Eskolako Agenda 21 (II), Europan.

2007-03-02

Eskolako Agenda 21 dugu hizpide oraingo honetan ere. Aurreko zenbakian EA 21 programa munduan zehar nola garatzen ari den aipatu genuen. Oraingo honetan, Europan kokatuko gara, eta zer, non eta nola ari diren aurrera eramaten ikusiko dugu.

 
 

Eskolako Agenda 21 dugu hizpide oraingo honetan ere. Aurreko zenbakian EA 21 programa munduan zehar nola garatzen ari den aipatu genuen. Oraingo honetan, Europan kokatuko gara, eta zer, non eta nola ari diren aurrera eramaten ikusiko dugu.

Forest-school, Green-school, Eco-schools, Model School, Outdoor-school, Eskolako Agenda 21… etorkizun iraunkor baterako programa europarrak dira. Eskolako Agenda 21 (EA21) Europan ez ezik mundu mailan ere hazten ari den ingurumen hezkuntzako programa bat da, non hezkuntza komunitateak -lan sistematizatu baten ostean- eskolaren eta inguruaren (auzoa, herria edo hiria) aldeko ekimenak garatzen dituen. Urruneko errealitateetatik hurbileko errealitateetara abiatuko gara:

- Itsaso Baltikoaren inguruan dauden 11 estatuek (Danimarka, Estonia, Finlandia, Alemania, Islandia, Letonia, Lituania, Norvegia, Polonia, Errusia eta Suedia) Baltic 21 for Education (Baltic 21 E) iraunkortasuna sustatzeko ingurumen hezkuntzako (IH) programa garatzen dute. 41.000.000 ikasle eta 4.000.000 irakasle daude inplikatuta. IHko programa koordinatu handi horren atzean daudenek sareko lana egiten dute, helburu berdinekin baina bakoitza bere testuingurura egokituta. 

- Erdialdeko eta Ekialdeko Europan, Greenway elkarteak (Central and East European Network of Environmental NGOs -Erdialdeko eta Ekialdeko Europako Ingurumeneko GKEen Sarea) bultzatzen du EA21 programa. Adibide bat Poloniako Agenda 21 na szkola da, eta helburu hauek ditu: eskolaren ingurua hartzea (auzoa, herria edo hiria), ingurumen diagnostikoa egitea eta arriskuak aurkitzea. Lana bukatzean ikasleek beraien Green books (liburu berdeak) prestatzen dituzte, non landareei, animaliei, urari eta hondakinei buruzko informazioa agertzen den eta ikasgelako ebaluaziorako baliagarriak diren. 

- Moldavian, aurreko ikasturtean hasita, 4.500 ikasle ari dira 15 udalerritan (TA21ekin) EA21 garatzen. Ikasleen lanak Green booksetan agertzen dira.

- Alemanian Agenda 21 in der Schule garatzen ari da 550 ikastetxe baino gehiagotan, TA 21 ezartzen ari diren 47 udalerritan. Programa Hezkuntza eta Ingurumen Ministerioaren laguntzarekin garatzen da. Ikastetxeek Etorkizunerako eskola ziurtagiria lortzen dute programa bukatzean. Esperientzia bitxi bat badago, EA 21 Kafea izenekoa. Eskolaz kanpokoa da, bereziki TA 21en dabiltzan ikasleen parte-hartzea bultzatzeko egina. 600 eskola baino gehiago daude Eco-schools programan sartuta (Umweltschule in Europe), eta –hau bai bitxia– Eskolako Agenda 21 Bandera ikurra lor dezakete. 

- Urruneko beste esperientzia batzuk hauek dira: Suediako The Green Shool Award programa, Danimarkako Green Education and Environmental Qualifications programa eta Lituaniako EA 21. 

