukutxeztula edo kurruku-eztularen txertoa, hain zuzen ere.
Horiek dira gaur egun osasun-sistemak emakume haurdunei gomendatzen dizkien bi txertoak. Gripearen aurkako txertoaren kasuan, haurdun dauden emakumeak arrisku handiko taldean sailkatzen dituzte, adineko jendearekin, gaixotasun kronikoak edo sistema-inmunologikoan arazoak dituztenekin batera, besteak beste. Izan ere, emakumearen sistema-inmunologikoa haurdunaldian zehar zaurgarriago egoten da, eta, ondorioz, osasun-sistemak dio haurdunak aukera gehiago dituela gripearena bezalako birusak hartzeko. Eta, era berean, behin gaitza garatzen badu, sistema inmunologikoaren ahultasun horren ondorioz, “aukera gehiago izango dira konplikazio larriak agertzeko, batik bat bihotz-arnasketa bideekin loturikoak, hala nola neumoniak. Ondorioz, ospitaleratua izateko aukerak ere handiagoak dira”, Amane Emaginak elkarteko Monica Blasen esanetan. Gripetik eratorrita sor daitezkeen zailtasun horiengatik, gripearen aurrean prebentzio neurriak hartzea gomendatzen du osasun-sistemak, eta horien artean txertoa hartzea. Dena dela, “gripeak ez du eragin zuzenik izango fetuaren osasunean. Hala ere, garrantzitsua da haurdun dagoen emakumearen sintomak kontrolatzea, hala nola sukarra, eta likido asko hartzea (ura, saldak, fruta, berdurak...). Era berean, atseden hartzea komeni zaio emakumeari”, dio Blasek.
Gripea: prebentzio onena, atsedena
Hain zuzen, prebentzio neurrien eta atsedenaren garrantzian bat dator osasun-sistemaren diskurtsoarekin Sergio Paniagua medikua ere, baina gainerakoan bestelako ikuspegia du gripearen txertoaren inguruan. Kirurgian espezializatutako medikua da bera, baina azken urteetan medikuntza biologikora eta alternatibora hurbildu da, eta AEBtan formatu da alor horretan. Paniaguaren esanetan,”osasun paradigma ofizialean, birusek eta bakterioek eraso egiten digute eta gure osasuna arriskuan jartzen dute. Hori da nolabait Louis Pasteur-ek utzitako ikuspegia. Baina Pasteurren garaikide izan ziren beste hainbat medikuk bezala, nik beste ikuspegi bat dut birus eta bakterioen ingurun, beste medikuntza paradigma batetik begiratzen ditut”. Izan ere, Paniaguaren esanetan, “birus eta bakterioak ez dira gure osasun arazoen iturria, horien ondorio baizik. Ez badugu behar beste atseden hartzen, nekatuak baldin bagaude, estres egoerak bizi baldin baditugu, ez badugu gure elikadura zaintzen... hau da, ahul baldin bagaude, birusak eta bakterioak gugan sortu diren gehiegizko mukiak edo heste-floran sortu diren deskonpentsazioak kudeatzera etorriko dira; horien hazkuntza-likido bilakatuko gara, gugan aktibitate bilogiko bat egitera etorriko dira”.
Horregatik, haurdun dauden emakumeak gripearen birusaren aurrean babestea bada helburua, alegia, prebentzioan egin nahi bada lan, hain zuzen emakumea ahuldade egoera batera eramango duen hori guztia zaindu behar da: egoki elikatzen dela eta nahikoa atseden hartzen duela bermatu, eta estres egoeretatik kanpo jarri. “Beraz, prebentzioaz hitz egin behar badugu, haurdunaldiko baja medikuaz hitz egin behar dugu. Alegia, gure biologiarekin, bizitzarekin bat datozen neurriak hartu behar dira”.
