Mendebaldeko Sahara, itxaropenaren baitan

2004-12-01
Sarritan esan ohi digute sinesteko ikusi egin behar dela, eta horixe da herri saharrarekin gertatzen dena.

Bitan zatitutako herria da: batzuk Mendebaldeko Saharan bizi dira, Marokoren menpe. Eta handik alde egitea lortu zutenak Aljeriako basamortuan babestu ziren, Tindouf eskualdean. Ezer ez zegoen leku idor hartan eraiki zituzten etxeak, eskolak, ospitalak... eta herri antolaketa osoa. Nazioarteko laguntza ezinbestekoa dute bizirauteko, eta modu askotara jasotzen dute laguntza hori.

Euskal Herrian ekimen asko egiten dira herri sahararren alde. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordio bat egin du SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Hezkuntza Ministerioarekin.

Orrialde hauek modu xume batean basamortuko bizimodura hurbilduko zaiztuztete, beti esku zabalik eta irribarrez hartuko gaituzten sahararrengana. Kasu honetan, ikusi eta ikasi esateko partez, irakurri eta ikasi esango dugu.
 
 
Sahararren historia: sufrikarioa eta esperantza

Aljeriako Tindouf eskualdean bizi dira azken 30 urteotan 173.000 saharar. Euren eskuz eta izerdiz eraikitako pezozko etxeetan eta haimetan. Derrigortutako egoera latzari gogortasun eta pazientzia handiz aurre eginez. Euren ohiturei leku eginez. Umorerik eta bizitzeko gogorik galdu gabe. Irribarrea aurpegitik kendu gabe eta etxeko atea zabalduz. Lasaitasunik galdu gabe. Eta batez ere, esperantzarik galdu gabe. Mendebaldeko Saharara itzultzea desio dute haur txikienetik hasi eta saharar zaharreneraino. Konbentzituta daude lortuko dutela. Eta lortzen dutenean banderari buelta emango diote: orain behean dagoen esperantzaren kolore berdea goian geldituko da eta goian dagoen beltza behean.

Herri sahararrak ez du inoiz amore eman kanpotarren presentziaren eta botere nahiaren aurrean, eta horixe erakusten du beste historiak. XIX. mendean iritsi ziren espainiarrak eta, orduan, Afrikan barneratzen ari zen Frantziarekin Mendebaldeko Sahararen mugak negoziatzen hasi zen Espainia. Sahararrek, ordea, gogor egin zieten espainiarrei eta egoera ez zen batere egonkorra. Hori ikusirik, Frantziak lurralde horiek okupatuko zituela mehatxu egin zion Espainiari 1934an, eta ondorioz, bi herrialdeak sahararren aurka elkartu ziren. Hala, espainiar koloniak herri sahararren gaineko kontrola areagotu zuen.

1965ean NBE Nazio Batuen Erakundeak herri sahararraren autodeterminazio eskubidea onartu zuen eta Espainiari deskolonizazio prozesua hasteko agindu zion, munduko beste 60 herrialde ingurutan gertatzen ari zen bezala. Bitartean, Marokok eta Mauritaniak Mendebaldeko Sahararekiko interesa agertu zuten. 70eko hamarkadan Espainiak, kanpoko presioaren eraginez, autodeterminazio erreferenduma deitzea erabaki zuen, eta horretarako errolda egiten hasi zen. Marokoren eta beste potentzia kolonialaren presioek, ordea, prozesua oztopatu eta bidea geldiarazi zuten.

Egoera horretan sortu zen 1973an Fronte Popular de Liberación de Saguis el Hamra y Río de Oro, hau da, Fronte Polisario-a. Geroztik borroka politikoa, militarra, herritarra eta diplomatikoa bideratu ditu.

Erreferendumaren bidea mozturik, Marokok Martxa Berdea antolatu zuen eta 350.000 gizon-emakume marokoar abiatu ziren Mendebaldeko Saharara, han gelditzeko asmoz. Horiekin batera 25.000 soldatu marokoar joan ziren. Nahiz eta Espainiak herri sahararra defendatzeko asmoa azaldu eta erreferendumaren alde agertu (hala adierazi zuen Juan Carlos I. Erregeak 1975eko urriaren 7an El Aaiún-era egindako bisitan), astebete beranduago akordio bat sinatu zuen Marokorekin eta Mauritaniarekin. Mendebaldeko Sahara bi herrialde horien esku utzi zuen ordainsari ekonomikoen eta politikoen truke.

