ITSAS GELA, Pasaia: Bat, bi, hiru... itsasora! Itsas Gelak itsasoratzeko gonbita luzatzen digu

2004-12-01
Ikusi eta ikasi. Horixe izaten da hoberena eta horregatik ematen du aukera hori Itsas Gela irabazi asmorik gabeko elkarteak. Pasaia Donibaneko portuan dituzten bi itsasontzietara bisitak egiteko aukera luzatzen du, eta bertako lantegietan itsasoari buruzko hamaika gauza ikasteko parada dago. Helburua itsasoa eta horri lotutako kontuak ezagutaraztea da, eta zergatik ez, itsasoaz maitemintzea!
 
 
Itsasaldeko herrietako jendea itsasoari lotuta bizi ohi da, halako harreman berezi bat sortzen da itsasoaren eta herritarren artean. Horixe sentitzen zuen Pasaia Donibaneko koadrila batek, eta sentimendu hori besteei transmititzea bururatu zitzaien. Adolfo Suberbiola sustatzaileetako batek hala dio: "Nire alabekin Vienan nengoela musika kontzertu batera jende pila bat zihoala ikusi genuen, eta harritu egin ninduen hainbeste jende ikusteak: zaharrak, gazteak... denetik. Alaba zaharrenak zera esan zidan: "Aita, zuek ez daukazue musikaren kulturarik. Musika entzuten duzue, baina ez dizuete erakutsi estimatzen". Eta egia zela pentsatu nuen". Geroztik, itsasoarekin gauza bera gertatzen zela ohartu zen Suberbiola. "Ez nuen nahi gazteei niri musikarekin gertatu zaidana gertatzerik. Horregatik, itsasoa ezagutzeko aukera eman nahi genien". Eta hala, Itsas Gela sortu zuten orain dela hiruzpalau urte.

Irabazi asmorik gabeko elkarte honen helburua itsasoarekin zerikusia duten hainbat arlo garatzea eta hedatzea da. Itsas inguruneak eskaintzen duen aukera zabala erakutsi eta hurbildu nahi dute. Horretarako, bi itsasontzi dituzte: Mater Kantauriko atun-ontzia eta Urdaneta goleta, eta biak ikus daitezke.

Itsas Gelak ordubete irauten duten bisitaldi didaktikoak dauzka prestatuta. Urdaneta goletan ontziaren maniobrak erakusten dituzte, eta baita segurtasun neurriak ere. Belak altxatzeko aukera ematen zaie gazteei eta itsasoko korapilo erabilgarrienak egiten ere erakusten zaie. Ontziari izena ematen dion Andres Urdaneta euskal nabigatzailearen abenturak ere kontatzen dituzte.

Mater Kantauriko atun-ontzia Getarian porturatzen zen orain dela gutxi arte. Orduan arrantzaleak ibiltzen ziren bertan, eta horregatik, lan egiteko prest dagoenez, hainbat gauza ikus daitezke bertan: euskal arrantzaleen bizimodua, arrantza lekuak, arrantza tresnak eta abar. Bisitaldian euskaldunon itsasoko historiari eta horren bilakaerari buruzko informazioa ematen dute, eta baita gaur egungo egoerari eta arazoei buruzkoa ere.

Hori guztia ikustearekin batera, itsasora irten eta bidaiatxo bat egiteko aukera dago.



Lantegiak itsasontzian bertan

Itsas Gelaren asmoa itsas mundura hurbiltzea denez, itsasontzi barruan hainbat lantegi edo tailer dituzte antolatuta. Gauzak ikusi, ukitu, eraldatu, erabili... egiten dituzte, bertatik bertara biziz dena. Lantegi bakoitzean unitate didaktiko bat lantzen da. Hezkuntzako programan edo curriculumean agertzen diren gaiei lotutako edukiak izaten dira, ondoren edo aurretik eskolan gaia sakontzeko aukera emanez. Lantegiak ez daude adinka banatuta, hau da, edozein adinetako haurrek parte har dezake lantegi guztietan. Baina denek ez dute unitate didaktikorik izango, horiek adin zehatz batzuetarako prestatu baitituzte. Bi orduko iraupena dute lantegietako egonaldiek eta hauek dira aukeran daudenak:

Hori guztia itsasontzian bertan lantzea esperientzia berria da askorentzat. Hala dio Izaskun Suberbiola arduradunak: "Lehorretik etortzen direnentzat dena berria da, ez baitaude itsasontziak ikusten ohituta. Eta hurbil bizi direnek ere askotan ikusten dituzte itsasontziak, baina inoiz ez dira barrura sartu. Erakargarritasun berezia sortzen diete".



Norberaren neurrira

Itsas Gela elkarteak hainbat gauza prestatuta eta bideratuta baldin baditu ere, eskaeraren arabera moldatzen dira. Talde bakoitzaren beharretara egokitzen dituzte euren jarduerak. Horrela, bisita gidatuak goizez nahiz arratsaldez egin daitezke. Nahi adina lantegi aukera daitezke, behar denean denbora luzatuz.



Lehorretik ere bai

Itsasontzian egiten diren jardueren osagarri da Itsas Gelaren informazio eta itsas gaitegiaren bilgunea. Bereziki itsasoari zuzendutako informazio gunea eskaini nahi dute bertan. Itsas liburutegia, ludoteka eta itsas munduarekiko elkarkide diren entitateei buruz informazio zabala dago bertan, eta hitzaldiak ere izaten dira.

