Heziketa librea izeneko liburua argitaratu berri du Ane Ablanedo Larrion irakasle eta neurosiaren prebentzioan adituak Hik Hasiren eskutik.

 

Heziketa librea izeneko liburua argitaratu berri du Ane Ablanedo Larrion irakasle eta neurosiaren prebentzioan adituak Hik Hasiren eskutik. Gure bizitzak eta gure heziketak nolakoak izan behar duten etengabe hausnartzen dihardu Ablanedok eta hori guztia idatziz jaso du orain.

 

Urteetan pilatutako esperientziaren bilduma da Heziketa librea liburua. Esperientzia handia bildu du Ane Ablanedok (Iruñea, 1973)urtetan zehar gurasoei, hezitzaileei, irakasleei eta interesa izan duen edonori askatasunari buruzko eta neurosiaren prebentzioari buruzko formazioa eskaintzen eta hori guztia liburuan bildu du orain. Hainbat iturritatik edan du eta horiek guztiak uztartuta bere ekarpena egin nahi izan du, euskaraz. Estitxu Fernandezek idatzi du hitzaurrea eta epilogo gisa Ablanedok eskainitako formazio-saioetan izan diren hainbat pertsonen esperientziak jaso ditu.

 

Heziketa librea izena du zure liburuak. Heziketa librea izan al daiteke?

Ez. Librea baldin bada ezin da sistematizatu eta helburua norbait heztea baldin bada, ez da librea. Liburuaren helburuetako bat, hain zuzen, horixe da: heziketari heziketarekin lotuta ulertzen ditugun hainbat elementu kentzea. Horrela, heziketa kenduko genuke, eta horren ordez bizitza jarriko genuke. Galdera izango litzateke zer eskaini beharko geniekeen haurrei bizitza libreagoa izan dezaten eta nola egin genezakeen gure bizitza ere libreagoa izateko. Benito [Lertxundi] oso pertsona garrantzitsua izan da askatasunaren bila egin dudan bidean eta askatasuna behin eta berriz ateratzen zen gaztetxoa nintzela harekin izan nituen solasaldi luzeetan. Nik nahi izaten nuen hark esatea nola izan nintekeen libre eta erantzuna beti zen bera: “Nik esanez gero ez litzateke librea izango”. Heziketa eta libre hitzak ez dira bateragarriak.

 

Liburuak hiru bloke nagusi ditu: lehenik askatasunari buruz hitz egiten duzu, ondoren heziketari buruz eta, azkenik, heziketa libreari buruz. Askatasuna gu geu izatea dela diozu liburuan. Posible al da gaur egungo gizartean gu geu izatea, eta, beraz, aske izatea?

Ez. Gizartea antolatua dagoen moduan ezin gara libre izan, modu jakin horretan antolatua dagoelako, hain zuzen ere, gu libre izan ez gaitezen; ez da kasualitatea. Dena dago egina benetan gu geu izan ez gaitezen, horretarako aukerarik izan ez dezagun. Benetan gu geu izango bagina eta geure buruarekin konektatuta egongo bagina, gure ongizatearen kontra eta gure duintasunaren kontra zenbat gauzek jotzen duten ikusteko gai izango ginateke eta horren kontra borrokatzeko indarra izango genuke. Ezin gara geu izan, baina hori zerk eragozten digun ohartuko bagina, geu izateko modua genuke neurri batean, behintzat. Gure ardura da hori eragozten diguna nor eta zer den identifikatzea eta salatzea.
 

Eta helduok aske ez baldin bagara, posible al da ume edo pertsona askeak haztea eta heztea?

Aske ez garela ohartzen baldin bagara bai, kontzientzia baita gakoa. Demagun osasungarria ez den joeraren bat dugula eta horrek askatasuna eragozten digula. Haurrari ez baldin badiogu hori transmititu nahi, lehen gauza da horretaz ohartzea, etena jarri ahal izan diezaiogun. Sanoa ez den gizarte batean oso zaila da hurrengo belaunaldia aske izan dadila lortzea —edo osasuntsua izan dadila bermatzea, azken batean gauza bera da—, baina pausoak eman ditzake. Hezkuntzan ere gertatzen da: hezitzaile aurrerakoiek, kontzientzia handiagoa dutenek, gehiago sufritzen dute egin ezin duten horregatik. Egin dezakeguna egin dezakegu, baina argi eduki behar dugu gizartearen erabateko eraldaketa ez dagoela gure esku.