Goizetik gauera espainiarren eskuetan egotetik marokoarren errepresiopean gelditu ziren sahararrak. Herritarren zati batek desertuan barrena alde egitea lortu zuen hegazkin eta tropa erasotzaileei aurre eginez. Fronte Polisarioak antolatu eta gidatu zuen ihesa. Horrela, Aljeriako Tindouf eskualderaino iritsi ziren, eta hantxe gelditu ziren.

Mauritaniak herri sahararrak bere lurraldean bizitzeko duen eskubidea onartu zuen eta alde egin zuen. Ez, ordea, Marokok. Ondorioz, 1975etik 1991ra luzatu zen Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko gerra. Sahararrek lurraldearen zati bat berreskuratu zuten, baina ez dena. Marokok 2.500 km-ko horma eraiki zuen, eta bere inguru guztia minaz josita dago gaur egun. Alde batean marokoarrak daude zaintze lanetan, bestean sahararrak, eta Nazio Batuetako soldaduak ere bai.



Erreferenduma eskatzen dute

Egoera konpontzeko hainbat saiakera egin dira, baina Marokoren jarrera beti itxia izan da, atzean duen Frantziarena bezalaxe. Garbi dago beretzat nahi dituela eremu horretan dauden arrantzagunea, fosfatoa, gasa eta balizko petrolioa. Mohamed Haddadek, MINURSOko (Mendebaldeko Sahararako Nazio Batuen Misioa) bitarteko eta Fronte Polisarioko kideak, garbi dio: "Nazio Batuetako Biltzarrak esan zuen bezala, modu bakarra herri sahararraren autodeterminazio eskubidea errespetatzea da. Espainiako gobernuak alde guztien eskubideak errespetatu behar direla dioenean, kezkagarria da. Zeren Marokok ez du inolako eskubiderik lurralde honetan. Interesak eduki ditzake, baina ez du inolako eskubiderik herrialde sahararraren gainean".

Horixe da sahararrek behin eta berriro eskatzen dutena: herri sahararraren autodeterminazio eskubidea. "Hori ukiezina da. Hainbeste sufrimendu, gabezia eta giza eskubideren bortxaketa jasan duen herri txiki honek duen asmo bakarra hori da. Hori da herri sahararraren desafio demokratikoa".

Zentzu horretan, Espainiaren erantzukizuna handia dela uste dute sahararrek, eta 2004. urte bukaera arte Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluko kide denez, zerbait egin dezakeela uste dute.



Banatutako familiak

Bitartean, hormatzar lotsagarri hori dela-eta, sahararrak banatuta bizi dira: batzuk Mendebaldeko Saharan, beste batzuk kanpalekuetan eta beste hainbat diasporan. Nahiz eta lurraldearen zati bat askatu, ez dira joan hara bizitzera kanpalekuetatik. Herrialde osoa berreskuratzen dutenean joango dira.

Urte asko pasa dituzte elkar ikusi gabe alde bietakoek. Eta aurten, lehenengo aldiz, UNHCR Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Komisariatu Nagusiak bisita batzuk antolatu ditu sahararren artean. Kanpalekuetakoak lurralde okupatura joateko aukera izan dute, eta gero itzuli egin dira.

Ez da erraza sahararrak guztira zenbat diren jakitea, datu zehatzik ez baitago. Dena dela, denetara 300.000 inguru izango direla uste da. Mendebaldeko Saharan bizi diren sahararrak ez dira 100.00ra iristen, eta hango marokoarrak, berriz, 300.000 inguru dira. 120.000 soldadu marokoar daude, segurtasun poliziaren presentzia ikaragarria da eta administrazioa oso zorrotza da. Hilketak, desagertzeak... denetik salatu izan dute sahararrek, baina Marokoren jarrera ez da aldatzen. Egunero 2 milioi dolarretik gora gastatzen jarraitzen du.

Kanpamelekuetan bizi direnak 173.000 inguru zirela aditzera eman zuen UNHCR-ek 1991an. Orduan gehienak emakumezkoak eta haurrak ziren, baina su-eten garaian gizonezkoen kopurua ere igo egin da. Aljeriako Tindouf eskualdean dauden kanpalekuak lau wilaya edo probintziatan banatuta daude: El Aaiun, Smara, Auserd eta Dajla. Horietako bakoitzean 6-7 daira edo herri daude. Pezoz egindako etxe bakoitzaren ondoan haima bat dago eta hantxe egiten dute bizimodua. Ospitaleak, ikastetxeak, kultur etxeak, ministerioak, irratia, egunkaria, lantegiak eta abar ongi antolatuta dauzkate. Eta dena nazioarteko laguntzari esker.