Proiektu eta ideia ugari dituzte elkarteko kideek eta pixkanaka gauzatzen joango dira. Gerturatu, lagundu eta parte hartu nahi duen orok itsasontziak eta elkarteko kideen besoak zabalik dauzka. Itsas Gela Lagun Elkartea sortu dute horretarako. Lehen esperientziaren ondoren itsasoaz maiteminduta gelditzen direnei gauza gehiago eta sakonago egiteko bidea eman nahi die elkarteak. Informazio gehiago nahi duenak www.itsasgela.com web orrian aurkituko du.



Goizuetatik Pasaiara, lehorretik itsasora

Goizuetako eskolako ikasleek eta irakasleek hiruhilabetean behin irteera bat egiten dute. Lantzen ari diren gairen bati lotutako ekintza bat izaten da, eta beraz, lekuak horren arabera aukeratzen dituzte. Ikasturte honetako lehen hiruhilabetean Pasaiara irten dira, itsasoa eta haren ingurunea bertatik bertara ezagutzera.

Ikasle guztiak sartu dira Mater itsasontzian, 55 guztira, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik DBHko 2. maila artekoak. Lau taldetan banatu dira, zikloka, eta bakoitza lantegi batean sartu da. Txikienak "Itsasoa hurbilduz" lantegian daude Soniarekin eta itsasoko arrainak eta landareak erakutsi dizkie. Sekula ikusi gabeko moluskuak, karramarroak eta algak ikusi, ukitu eta marraztu dituzte. Irakasleak barrez begiratzen die. "Normalean telebistan soilik ikusten ditugun gauzak ikusi dituzte. Txirla bat ikusi eta txoratuta jartzen dira". Lehorretik etorrita, itsasoaren xarmak erakartzen dituela aitortu du irakasleak. "Guretzat arrainak ez dira existitzen, amuarrainak baizik. Goizuetan erreka daukagu eta han amuarrainak ibiltzen dira. "Arrain" hitza erabiltzea arraroa egiten zaie haurrei. Eta pentsa, gaur hemen arrain hitza ez ezik, medusa, moluskua eta beste hainbat entzun dituzte. Informazio ikaragarri jaso dute".

Gelara itzulitakoan gaia landuko dutela dio irakasleak. "Beti egiten dugu hori txango bat egin ondoren. Informazio gehiago bilduko dugu, liburutegira joan...". Baina gelako lanaz gain, bertara etorri eta bizitzea aberasgarria dela dio duda izpirik gabe.

2. eta 3. mailetakoek itsasertza ezagutu dute. Itsas paisaia eta itsasertza mendialdearekin konparatuta desberdina dela konturatu dira. Paisaia honek historian izan duen bilakaeraz jabetu dira puzzleen eta marrazkien bitartez. Kostaldea zaintzeak eta errespetatzeak duen garrantziaz kontziente dira saioa bukatu ondoren.

4. eta 5. mailetakoak arrainen munduan murgildu dira. Arrainen ezaugarri morfologikoak eta fisiologikoak aztertu dituzte arrainak neurtuz, margotuz, pisatuz...; hau da, modu zientifikoan.

Zaharrenak, berriz, DBHko 1. ziklokoak, arrantza lantegian murgildu dira. Ohiko arrantza eta haren bilakaera ezagutu dituzte, hots, arrantzaleek praktikatzen dituzten eta praktikatu izan dituzten arrantza motak, kanabera, nasak eta tretzak erabiliz. Era berean, arrantzaren arazoak, espezie gakoak eta gehiegizko ustiapenari buruzko informazioa ere jaso dute.

Ikasle hauek ere nahiago dute liburuetatik ikastea baino itsasontzian bertan ibiltzea eta soka hartu eta korapiloak egiten ikastea. "Agian arrantza egitera joango gara!" diote kabitu ezinik.

Irakasleak pozik gelditu dira itsasontzian bi orduko bisita egin ondoren. Haurrekin aritu diren hezitzaileak ondo prestatuta daudela jabetu dira, eta gaia menperatzen dutela. Ongi antolatuta dagoela iritzi dute eta oso interesgarritzat jo dute. Ikusi eta ikasi dutena baliagarri suertatuko zaie gelan lantzeko. Beraientzat ezezaguna den mundura gerturatu dira, eta horixe da Itsas Gelaren xedea, hain zuzen.





Lehen Hezkuntzako 1. ziklorako:

- Itsasora hurbilduz



Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. ziklorako:

- Itsas bioaniztasun lantegia: Itsasoko bizitza aztertzen!

- Itsas bioaniztasun lantegia: Arrainen mundua

- Arrantza lantegia: Arrantzan ikasten!

- Itsasertza lantegia: Gure itsasertza ezagutzen!

- Historia lantegia: Boga-boga, marinela

- Historia lantegia: Gizakiak eta itsasoa



DBH, Batxilergoa eta jendaurrekoa:

- Itsas bioaniztasun lantegia: Kantauriko itsas ekosistemak

- Itsas bioaniztasun lantegia: Zintzilikako bizia

- Arrantza lantegia: Ohiko arrantza eta bere bilakaera

- Itsasertza lantegia: Itsas baliabideak eta horien kudeaketa

- Historia lantegia: Euskal itsas historia eta protagonistak

- Historia lantegia: Pasaiako itsas historia

- Ozeanografi eta klima lantegia: Ozeanografiari sarrera

- Kutsaduraren lantegia: Gure itsasoaren ingurunearen osasuna