Paniaguaren ustez, ordea, prozesu biologikoei baino gehiago, bestelako arrazoiei erantzuten die gaur egun osasun-sistemak: produkzioaren arrazoiei, hain zuzen. Horregatik, haurdun dagoen emakumeari beharrezkoa duen atsedena bermatu ordez, produzitzen jarraitzea ahalbidetuko dioten farmakoak eskaintzen dizkiote, “hala gripearen sintomak blokeatuko dituzten farmako kimikoak, nola txertoak. Baina sintomak gure sistema inmunologikoa burutzen ari den borrokaren adierazle dira”, eta beraz ez dio komenigarria irizten horiek blokea-tzeari; ezta prebentzioa farmako batean oinarritzeari ere.
Kukutxeztula, bigarren txertoa
Gripearen aurkako txertaketa kanpainari duela bizpahiru urtetik hona beste bat gehitu zaio haurdunen artean: kukutxeztularen edo kukurruku eztularen kontrako txertaketa kanpaina. Bakterio batek eragiten du kukutxeztula, eta emakumearengan apenas izango du eraginik, helduentzat gaitz arina baita, baina Blasen arabera, jaiotzear den haurrarentzat oso kaltegarria da, jaioberrietan ondorio larriak izan baititzake. Gainera, oso kutsakorra da. Hala, txertoa amak hartuta, jaiotzear den haurra babestea da helburua. Txertoak sortzen dituen antigorputzak fetuari pasatzen zaizkio karenaren bidez, eta haurra babestu egiten dute jaioberritan. Ondoren, Osakidetzaren txertaketa egutegiaren arabera, jaio eta bi hilabetera haurrari berari kukutxeztularen kontrako txertoa ematea proposatzen da.
Paniaguak honetan ere bestelako ikuspegi bat eskaintzen du. “Kukutxeztula, normalean, auto-muga-tzen den gaitz bat da, hots, sistema inmunologikoa bera da dena berriro ere ordenan jartzen duena. Eta horrek, era berean, aukera ematen dio haurraren inmunologia sistemari garatzeko, heltzeko”.
Bestalde, bakterioekin harremanetan egote hori haurraren sistema inmunologikoa indartzeko bidea dela eta, bagina-erditzearen garrantzia nabarmentzen du: “Erditzean, bagina zeharkatzeko prozesuan, bagina uzkitik oso gertu dagoenez, haurra bakterioekin harremanetan jartzen da eta bere lehen errefor-tzu inmunologikoa jasotzen du”. Horrekin batera, edoskitzearen garrantzia azpimarratu du, haurrak amarengandik informazio inmunologiko asko jasoko baitu: “Haurra edoskitzen ari bada, oso zaila izango da birusek eragindako gaitzen bat garatzea, horri aurre egiteko nahiko tresna dituelako. Haurra babestea bada helburua, lan egin beharko dugu bagina-erditzeak sustatzeko, zesareak ahalik eta gehien ekiditeko, eta edoskitzearen garrantziaz kontzientziatzeko. Ez daukagu zertan bakterioen beldur izan”.
Txertoak albo-kalterik ba al du?
Osasun-sistemak, oro har, txertoak kalte egiteko aukerak oso mugatuak direla azpimarratzen du, eta gehienetan albo-ondorio arinak baino ez dituela eragingo, hala nola, buruko mina edo sukar arina pare bat egunez. “Kukutxeztularen edo gripearen gisako bakunak ez dira aktiboak, bakterioaren zati batzuk bakarrik dituzte, eta ezin dute gaitza eragin. Segurtasun handia eskain-
tzen dute”, Blasen esanetan.
Paniaguaren esanetan, ordea, ez dago aztertua zer eragin izan dezaketen txerto horiek amarengan edo haurrarengan. “Txertoak sistema inmunologikoaren manipulazio bat dira. Baina oraindik ez dakigu zehaztasun osoz sistema inmunologikoak nola egiten duen lan, oso konplexua baita. Beraz kezkagarria iruditzen zait kontrolatzen ez dugun hori manipulatzea”. Gainera, “ez da ikerketa seriorik egin” zer ondorio izan ditzaketen aztertzeko: “Ez da datu-bilketarik egiten, ez txertoa jarri aurretik ez ondoren. Beraz, ez dakigu zinez kaltegarria den ala ez”.