Sahara eta mundua haurren begietatik

Saharako basamortu lehorraren erdian, kolorez jantzitako hormak agertu ziren udaberrian. 6 eta 13 urte bitarteko 2.000 haurren marrazkiak zeuden zintzilikaturik Smara herrian. Marrazki horiek, orain, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan zintzilikatuko dira.

Batetik, haimak, gameluak, desertua, bandera sahararra... beraien mundua ikus daiteke; eta bestetik, mendi berdeak, ura, hondartza, etxeak.... kanpoko mundua. Biak islatzen dira: beraiek daukatena eta desio dutena. Hori da haur horiek barruan dutena eta marrazkien bitartez era askean eta librean adierazi dutena.




2003. urteko urrian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak margoak eta 4.000 kartoi mehe zati bidali zituen Smarako kanpalekura. Haurrak berehala hasi ziren margotzen hezitzaileen eta Gazte Sahararrak taldeko kideen laguntzarekin. Marrazki guztiak erakusketa batean bildu zituzten, eta berau ikustera joan ziren Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburua eta Nestor Basterretxea eskultorea ekainean. Marrazki batzuk aukeratu, Euskal Herrira ekarri eta erakusketa bat antolatzeko asmoa zuten, baina ezinezkoa izan zen aukeraketa egitea, eta marrazki denak ekartzea erabaki zuten. Nestor Basterretxeak adierazi zuenez, "aukeratu gabe uztea iraina izan zitekeen, eta hemen inork ez du irainduta sentitu behar, alderantziz baizik. Oso polita da Euskal Herrian sahararrek modu honetara adierazteko aukera izatea. Izan ere, herri bakoitzaren hizkuntza propioaren gainetik, bada hizkuntza unibertsal bat: artea". Eta hala izan da, pobrezian eta bakartuta bizi diren herri honetako haurrek artearen bitartez adierazi dute pentsatzen dutena.

Kolorez, alaitasunez eta irudimenez jositako lanak dira eta tonu horrek harritu du Basterrretxea. "Haur horiek zer marraztuko dute? galdetzen nion neure buruari. Zeren hemen ez baitago ezer, hondarrez betetako lurrak eta bizileku ziztrinak besterik ez. Nire harridurarako, ikusi dudana jende zoriontsuaren eta irudimentsuaren erakusketa izan da. Beren nortasunarekin, munduko beste haurrek bezala, sortu egin dute, eta dauden egoeran egonda, beste haurrek bezala sorkuntza lan hori egiteak harritu eta poztu egin nau".

Hala bada, marrazki guztiak ekarri dituzte Euskal Herrira: 2.000. Hemengo hiri eta herrietan jarriko dira ikusgai eta salgai. Ateratzen den dirua, berriro Saharako kanpalekuetara bidaltzeko izango da. Oiartzunen azaroan egin zen erakusketa 50 margolanekin. Hurrengoa Bilbon irekiko dute abenduaren 13an BBK aretoan (Elkano kalean) eta hilaren 18a bitartean izango dira ikusgai eta salgai 100 marrazki.



Hezkuntza Sailak bertara joanda lagunduko die saharrarei heziketa arloan

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ekainean Saharako kanpalekuetara egindako bidaia lankidetza akordio batez burutu zen. Sahararrek esker hitzak baino ez zituzten izan, eta Anjeles Iztueta sailburua ere pozik agertu zen, "bertara etorri, hemengo errealitatea eta beharrak ikusi eta gero egin dugulako akordioa. Horrelako konpromisoak eragingarriagoak dira" gaineratu zuen. "Elkarlan honen oinarria ez da arrainak ematea, arrantzarako kanaberak baizik".

Akordioak lau puntu edo konpromiso ditu:

1- Saharako kanpalekuetan pedagogia zentro bat egiten laguntzea. Zentro horretan herri sahararraren hezkuntza politikaren curriculumak diseinatu eta landuko dira, bereziki Giza eta Gizarte Zientzietako curriculumak; hots, bertako geografiarekin, historiarekin eta identitatearekin lotutakoak.

Gainera, zentro pedagogiko horretan testu liburuak eta ikasmaterialak prestatu eta diseinatuko dira.