Hurrengo belaunaldiei ahalik eta osasuntsuen garatzen utzi behar diegu belaunaldiek aurrera egin ahala, gizatasuna berreskuratzen joan gaitezen. Baina hurrengo belaunaldia ere ez da erabat sanoa izango. Autoerregulazioa bermatzeko, aurreko belaunaldia autoerregulatua egon behar da eta hori ez da oraindik horrela. Hurrengo haurrek ere gaixotasun puntu bat izango dute gure gizartea gaixo dagoelako eta gizartean integratzeko eta zoro baten gisa har ez gaitzaten, neurotikoak izan behar dugulako.

Desberdina da, hala ere, neurotikoa izatea hala zarenik jakin gabe, edo neurosia maskara baten modukoa izatea, jarri eta kendu dezakezuna, zauden tokiaren edo inguruaren arabera. Batzuetan ezin izango dugu garen moduan agertu, norbaitek mina emateko arriskua dugulako, bortitzak eta min eragile handiak garelako. Guri min eman digutenez, guk ere horixe transmititzen dugu, Estitxuk [Fernandez] hitzaurrean ongi adierazten duen moduan. Helburua da haurrek munduarekin erlazionatzeko beste modu bat dagoela jakin dezaten lortzea, neurosia maskara gisa edukitzea, eta ez automatismo gisa. Hori lortzeko gakoa bizitzako lehen urteetan dago.

 


Galdera izango litzateke zer eskaini beharko geniekeen haurrei bizitza libreagoa izan dezaten eta nola egin genezakeen gure bizitza ere libreagoa izateko


 

Umeei askatasuna debekatzen diegula eta askotan gure maitasuna trukerako txanpon gisa erabiltzen dugula esaten duzu liburuan, xantaia egiten diegula.

Bai, xantaia asko egiten diegu, oro har, gure estrategiak dira. Guk ez dugu maitasun inkondizionalik jaso: borondate oneko gurasoen seme-alabak gara, baina garapen psikoafektiboari buruz oso ezjakinak izan dira, oro har, eta trikimailuak bilatu behar izan ditugu. Jarrera argia izan beharko litzateke: umearen jarrera guretzat ez baldin bada onargarria, esan behar diogu ez dugula horrelakorik onartuko, baina garbi adieraziz berdin-berdin maiteko dugula beti, egiten duena egiten duela ere. Ez dugu horrelakorik egiten, ordea, pentsatzen dugulako hori eginez gero, haurrak ustez gaizki egindakoa baieztatzen ari garela. Norbaiti maitasuna erretiratzeko mehatxua da aplikatu daitekeen zigorrik handiena, eta hori egiten dugu, ez esplizituki, baina “ama triste jarriko da” esanez, adibidez. Ama triste jartzea, amaren arazoa izango da, baina umeak amaren maitasuna behar duenez, jasanezina zaio ama triste jarriko dela pentsatzea. Umeak ezin du horren erantzule sentitu, hori xantaia da eta umeak egin duen hori egiteari utziko dio ama tristetu ez dadin.
 

 

Askatasuna mugarik ezarekin nahasten dugu askotan eta ez dira gauza bera, ezta? Gehiegizko autoritarismotik gehiegizko permisibitatera pasa garela dirudi...

Nik uste dut hori dela gaur egungo heziketa moldearen ezaugarrietako bat. Errespetuzko haziera zer den gaizki ulertu dugu eta muga gabezian erori gara, umeei ordenarik ez eskaintzearekin batera. Erreaktiboki sortutako arazoa da, gehiegizko autoritarismotik gatozelako, eta beraz, mugak jartzen ditugunean autoritario izaten ari ote garen mamua sortzen zaigu. Gizarte mugatuegi baten ondorio da, zeren libre denak ongi daki mugak egon badaudela eta ez du mugen kontra horren gogor egiten, umeek ere ez. Umeak sano baldin badaude, badakite mugak daudela eta horrek ez die eragozpenik sortzen. Baina umeei mugak jartzeko eta bizitza egituratua eskaintzeko beharrezkoa da gaur egun ez dugun energia bat, indar bat. Ume bati mugak jartzeak autoritatea eskatzen du, erabakiei eusteko gaitasuna, koherentzia. Autoritate hori ez da autoritarismoarekin nahasi behar, ordenak haurrei lasaitasuna ematen dielako. Bide horretan, arreta puntua aldatu beharko genukeela uste dut: ez genuke hainbeste pentsatu behar muga non eta noiz jarri, baizik eta pertsona horrek ongi bizitzeko eta ongi hazteko behar duen guztia ba ote duen. Hala baldin bada, arazo gutxi izango dugu mugekin. Arreta hor kokatuz gero, berez agertuko diren eta berezkoak diren mugak egongo dira.
 