- Italiako Agenda 21 Scuola oso hedatuta dago, ia eskualde guztietan dago. 1999-2000 ikasturtean hasi zuten probintzietako erakundeek, Informazione de Educazione Ambientale

-INFEMA erakundearen laguntzarekin. Antzeko ingurumen kudeaketa sistema (EMAS) garatzea proposatzen da. Programak ebaluatzeko Europako Ingurumen Agentziak aldarrikatzen dituen adierazleak erabiltzen dira: Presioa-Egoera-Erantzuna (PEE). Presioa gizakiak bere jardueraz sortzen duen efektua da (kontsumoa, hondakinak, kutsadura…); egoera, ingurumenaren kalitatea (airea, ura, lurzorua…); eta erantzuna, egiten diren ekimenen eraginkortasuna (TA 21ekiko loturak, egindako jarduerak, herrian beste ikastetxeekin aurrera eramandako ekimenak…). EA 21 IH Ingurumen Hezkuntzako fruitutzat hartzen dute. Programa honek aldaketa imajinatzea eta proiektatzea bultzatzen du hiru esparrutan (eskolaren kudeaketan, curriculumean eta metodologian); eta baita hezkuntza komunitatearen eta lurraldearen arteko harreman dinamikaren aldaketa imajinatzea eta proiektatzea ere. Filosofikoki hezkuntza paradigma eraikitzailearen alde agertzen da.

- Portugalen Agenda 21 Escolar eta Eco-escuela proiektuak oso lotuta daude. Bertan Eco-schools-en ildoari jarraitzen diote, baina inplikazio zuzena daukate ingurumen hurbilarekin. Gainera, TA 21ekin lotuta, EA 21 Eguna ospatzen dute. Portugalen 464 ikastetxe daude programan. TA 21 Forumetik EA21 programa bultzatu nahi da, sariak emanez eta Nazio Batuen laguntza bilatuz. 

- Frantzian Experimentation d’Agenda 21 d’etablissements scolaires egitasmoa garatzen ari dira Hezkuntza Ministerioak bultzatuta. 100 ikastetxe inguruk daramate aurrera programa. Helburu nagusi gisa ikasleen ezagueren, jarreren eta ideien aldaketa; ikasleen programarekiko autoebaluazioa; eta irakasleen programaren ebaluazioa dauzkate. Eta baita eredu eta gida metodologikoak ateratzea, beste erakundeak mobilizatzea (eco-embalages, FEEE, Unicef…), estatu mailan esperientzien sare bat egitea eta EA 21i buruzko Europako Mediterraneo inguruko sare bat osatzea ere. 

Espainian ondorengo esperientzia hauek aurki daitezke: 

- Euskal Autonomia Erkidegoarekin batera aitzindari eta erreferentzia Bartzelonako Agenda 21 Escolar programa da. Mota guztietako ikastetxeentzat da, Udalak bultzatutakoa. Udalak hezkuntza, partaidetza eta gizarte inplikazioa garatzen duen proiektu horretan parte hartzera animatzen ditu ikastetxeak; IHn ikastetxe askok egiten duen lana aitortzeko, sustatzeko eta bultzatzeko eta hiriaren eta eskolaren arteko loturak sendotzeko lantzen da programa. 2001-02 ikasturtean hasi zen esperientzia hori, eta egun Bartzelonako 184 ikastetxek eramaten dute aurrera egitasmoa. Prestakuntza aldetik, Hilda Weissman-ek ateratako gidaz gain, honako hauek dira planteatzen diren pausoetako batzuk: lan egiteko esparru komun bat (talde proiektua); material didaktikoak eta gidak; aholkularitza tekniko eta pedagogiko pertsonalizatua eta iraunkorra; informaziorako zerbitzu iraunkor bat… Hezkuntza komunitateari zuzenduta dago, eta ikastetxe bakoitzak bere erara eratzen du. 

Programaren zerbitzura hainbat baliabide daude: lan proposamenak eta berariazko baliabideak, dokumentazio zentro bat, telefono bidezko informazio etengabea, hamabostaldiko buletin bat programaren webgunean, ikastaroak, mintegiak... 

- Kataluniako Escola verda programa, unibertsitatez kanpoko ikastetxeei zuzenduta. Generalitateko Hezkuntza eta Ingurumen Sailek eta Institut Catalá d’Energiak bultzatzen dute, IHko Kataluniako Elkartearen laguntzarekin. Konpromiso bat hartzen da: udalarekiko koordinazioa tokiko hobekuntzan. Pasa den ikasturtean 233 ikastetxe aritu ziren programaren barruan. Generalitateko Hezkuntza Sailak Escola Verda labela ematen du (plaka bat). Urtero Escolas Verdas Foruma elkartzen da, urtean behin, esperientziak trukatzeko. 