Hori guztia bideratzeko, Euskal Herriko hezkuntza profesionalak eta adituak joango dira eta handik bertatik lagunduko diete.

2- Euskal Herriko irakasleak joango dira Saharara hango hezitzaile, irakasle eta profesionalak prestatzera, batez ere pedagogian eta ikasteko metodoen arloan.

3- Euskal unibertsitate sistemarekiko elkarlana. Irakasle tituludunak eta ikasleak praktikak egitera joango dira Saharara.

4- Nestor Basterretxeak herri sahararrari oparituko dion eskultura Gazuaniko lanbide eskolan egingo da. Eskultoreak han bertan egin zuen eskulturaren maketa, lehenengo egunean goizean goiz jaiki, bandera aurrean kokatu eta beroaren zama sentituz. "Askatasun bidean" izena jarri zion, eta herri horren bi alderdiak islatuko ditu: egoera mingarria eta sufritua batetik, eta askatasuna bestetik.





Basamortuko eskolen arnasa sentituz

Desertuaren erdian, baliabiderik gabe eta nazioarteko laguntzari esker bizi diren sahararrek, hasieratik garbi eduki dute aurrera ateratzeko hezkuntzak eta prestakuntzak duten garrantzia. Lehentasunezko gaia izan da, eta horregatik, gaur egun, haur guztiak, % 100, eskolatuta daude derrigorrezko hezkuntzaren etapan, hots, 6-12 urte bitartean. Helduen artean ere, % 99 alfabetatuta dago.

0-3 urteko haurrak haurtzaindegietara eramateko aukera dute, eta 3-6 urte bitartekoak eskolaurrera. Aukera hori eskaintzen duten 27 zentro daude kanpalekuetan barreiaturik, dayra bakoitzean bat. Dena dela, ez da derrigorrezko etapa, baina 6 urtetik aurrerakoa bai. 6-12 urte bitartean Lehen Hezkuntza egiten dute. 29 eskola eta bi barnetegi (9 de junio eta 12 de octubre) daude eta guztira 32.000 haur dabiltza.

Sahararren eguneroko hizkuntza hassaniera izan arren, hizkuntza ofiziala arabiera da eta irakaskuntza ere hizkuntza horretan egiten da. Bigarren hizkuntza ofiziala gaztelania da, eta orain arte Lehen Hezkuntzako 3. mailatik hasten baziren ere, ikasturte honetan 2. mailatik hasi dira.

Lehen Hezkuntzaren bukaeran azterketa bat egiten dute, eta gainditzen dutenek Bigarren Hezkuntzan jarraitzeko aukera dute, baina kanpoan. Orain arte 9 de junio eta 12 de octubre barnetegietan 12-16 urteko gazteak egoten baziren ere, haur kopuru handia dela-eta, Lehen Hezkuntza eskaintzera pasatu dira, eta beraz, memento honetan 12 urteko gazteek kanpora joan behar dute ikasten jarraitu nahi baldin badute. Normalean Aljeriara, Libiara edo Kubara joaten dira, hango gobernuek eskaintzen dituzten laguntzak direla medio. Bigarren Hezkuntza bi ziklotan banatuta dago, eta 1. zikloa (7., 8. eta 9. maila) bukatu ostean beste azterketa bat egiten dute ikasten ari diren herrialdean. Gainditzen dutenek 2. zikloarekin jarraitzen dute, eta gero unibertsitate ikasketak egiten, eta besteak kanpalekuetara itzultzen dira.

Urtero 8.000 gazte inguru itzultzen dira udan kanpalekuetara; batzuk unibertsitateko ikasketak bukatuta, eta beste batzuk Bigarren Hezkuntza gainditu gabe. Azken horiek eta 12 urterekin bertan kanpora joan gabe gelditutakoak Lanbide Heziketara bideratzen dituzte, baina denentzako lekurik ez dagoenez, arazo handia sortzen du.

Hiru lanbide eskola baino ez daude. Gazuanikoa da bat; mutilentzat eta 75 ikaslerentzako lekua duena. Beste biak, 27 de febrero eta Suediak finantzatutako Oloff Palme, emakumeentzako soilik dira. Lehenengoak 120 ikaslerentzako lekua du, eta bigarrenak 100entzat. Zentro horietara joateko aukerarik gabe gelditzen diren 700 gazte Aljeriara joaten dira lanbide bat ikastera, eta Libiara 170.

