Asier Etxeberria Etxeberria Elizondoko Lanbide Eskolako oinarrizko mailako elementu metalikoen fabrikazioko 1. mailako ikaslea 

Atzo gauean, ohatzean nengoela, ikastetxeko zuzendari nintzela amestu nuen. Gaur egun, Elizondo Lanbide Eskolako ikaslea naiz eta eskola honetarako aldaketa batzuk bururatu zitzaizkidan. 

Lehenik eta behin, ordutegia aldatuko nuke, 8:30ean sartu beharrean 9:00etan sartu beharko ginateke ikasle batzuk urrutitik etortzen garelako eta hagitz goiz ernatu behar garelako eskolara etortzeko. Gainera, bidean autobusak geldialdi aunitz egiten ditu; horren ondorioz, jendea goiz ernatu behar da. Ni, adibidez, goizeko 6:30ean ernatzen naiz, bidean sei geldialdi egiten ditugu eta 8:20an iristen naiz eskolara. Hagitz justu ibiltzen gara batzuetan, eta, horregatik, ordutegia aldatuko nuke. 

Bigarrenik, atsedenaldiari buruz solas egin behar dut. Bi atsedenaldi izaten ditugu, bakoitza 20 minutukoa. Ordu erdira luzatuko nituzke, kasik ez baitugu denborarik izaten gosaltzeko ere. Gainera, klasera berandu sartzen bagara irakasleek atzerapena jartzen digute eta hiru atzerapen pilatuz gero, falta bihurtzen dira. 

Hirugarrenik, irakasleei buruz solas egin behar dut. Irakasle gehienek ez dute gugan, ikasleongan, pentsatzen. Guk arratsaldeetan deskantsatu egin nahi dugu, baina irakasleek etxerako lan aunitz bidaltzen dizkigute eta guk ez dugu denborarik izaten lagunekin gelditzeko eta ezta deskantsatzeko ere. Etxerako lan asko bidaltzen dizkigutenez, ez dugu astirik izaten gustuko ditugun gauzak egiteko. Gainera, ez baditugu etxerako lanak egiten, negatiboa jartzen digute. Guk denbora librea izan nahi dugu lagunekin egoteko, etxean lasai egoteko, deskantsatzeko eta gustuko ditugun gauzak egiteko. Lanak egiteko egoten gara ikastetxean goiz osoa. Honekin akitu baino lehen, aipatu nahi dut irakasleek azterketen luzera eta zailtasun maila ere kontuan izan behar dituztela. 

Laugarrenik, ikasteko metodologia aldatuko nuke. Nire lehengo eskolan gehiena teoria izaten zen eta ez nuen ikasgairik gainditzen; orain, lanbide eskolan, teoria gutxiago izaten dut eta gehiena praktikoa izaten da. Horregatik aldatu nintzen eskola honetara eta hagitz ere errazagoa da ikasgaiak gainditzea, nahikoa baita klasean egiten duzun lanarekin eta klasean egiten duzuna etxean errepasatzearekin. Hori eginez gero, hiru ebaluazioak aise gaindi daitezke. 

Bukatu baino lehen, instalazioei buruz zerbait erran nahiko nuke. Gure ikastetxeak frontoia dauka eta hori primeran dago jolasgaraietan pilotan aritu ahal garelako, gustuko dudan zaletasun bat. Baina gure frontoiak zenbait hobekuntza behar ditu. Horietako aldaketa bat goiko bigak kentzea da, pilotan aritzen garenean asko molestatzen digutelako, frontoiak baxuagoa dirudi eta pilotek hor jotzen dute. 

Azkenik, eta hau pertsona guziendako aldaketarik onena izanen litzateke: ez al lirateke hobeak izanen lau eguneko asteak? Zer iruditzen zaizue?