Guraso eta hezitzaile guztiei babesa eskaintzea izan da gure helburua. Epairik gabe, juzkurik gabe, dogmarik gabe, zamarik gabe eta errurik gabe beren bidea egin dezaten. 

Maiatza kandelei putz egiteko hilabetea bihurtu zaigu aurten Hik Hasi egitasmo pedagogikoko kideoi. Urteurren berezia ospatzen ari gara: HAZI HEZI aldizkariaren 10. urteurrena. Ilusioz eta pozez ari gara ospatzen hamargarren urtebetetzea. Pozgarria baita beti euskarazko komunikabide espezializatu batek urteak betetzea. Familien eta hezitzaileen ondoan egotea izan da HAZI HEZIren egitekoa azken hamarkada honetan eta guztiei hazieran eta heziketan laguntzeko kalitatezko tresna eskaini nahi izan diegu. Laguntzeko asmoz eta presiorik eta exijentziarik gabe, guztiei babesa eskaintzea izan da gure helburua. Epairik gabe, juzkurik gabe, dogmarik gabe, zamarik gabe eta errurik gabe euren bidea egin dezaten. Jakin badakigu familien egitekoa ez dela erraza eta galbahe on batetik pasatako informazioa eskaini nahi izan dugu alez ale. 

Orain, indarberrituta eta itxuraldatuta dator HAZI HEZI. Formatua aldatu dugu eta eramangarriagoa, arinagoa eta ikusgarriagoa egin dugu 40. zenbakia. Alboan izan ditugun bidelagunekin ospatzen ari gara urtebetetze eder hau eta Donostiako Aquariumean aurkezpen ekitaldia egin ondoren, Adunan (Gipuzkoa) izango dugu hurrengo hitzordua maiatzaren 29an. Festa egingo digu bertan eta familiekin eta harpideekin batera egingo diegu putz kandelei. 

2012an ekin zion bideari HAZI HEZIk, Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiren sortzailea zenaren ametsetako bat egi bihurtuta. Bere proiektu kutuna izan zen HAZI HEZI eta hamar urte eman ditu hazten eta hezten. Joxe Marik ereindako landare kutuna zaintzen eta ureztatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere, urteak betetzen jarrai dezan. Gure ondoan ditugun pertsona guztien laguntza ezinbestekoa izango horretarako, honaino iristeko izan den moduan eta horiek guztiak ere zoriondu nahi ditugu: eskerrik asko guztioi eta… Zorionak!

Ni ez nintzen euskaldundu hizkuntzagatik bakarrik, kultur zaletu nindutelako ere euskaldundu nintzen, euskal kulturara hurbilarazi nindutelako ikastolan

Iratxe Retolaza