Unibertsitate ikasketak egitera kanpora joaten dira, gehienak Kubara, Aljeriara eta Libiara, baina baita Estatu espainiarrera, Italiara eta Europako beste zenbait herrialdetara ere. Batez ere Medikuntza, Ingeniaritza, Informatika eta Irakaskuntza ikasketak egiten dituzte. Gaur egun, ia familia guztietan dago lizentziaturen bat, eta hori azken 30 urteotan egindako lanaren eta ahaleginaren ondorio izan da. Zeren 100 urtez bertan egon ondoren Espainia Mendebaldeko Saharatik irten zenean, ez zegoen unibertsitate ikasketak zituen saharar bat bera ere. 30 urteotan, gauzak asko aldatu dira.

Eskoletako egoerak



Smara wilayako eskola

Orain dela 3 urte sortu zen eskola hau Asturiasko diru laguntzarekin. Irailean ateak ireki eta ekainaren hasieran ixten ditu, udako 55-60º-ko tenperaturari bizkarra emanez. 20 gelatan banatzen dira goizez (8:00-12:00) joaten diren 850 haurrak eta arratsaldeko txandan (16:00-18:00) sartzen diren 760ak. 48 irakasleren ardurapean egoten dira, adinaren arabera banatutako taldeetan, 40-45 ikasle talde bakoitzean. Gela batean saharar abestiak ozen kantatzen dituzten bitartean, beste batean arabiar alfabetoz idazten ari dira eta hurrengoan a, e, i, o, u irakasten ari zaie gaztelaniako irakaslea.

Arabiera, gaztelania, matematika, erlijioa, heziketa fisikoa, marrazketa, historia eta geografia dira ikasgaietako batzuk. Ez dago hemengo eskoletako argitasunik, libururik edo ordenagailurik, baina haurrak pozik, irribarretsu eta hiztun ikusten dira, solaserako gogoz. Brakom-ek, adibidez, aurten bukatuko ditu ikasketak, eta datorren ikasturtean Aljerian ikasten jarraitzeko gogoz dago. Irakasle izan nahi du, eta bere lagun Namymak, berriz, erizain.



Buzeid Badadek, 30 urteko irakasleak, lau urte daramatza irakasle lanetan. Kuban ikasi zuen Pedagogia eta Psikologia eta Gaztelaniako eskolak ematen ditu. Califa Zain ere Kuban ikasia da, Geografian espezializatua, eta bera ere Gaztelania irakaslea da egun.



Zenbat irakasle zaudete Saharako kanpalekuetan jardunean?


Eskolaurrean eta Lehen Hezkuntzan guztira 2.500 irakasle gabiltza.

Zein da irakasleen egoera hemen?

Goizeko 7:00etatik arratsaldeko 19:00etara lan egiten dugu eskolan, goizeko eta arratsaldeko txandetako ikasleekin, eta lan gogorra da. Ez dugu soldatarik kobratzen, militantziagatik egiten dugu lan. 80ko hamarkadan ondo ikusita eta baloratuta zegoen irakasleen lana, baina azken urteotan ez.

Zein da Gaztelaniako irakaslearen eguneroko lana?

Lau gelatatik pasatzen gara, bakoitzean egunean ordubeteko eskola emanez. Gaztelaniako ikasgaia ez beste guztiak arabieraz jasotzen dituzte ikasleek, eta hori beste irakasle batek egiten du. Beraz, gela bakoitzetik bi irakasle pasatzen dira: gaztelaniakoa eta gainerako ikasgaiak arabieraz ematen dituena.

Gaztelania komunikazio hizkuntza moduan sartzeko saiakerak egiten ari gara, baina oraindik ez da aldaketarik egin. Hezkuntza Ministerioari proposamena egin genion, eta orain denon artean plan bat egitea falta da

. Gurasoek parte hartzen al dute eskolan ?

Bai, hilean behin egiten dira bilerak eurekin haurraren jarraipena egiteko. Eta hortaz aparte, jaialdietan esku hartzen dute.

Zein da daukazuen gabeziarik larriena?

Material falta; gainerakoa bigarren mailakoa da. Hasieran hondarretan eta botoiak erabiliz hasi ginen; orain orriak eta kartoi mehe zatiak lortuz gero, horiekin moldatzen gara.

Edonola ere, baliabide didaktikoak eta materiala falta arren, ahalegin handia egiten dugu modu didaktikoan irakasteko.

Kanpoan ikasi ondoren, zuen prestakuntza eguneratzeko aukerarik ba al duzue orain?