- Kantabrian, Hezkuntza Sailak bultzatuta, deialdi bat zabaldu da unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoentzat, hiru urtean (2005-08) garatzeko programa baterako. Ezinbestekoa da udal TA 21en sartuta egotea eta ez dago diru laguntzarik. Helburu nagusiak udalerriari eta ikastetxeari buruzko erabakiak hartzeko mekanismoak sortzea eta TA 21eko Foroetan parte hartzea dira. Iaz 15 ikastetxe sartu ziren. Lantzen diren gaiak kudeaketa iraunkorra, curriculumaren berrikuntza eta parte-hartzea dira. 

- Guadalajarako Diputazioak EA 21 programaren garapena bultzatzen du bere probintzian, ADEAC (Asociación de Educación Ambiental y del Consumidor) elkartearekin batera, ikastetxe guztiei diru laguntzak eskainiz. Esperientzia hori 2004-05 ikasturtean hasi zen 4 ikastetxerekin eta 2005-06an 10 ikastetxerekin jarraitu zuen. Programaren balorazioa ona izanez gero, Diputazioak ematen duen Bandera Berdea lor daiteke. 

- Galizian unibertsitatez kanpoko ikastetxeei zuzentzen zaie EA 21 programa eta Ingurumen eta Hezkuntza Sailak bultzatutakoa da, baina diru laguntza eta prestakuntza berezirik gabe. Gida bat publikatu dute (Bartzelonako gidan oinarrituta) eta ikasturte honetan 25 ikastetxe inguru ari dira programa egiten. Asmoa ikasturte honetan TA 21ekin lotura egitea da. 

- A Coruñako udalak DBHko bi mailatarako EA 21 programa eskaintzen du. 2002-03 ikasturtean 3 ikastetxek eta 300 bat ikaslek hartu zuten parte; 2003-04an, 6 ikastetxek eta 500 ikasle inguruk. Ebaluaziorako Europako adierazleetan oinarritzen dira. Baliabide gisa Irakaslearen Gida eta Ikaslearen koadernoa erabiltzen dira, eta udalerriko buletinak. Ikaslearen koadernoaren barruan “zure aztarna ekologikoa aztertu” atala agertzen da, era egokitu eta errazean garatua. 

- Valentziako Autonomia Erkidegoko eskola askotan Recicla l’escola programa garatzen da; adibidez, Castelló lurraldean 50 zentro baino gehiagok hartzen dute parte. Helburua da eskolako ingurumen kudeaketa hobetzea eta iraunkortasunaren aldeko ekintzak sustatzea. Ikastetxeetako hezkuntza komunitateari, udalari eta tokiko pertsona eta elkarte guztiei zuzenduta dago.

Programaren babes ekonomikoa Caja de Ahorros del Mediterráneok hartzen du bere gain eta prestakuntza, aholkularitza eta jarraipena Alcoy, Gandía eta Torrenteko CEFIREk (Centros de formación y recursos educativos; hemengo Berritzeguneen parekoak). 

Jasotako informazioen artean, beste programa batzuk ere agertzen dira EA 21 izenarekin, baina ez ditugu aurrekoekin sartu, herriarekin edo hiriarekin ekimen zuzenik garatzen ez dutelako. Esate baterako, Madrilgoa, Castilla-La Manchako herri askotan garatzen dena, Lanzarotekoa eta Aranda de Duerokoa. Edonola ere, gero eta eco-school (eko-eskola) gehiagok bilatzen dituzte udalerriekin loturak eta harremanak.

- Asturiasen ez da EA 21 programa garatzen, baina 2001-04 bitarteko ikasturteetan Econet 21 europar proiektua garatu zen. Europako unibertsitate eta erakunde batzuek lan talde bat osatu zuten Oviedoko Centro de Profesorado y Recursos-en (Irakasle eta Baliabide Zentroa), berau koordinatzaile delarik. Proiektu horrek Guía europea para la elaboración de agendas escolares ambientales (Ingurumen EAk egiteko europar gida) atera zuen 2004an. Gida hori irakasleei, aholkulariei, ikuskariei eta IHko enpresetako kideei zuzenduta dago, eta hiru atal ditu: kontzeptuak eta hiztegia, ekoauditoria bat egiteko pausoak eta esperientzia eredugarri batzuk.Estatu mailan, gero eta ikastetxe gehiago ari dira batzen programa honetara, eta Euskal Herriko egoera, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan Ingurugela-Ceidak gidatzen duena, hurrengo zenbakian ikusiko duzue. •