Hik Hasi Kontseiluak deitutako elkarreratzean izan da.

 

Ehunka pertsona elkartu gara "Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat" lelopean Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko EHUren campusetan deitutako hiru elkarretaratzeetan. Bertan, salatu da unibertsitatera sartzeko probetan zenbait ikaslek lortutako emaitza eskasak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia hezkuntzara hedatzeko baliatu duela botere judizialak, euskarari uko egitea sarituz eta pribilegiatuz.

Hik Hasik, hezkuntza komunitateko eragile gisa, ezinbestekotzat jotzen du USAParen aurkako esku-hartze judiziala salatzea, euskararen erabilera, transmisioa eta garapena bermatuko dituzten neurriak babestea, eta horretarako elkarlana eta konpromisoa sustatzea.

25 ikaslek USAPeko probetan Euskara eta Literatura II ikasgaian emaitza txarrak atera ondotik, epaitegietara jo zuten eta epaileak erabaki du azterketa horretako emaitzak kontuan ez hartzea batez bestekoa ateratzerakoan. EHUk adierazi duen moduan, erabaki horrek berdintasun printzipio urratzen du eta gainerako ikasleei kalte egiten die. Logika berarekin, gainerako ikasleek ere beste ikasgai batean emaitza txarrak ateraz gero, nota hori  batez bestekoan aintzat ez hartzeko eska dezakete. Alderdi akademikoa eta berdintasun printzipioa aintzat hartuta, heldulekurik ez duen erabakia da.

Kontseiluak euskarararen normalizazioaren aurkako "oldarraldi politikoa, mediatikoa eta judiziala" hezkuntzara ere zabaldu dela ohartarazi du. Haren iritziz, gertakari honek argi erakusten du botere judizialaren aldetik gertatzen ari den euskararen gutxiespen sistematikoa, euskara bigarren mailako eta gaztelaniaren meneko hizkuntza gisa betikotzeko asmoz. Halaber, horri gehitu behar zaio gaur egun EAEko hezkuntzan indarrean dagoen hizkuntza-ereduen sistemak milaka ikasle gutxieneko euskara maila lortzetik kanpo uzten dituela. Honen aurrean, ikasle guztien euskalduntzea bermatzeko hizkuntza-ereduen sistema gainditu eta euskarazko ikasteredua orokortzea aldarrikatu du.

Hik Hasik Kontseiluaren adierazpenarekin bat egin du, euskararen aldeko ahots kolektiboari ekarpena eginez.

 

Adierazpen osoa hemen irakur daiteke. Eta baita Hik Hasi aldizkariaren 310. zenbakiako editoriala ere.