Ez, eta hori da faltan botatzen dugun elementu garrantzitsuetako bat. Ez daukagu batere harremanik haiekin eta, zentzu horretan, Internet oso baliabide garrantzitsua da guretzat. Horren bidez, kanpoko munduarekin harremanetan jar gaitezke eta materiala lor dezakegu.



Gazuaniko lanbide eskola

1996an eraiki zen lanbide eskola hau eta 1997an sartu ziren lehen ikasleak. 100 ikaslerentzako lekua duen eskola honetan bost espezialitate ikas daitezke: informatika, eguzki energia berriztagarria, txapa eta soldadura, zurgintza eta autoen mekanika. Iazko ikasturtean 75 ikasle zeuden: 15 neska eta 60 mutil. Neskek informatika baino ez dute ikasten eta goizean etorri eta arratsaldean etxera itzultzen dira. Mutilak, berriz, barnetegian gelditzen dira eta asteburuetan joaten dira etxera.

Adinari dagokionez, denetarik dago, ez dago mugarik. Ikasketa mailaren arabera onartzen dituzte ikasleak. Adibidez, informatika ikasteko 3. BBB gaindituta eduki behar dute; mekanika eta energia berriztagarriak ikasi nahi dituztenek 1. BBB edo Bigarren Hezkuntzako 9. maila; eta zurgintzakoek eta soldadurakoek ere 9. maila.

Sarrerako azterketa egin ondoren, hiru hilabeteko aurre-espezialitatea egiten dute. Ondoren, espezialitate batera edo bestera bideratzen dituzte. Behin horietako bat aukeratuta, lehen hiruhilekoan teoria eta praktika uztartzen dituzte, eta azken hiruhilekoan ia dena praktikoa izaten da. Inguruko lantegietan egin ohi dituzte praktikak.

Irakasle guztiak Kuban graduatutako ingeniariak eta tituludunak dira. Espezialitate bakoitzean bi irakasle daude, 20 guztira.



Elgoibarko lanbide eskolarekiko elkarlana

Sidah-Emdat, lanbide eskolako zuzendaria, 1995ean Elgoibarko lanbide eskolan ibili zen ikasten, eta oso esperientzia aberasgarria izan zela dio, "bai pertsonalki eta bai profesionalki". Kudeaketaren inguruko gauzak ikasi zituen, "eta asko balio izan dit. Horren inguruko esperientzia falta zitzaigun, eta oso ondo etorri zitzaigun".

Bi zentroen arteko lankidetza ez da hor amaitzen. Elgoibarko irakasleak basamortuaren erdiko eskola xume honetara etortzen dira bertako irakasleen jakintza birziklatzeko eta formazioa eguneratzeko. "Hori oso garrantzitsua da" azpimarratu du Sidah-Emdatek. "Eskola ireki eta hornitzearekin soilik ezin dugu aurrera egin. Etengabeko laguntza behar dugu funtzionatzen jarrai dezan, bai ezagutzaren arloan eta bai materialen aldetik ere".



27 de febrero: emakumeen erreferentzia gunea

Saharako kanpalekuetan erreferentzia garrantzitsua izan da orain dela 25 urte inguru sortu zen 27 de febrero eskola. Gizonezkoak Fronte Polisarioan borrokan ari ziren bitartean, emakumeek 6-7 seme-alabako familiaren eta gizarte antolaketaren erantzukizuna hartu zuten beren gain. Nahikoa lan bazuten horrekin, baina hala ere, ez zituzten albo batera utzi alfabetatzea eta prestakuntza; horrek lehen mailan jarraitzen zuen. Horrela, 27 de febrero eskola sortu zuten, eta emakumeak beren haima eta familia osoarekin lekualdatzen ziren bertara urtebeterako. Eskolak haurtzaindegia eta jangela zituen, eta ikasi bitartean, han utz zitzaketen haurrak.

Hasieran alfabetatzera soilik joaten baziren ere, gerora gauza gehiago ikasteko aukera zabaldu zen: idazkaritza, erizaintza, irakaskuntza, eskulanak, josteko makinak erabiltzeko trebakuntza, tapizak egiteko...



Zentro kulturalak

Saharako Emakumeen Elkarte Nazionalak (UNMS) bideratuta, Rabunin bizitasun handiko zentro kultural bat dago. Emakumeentzako ikastaroak eta lantegiak daude aukeran. Iaz 30 aritu ziren ingelesa ikasten, 50 gaztelania ikasten eta 25 informatikan trebatzen.

