Oroimena iruditan

Ikastola garaiko oroitzapen asko dauzkat, eta onak; lagunak, irakasleak, frontoia, Oihanak eta Anderrek ekarritako ahateak, amamamamuaumea, “Kalabaza tripontzia”, futbola jantoki ostean, diaboloa, kromoak, txapak, indabak kotoi artean, Pantxika, Santa Martako trena… eta gehiketak, kenketak, zintzaizkit, I am, jauntxoak, Marte eta beste zenbait gauza.
Bereziki gogoratzen dudana, garai hartan esku artean izandako testuliburuak eta ipuinetako irudiak dira. Elurretan ibiltzean, baserriko leiho alboan hotzak akabatzen azaltzen zen txantxangorria gogoratzen dut, alboan “negu gorria” testua zuela. Edo Igaraba ezagutarazi zidan liburu urdin txikia. Begi bizidun bi sagarrak, sudur luzedun platanoarekin elkartuz eta hiru zenbakia idaztera animatuz. Beldurra hezurretaraino sartzen zidan (eta didan, ziurrenik) sorgin gaiztoaren esku morea emakume ilehoriaren buruan orratza sartzen. Euliz betetako ardi beltz bakartiak hodei ilunez inguratuta sortzen zidan tristezia. Greziako jainko-jainkosak beldurgarri eta eder, historiako liburuan. Nikolas txikirekin testua bukatu, eta hurrengo marrazkia noiz agertuko zain. Banpiro txikiarekin, beldurra eta zirrara neurri berean sentituz. Iholdi ezagutzea. Pernando Amezketarra eta Pottokorekin botatako barreak…
Asko dira.
Gerora, institutuan, marrazkien oroitzapen falta sumatzen dut. Agian horregatik betetzen genituen guk zirriborroz ikasliburuak, alaitzeko eta asperraldia gainditzeko.
Horretan ari gara orain ere, asperraldia gainditzearren baino, oraingo marrazkiak geroko era guztietako oroitzapen bihur daitezen.

Izan hikhasitarra

Hezkuntza gaietan informatuta egoteko, berrikuntza pedagogikoen jarraipena egiteko eta eraldaketarako bidelaguntza edukitzeko.

Izan hikhasitarra

Produktuak

Liburuak, monografikoak, disko-jolasen eta ipuinen bildumak, DVDak eta musika tresnetarako metodoen liburuak aurkituko dituzue. Guztiak hezkuntza arloko hutsune edo behar bati erantzuteko sortuak, euskaraz.