Haziera politikoa dela eta umea subjektu politikoa dela diozu. Politika eta haurtzaroa esaldi berean kokatzea polemiko samarra izaten da, baina bereizi al daitezke haurrak eta politika?

Ez. Haziera politikoa da. Hasteko, gizarte gisa, herri gisa edo pertsona gisa eduki beharko genukeen indar politikoa desaktibatzeko sistemak duen modurik eraginkorrena gure haurtzaroan eragitea delako. Haurtzaroa ez da zaintza soilik, garai horretan gure barneko pasta sortzen ari da eta badira orduan konkistatu ditzakegun hainbat gauza gure konfigurazio psikologikoa osatuko dutenak, eta afera politikoen aurreko gure jokabidean eragin zuzena izango dutenak. Afektiboki mendekoak baldin bagara, esaterako, kapitalismoak bestela izango ez lukeen efektua izango du gugan, eta mendekotasun hori haurtzaroa igarotzen dugun moduaren araberakoa izango da.

 


Hurrengo belaunaldiei ahalik eta osasuntsuen garatzen utzi behar diegu belaunaldiek aurrera egin ahala, gizatasuna berreskuratzen joan gaitezen. Baina hurrengo belaunaldia ere ez da erabat sanoa izango


 

Hain zuzen ere, zapalkuntzaren aurrean, pedagogia politikoa egin behar dela aldarrikatzen duzu.

Hori da heziketa librea kontzeptuaren azpian dagoen deseraiki beharreko beste mito bat: librea umeei egin nahi duten guztia egiten uztea dela. Bada, ez. Gure gizartea nahi dugun bezain osasungarria balitz eta benetan giza-balioen arabera arautua egongo balitz, ez genuke umeengan beharbada hainbeste eragin behar, eta berezkotasun horrengan konfiantza handiagoa eduki genezake, baina ez da horrela. Errealitatea beti politikoa da, soziopolitikoki markatua, eta bi aukera daude: errealitate horri umeen hezitzaile izan dadin uztea edo funtzio hezitzaile hori geuk hartzea. Hizkuntzaren auzian, adibidez, umeek etxetik dakarten hizkuntza lehenesteko joera dago gaur egun, hori naturala delakoan, eta beraz, librea. Baina umeek dakarten hizkuntza ez da zerutik eroria, ezta hautu naturala ere, hizkuntzak beti daudelako sistema baten baitan eta nazio bati lotuta. Iruñean umeak eskolara gaztelania eramango du nagusiki, eta frantziar okupaziopeko lurraldeetan frantsesa. Hori ez da naturala eta are gutxiago librea. Beraz, edo sistema hegemonikoak berea ezartzen du edo guk gurea ezartzen dugu. Euskaraz ez dakien ume bati euskara ematea zer da, haren askatasuna eragoztea edo ahalbidetzea? Feminismoarekin ez dugu zalantzarik egiten: eskola aurrerakoietan feminismoaren aldeko diskurtsoak zabaltzen dira badakigulako hori egin ezean matxismoa dagoela, ez dagoela neutraltasunik. Egiturazko zapalkuntzen aurrean, zapalkuntzak agerian uztea da librea, horiek gainetik kentzeko gakoak eta edukiak eskaintzea.

 

 

Gaur gaurkoz eskolak bultzatzen duen heziketa ereduarekiko oso kritikoa zara eta guztiz eraldatu beharko litzatekeela diozu. Zergatik?

Eskola oso instituzio markatua da, baina ez dugu horrela ikusten eta gizartearen konfiantza osoa du, zilegitasun osoa. Niretzat bitxia da. Edozein instituzio jarri beharko genuke zalantzan, printzipioz, baita eskola ere. Zergatik joan behar dute umeek eskolara? Zergatik ikasi behar dute eskolan? Ideia horretatik abiatuta, eskolan soilik ikasten dutela pentsatzen dugu eta eskolan ikasten dena baino ez dela baliotsua. Gizartea legitimatzeko dagoen erakunderik eraginkorrena da eskola, konfiantza ematen diogulako aingerutarra delakoan. Jendeak eskolaren kontra egin ohi du —gurasoek, hezitzaileek edo irakasleek—, baina behin ere ez termino erradikaletan.