Zentroko korridorean aurrera joan ahala, ate bakoitzaren atzean jarduera ugari egiten ari diren emakumeak ikus daizteke: ile-apaindegian orrazten, beirazko edalontziak pazientzia handiz margotzen, oihalak ehuntzen, antzerkirako arropa prestatzen, abestiak eta dantzak ikasten... Ia bi urteko jardunarekin oso gustura daude parte hartzen dutenak, eta UNMSk Aiunen beste bat irekitzeko asmoa du.





Bachir Mustafá Sayed: "Herri txikia gara eta ingurune honetan bizirauteko modu bakarra kulturalki ahalik eta prestatuena egotea da"



Irribarrerik galtzen ez duen horietakoa da SEADeko Hezkuntza ministroa. Beren egoera kontuan hartuta, harro egoteko moduko antolaketa dute hezkuntza aldetik. Are gehiago, eredugarria da dituzten mugak edukita, hobetzeko eta aurrera egiteko duten kemena eta gogoa. Sekretua? Hezkuntzan sinesten dutela.



Besteak beste, zentro pedagogikoa eta curriculuma egiteko laguntza hitzartu dituzue Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin egin duzuen akordioan. Horrelako hitzarmen bat egiten duzuen lehen aldia al da?

Bai. Beste herrialde batzuekin unibertsitate mailako akordioak egin izan ditugu, baina gehiago ez. Lehendabizikoa da hau, bai.

Zergatik Eusko Jaurlaritzarekin?

Antzekotasunak ditugulako eta Euskal Herriak hasieratik laguntza zabala eman digulako. Dauzkagun proiektu handienak Euskal Herritik datozkigu

. Zein da Saharako kanpalekuetako hezkuntza sistemaren ardatza?

Gure identitatea finkatzea eta indartzea. Hori da helburu nagusia. Gure identitatea zaindu eta munduaren beharretara egokitu eta eguneratu behar dugu. Dauzkagun tresnak hori lortzera bideratu behar ditugu. Beraz, gure nortasuna zaindu, modernizatu eta oinarri zientifiko bat sortu behar dugu, hori baita gurea bezalako herri txiki batek bizirauteko eta bere burua babesteko duen bermea.

Zein da Hezkuntza Ministerioak gobernuan betetzen duen lekua beste ministerioekin alderatuta?

Gerra garaian Defentsa Ministerioak hartzen du lehen lekua; memento honetan, Hezkuntza eta Osasun Ministerioek. Bi arlo sozial horiek dira lehentasuna dutenak.

Hezkuntza sistema sahararrak zerikusik edo loturarik ba al du sistema aljeriarrarekin?

Lege aldetik ez du inolako loturarik. Guk gure legeak, araudiak eta antolaketa egiten ditugu. Lehen Hezkuntza bukatutakoan ziurtagiria ematen diegu, eta irakasle tituluak eta Lanbide Heziketakoak ere bai. Kanpoan ikasten dutenek, berriz, hango titulua jasotzen dute.

Gure testu libururik ez dugunez, aljeriarrak erabiltzen ditugu, baina ez lege aldetik behartuta gaudelako, gurerik ez dugulako baizik.

Osasunarekin batera, hasieratik eman diozue lehentasuna hezkuntzari. Zer dela-eta?

Gu herri txikia gara eta ingurune honetan bizirauteko modu bakarra kulturalki ahalik eta prestatuena egotea da. Horregatik, Fronte Polisarioarentzat hasieratik izan zen lehentasunezko arloa hezkuntzarena. Kanpalekuetan egin ziren lehen kanpaina herrikoiak haurtzaindegiak, eskolak eta ospitaleak eraikitzeko egin ziren. "Irakurtzen dakien sahararra, irakasten duen sahararra" deia egin zen, eta zekitenak ez zekitenei irakasten hasi ziren. Ia 25 urte daramatzagu alfabetatze kanpainekin, eta % 99 alfabetatzera iritsi gara. Udan kanpotik iristen diren ikasle guztiek helduak alfabetatzeko kanpainetan parte hartzen dute.

Horretaz aparte, ingurune frankofonoan bizi gara: hegoaldean Mauritania, iparraldean Maroko eta ekialdean Aljeria. Horregatik, jan ez gaitzaten, bereizten gaituzten lotura historikoak mantendu behar ditugu, gaztelania, besteak beste

. Zein egoeratan zaudete gaur egun?

Memento honetan gure hezkuntza sistema moztuta dago. Bigarren Hezkuntza eskaintzen bagenuen ere, une honetan ez daukagu eta gazteek kanpora joan behar izaten dute ikasketak jarraitzera. Ikasturte honetan egoera hori zuzentzeko asmoa dugu.

Gauza bera gertatzen da unibertsitatearekin. Hemen ez daukagu eta kanpora joan behar izaten dugu.

Aljeriako lurralde honetan errefuxiatuta gaude eta kanpoko laguntzaren menpe gaude erabat.

Dena dela, anormaltasun horren barruan, nola normaliza gaitezkeen aztertzen ari gara, sistema moztu gabe eduki dezagun. Daukagunarekin hobeto antolatu behar dugu, hobeto egin. Agian ez dugu lortuko Bigarren Hezkuntza osorik edo unibertsitatea edukitzea, baina bai orain baino gehiago.

Zein dira dituzuen arazo nagusiak?

Bata eskola porrota. Gaur egun 13-16 urteko 14.000 gazte Bigarren Hezkuntzako 9. maila gainditu gabe gelditzen dira. Kopuru izugarria da. Gazte horiek Lanbide Heziketara bideratzen dira, baina hala ere ez dago denentzako adina leku.

Bigarren arazoa irakasleen exodoa da. Irakasleek 30 urte daramatzate borondatezko lana egiten eta nekatuta daude. Egunero 8 orduko lana da eta gogorra da. Duela 6 urtetik hona, beste lanbideetara pasatzen hasi dira: Media Lunara, beste ministerioetara, baratzeetara...

Egoera horren aurrean, irakasleak falta direnez, behartuta gaude Batxilergoko 2. eta 3. mailako ikasle graduatu gabeak hartzera. Horrek ondorio negatiboak ditu hezkuntzaren kalitatean eta haurren emaitza akademikoetan.

Ondorioz, jendeak eskola koraniko tradizionaletara bidaltzen ditu haurrak. Kanpalekuetan bertan dauden eskola ez arautuak dira, eta eskola normaleko jardunaren osagarri dira. Egunean 2-3 ordu joaten dira eta irakurtzen, idazten eta erlijioa irakasten diete modu tradizionalean. Bertako irakasleak beduino zahar tradizionalak dira.

Zein dira premia edo behar nagusiak?

Hasteko, testu liburu sahararrak. Gaur egun hezkuntza programa aljeriarra irakasten ari gara, geure testu libururik ez daukagulako. Horregatik, lehentasunezko lana da gure testuak diseinatzeko eta egiteko bitartekoak bilatzea.

Horri loturik, irakasleen formazioa eta aholkularitza behar dugu curriculuma eta testu liburuak diseinatzeko eta egiteko. Horretarako, interesgarria da truke kulturalak egitea. Hau da, Gaztelania irakastera etortzea kanpotik eta haien ezagutza transmititzea.

Hirugarrenik, zentroen eraikuntza aipatuko nuke. Haur Hezkuntzako eskola guztiek 26 urte baino gehiago dituzte. Pezoz eginda daude eta etengabeko higadura jasaten dute. Urteroko mantenua eta berritzea falta zaie. Gainera, gutxieneko arau pedagogikoak ez dituzte betetzen: argiztapena, aireztapena, mahaiak eta aulkiak oso zaharrak dira...

Nolakoa da Hezkuntza Ministerioaren antolaketa?

Ministerioaren barruan zuzendaritza zentralak daude: Eskolaurrekoa eta Lehen Hezkuntzakoa, Lanbide Heziketakoa, atzerriko ikasleen kolektiboarena, ikuskaritza eta curriculuma, lankidetzakoa eta logistika eta eskoletako hornikuntzakoa.

Ministerioan dauden pertsonak dira zuzendaritza horien arduradun, eta harreman zuzena dute eskualdeko zuzendaritzekin.

Wilaya bakoitzean eskualdeko zuzendaritza bat dago eta dayretako eskoletako zuzendaritzako kideek parte hartzen dute bertan. Gure hezkuntza sistemako hizkuntzak arabiera eta gaztelania dira, eta bietako irakasleek esku hartzen dute zuzendaritzetan.

Eskola bakoitzean irakasleez osatutako batzorde bat dago eta astero biltzen dira. Hilean behin egiten diren batzordeetan guraso elkarteek ere parte hartzen dute.