Mezua bidaltzea eta hura hartzea. Horixe da komunikazioaren oinarria.
Mezuak helarazteko modu ugari daude, ordea, eta garrantzitsua da hartzaileengana heltzeko modurik eraginkorrena zein den jakitea.
Komunikazioaren arloan, mezuaren edukia bezain garrantzitsua da mezu hori nola zabaltzen dugun. Ikastetxeetan komunikazioa lantzeko plangintza integralak egiten ditu Burutü markagintza eta komunikazio agentziak, eta komunikazio estrategiak lantzearen garrantziaz aritu da Josu Bergara zuzendaria. Bergarak dioenez, ikastetxean komunikazioa modu egokian lantzeak komunitatearen kohesioa eta ongizatea bultzatzen ditu.
Ikastetxeetan komunikazioa lantzeko plangintzak egiten ditu Burutü agentziak. Nola gauzatzen dituzue?
Komunikazioa eta markagintza lantzeko plangintza integralak egiten ditugu, ikastetxeei komunikazioa modu egokian kudeatzen laguntzeko. Zuzendaritzarekin lantzen dugu, baina langile guztien eta komunitatearen parte hartzea beharrezkoa denez, ikasleek eta familiek ere esku hartzen dute. Guztien iritzia jasotzen dugu, eta ikasleek dinamiketan eta edukien sorreran parte hartzen dute.
Ikastetxearen marka definitzea, hobetzea eta komunikaziorako oinarri batzuk ezartzea al da helburua?
Bai. Helburua komunikazioaren kudeaketa koherentea eta zentzuduna egitea da. Lehenik, argazki moduko bat egiten dugu, ikastetxearen komunikazioa nolakoa den aztertzeko. Askotan, oso kontzeptu klasikoak aplikatzen dira komunikazioan: komunikazio bertikala, oso zurruna… Eta komunikazioak argia, zuzena, partekatua eta koherentea izan behar du. Oso garrantzitsua da markarekiko koherentea izatea: marka batek ezin du esan jasangarria dela eta hurrengo egunean plastikozko poltsak oparitu. Hitzez soilik ez, ekintzekin eutsi behar zaie balioei.
Zer lantzen duzue zehazki?
Hasteko, hartzaile mota bakoitzak ikastetxea nola ikusten duen begiratzen dugu, eta markaren pertzepzioa aztertzen dugu; hau da, nola kokatzen den ikastetxea pertsona horien buruetan. Haiengana iristeko nolako kanalak dauden eta haiekin zenbateko maiztasunez komunikatzen diren aztertzen dugu. Sare sozialak edo webgunea nola erabiltzen dituzten eta nolako mezuak zabaltzen dituzten aztertu behar da, bai eta markaren tonua eta diskurtsoa zein diren ere.
Komunikazioak berebiziko indarra du gure bizitzan. Zer egin dezakegu eraginkorra izan dadin?
Azken hamarkadetan, teknologiaren presentziak abiadura handia ekarri du, eta komunikatzeko modu berriak zabaldu ditu. Nire ustez, komunikazioaren sekretuak bi osagai nagusi ditu: mezua bera eta argitasuna. Gauzak argi esan behar dira, apaingarri handirik gabe, mezua ongi zehaztuz. Eta ez du balio gauzak behin esateak, behin eta berriro eta hainbat kanaletatik azaldu behar dira; ez da nahikoa mezu elektroniko bat bidaltzea. Mezu konplexuak edo sakonegiak bidaltzeko joera dago, eta helarazi nahi duzun hori jasotzailearentzat argia eta ulergarria ez bada, alde batera utz dezake. Gakoa sinpletasuna eta argitasuna dira: mezu laburrak eta zuzenak helarazi behar ditugu.
Labur lehenik, sakon ondoren
Mezu laburrak eta zuzenak erabiliz gero, azalean gelditzeko eta nahi dugun hori behar den moduan ez komunikatzeko beldurrak badu irtenbiderik, Bergararen hitzetan: “Mezu sakon hori bigarren mailako euskarri batean joan daiteke. Demagun ikastetxe batek pedagogiari buruzko gogoeta sakona zabaldu nahi duela. |
Hori ezin da 20 segundoko bideo batean azaldu, baina gogoeta hori txosten batean laburbil daiteke, eta, txosten horretatik ateratzen diren ondorio nagusiak bost badira, bost bideo labur egin ditzake eta bideo guztietan ikus-entzuleak txosten horretara bideratzen dituzten estekak jarri”. |