Eskolak “eraitsi” egin beharko lirateke. Hasteko, eraikin estetikoki markatuak direlako eta oso itsusiak haietako asko. Baina sinbolikoki ere, eskola kontzeptua eraitsi beharko litzatekeela uste dut eta beste zerbait eraiki beharko genukeela umeei gauzak erakusteko. Umeei gauzak erakustea oso polita izan daiteke, jakina, baina zertan datza eginkizun hori? Nola ikasten du ume batek? Horri guztiari buruz hitz egin behar da. Uste dut eskolaren funtzio nagusia ez dela umeek ikastea, hala ematen duen arren.

 

Eta egungoa “eraitsi” ondoren eraikiko genukeen eskolak nolakoa beharko luke pertsona askeak hezteko?

Kendu beharko litzaiokeena garbi dut. Pertsona batek ezin du ongi egon dena aldez aurretik egina eta diseinatua ematen baldin bazaio, ezer esan ezin duen eta denari baietz esan behar dion toki batean. Horrek indarrean jarraitzen duen bitartean ia berdin du curriculuma aldatzen dugun edo zer egiten dugun, tiritak jartzea izango delako. Zer etika dago horren guztiaren atzean? Erdigunean jarri behar dugu ikastera etorri den pertsona bat dagoela. Eta ikasi behar baldin badu haren interesak kontuan hartu beharko ditugu, baina ez interesak modu abstraktuan baizik eta momentu jakin horretan interesatzen zaiona.

 


Haziera politikoa da. Hasteko, gizarte gisa, herri gisa edo pertsona gisa eduki beharko genukeen indar politikoa desaktibatzeko sistemak duen modurik eraginkorrena gure haurtzaroan eragitea delako


 

Nola joka dezakegu helduok haurren bidelagun izateko?

Printzipioz pertsona guztien bidelagun onak izan behar dugu, baita umeenak ere. Onena izango litzateke pentsatzea komunitate handi bateko kide garela, bertan adin desberdineko pertsonak daudela, elkarrekin bizi garela, elkar laguntzen dugula eta elkarrekin ikasten dugula. Komunitate horretan umeak daude eta umeekin ez gara beste modu batera erlazionatu behar. Beharbada umearekin ardura handiagoa dugu dena lehen aldiz bizitzen ari delako eta horrek, gerora begira, inplikazioak dituelako. Baina inor hezi nahi izateari utzi beharko genioke. Lagunak ez baldin baditugu hezten, adibidez, zergatik onartzen dugu umeak hezi egin behar ditugula? Bitxia da.

 

Familientzat eta hezitzaileentzat kezka iturri diren zigorrak eta ondorioak ere aztertu dituzu liburuan. Bien arteko muga oso lausoa izaten da maiz. Zertan bereizten dira?

Zigorra gauza morala da. Zigorra jartzean pentsatzen duguna da umeak egin duena gaizki dagoela, gaiztoa dela eta ikasi egin behar duela. Zigorrak deskarga elektriko txikitxoak dira, eta horiek ekidin nahian egindakoa ez errepikatzeari deitzen diogu "ikastea". Benetan behar al dugu biolentzia, ikasiko badugu? Ondorioak ezberdinak dira, egin dugunak ondorio jakin bat izango duelako, noski, baina horraino. Ondorioa zigorretik bereizteko balio dezakeen hitza erreparazioa da. Egin dugunak kalteren bat eragin baldin badu, hori konpontzen saiatu beharko dugu eta hori bera da ondorioa. Umeari ura lurrera erori baldin bazaio, hori jasotzea ondorio bat izango litzateke. Hor ez dago zigorrik. Zigorren atzean morala eta beldurra daude —askotan baita amorrua eta gure karga ere—, pentsatzen dugulako egin duen hori gaizki dagoela jakitera ematen ez baldin badiogu, ez garela hezten ari. Ez gara fidatzen ondorio bidezko heziketa hori nahikoa izango denik eta min erantsi bat ezarri nahi izaten dugu. Ondorioa, zigorraren eufemismo gisa erabiltzen dugu sarritan.

 

Ane Ablanedoren Heziketa librea liburua: