240. editoriala: Teoria, praktika eta hausnarketarekin osatutako udako koktela

Aurten 20. aldiz elkartuko gara Donostian Hik Hasiren Udako Topaketetan. EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko bi eraikinak beteko dira, 550 lagunetik gora bertaratuko baitira. Kopuruak dimentsio handia ematen dio, eta are gehiago jendearen gogoak eta berotasunak. Ikasturtea bukatzear eta uda hastear, batetik besterako salto horretan kokatzen dira Udako Topaketak. Horrexegatik, agian, ezin dute izan ikasturteko gainerako formazio saioak bezalakoak. Badute zerbait desberdina, beste kutsu bat, beste ukitu bat.

Ukitu horietako bat ikastaroen praktikotasunak ematen die. Ikastaro teoriko-praktikoak dira. Hau da, alderdi praktikoak pisu handia hartzen du. Ikastaroa eskaintzen dutenek hasiera-hasieratik azpimarratzen dute ezaugarri hori, eta horren adibide da arropa erosoa eramateko eskatzen dutela. Yoga, mindfulness, musika, eskulanak, garapen pertsonala, adimen emozionala, jolas terapeutikoa, psikomotrizitatea, antzerkia eta abar luze bat. Papera eta boligrafoarekin batera, azalpen teorikoekin batera, entzundakoa praktikan jartzeko abagunea eskaintzen da ikastaroetan. Eta asko baloratzen da. Aldizkari honetako elkarrizketa nagusian Mary Burns irakasleen formazioan adituak ere horixe azpimarratzen du: “Hitzaldiak onak dira, baina irakasleek gehiago behar dute. Informazioa jaso ondoren edo eredu baten berri izan ondoren, praktikan jarri behar dute”. Praktikan jartze horri garrantzi handia ematen dio, bizipenari, alegia. “Uste dut denbora gehiago pasatzen dugula atletekin gaitasunak lantzen irakasleekin baino” gehitzen du. Horregatik dio irakasleen prestakuntzan denbora inbertitu behar dela, eta inbertsio hori alderdi praktikoan egitea aldarrikatzen du.

Aipatutako guztiarekin batera, hausnarketa dago. Elkarrekin praktikan jarritakoa behatu eta ondoren elkarrekin hausnartzea garrantzitsua da. Egindakoa ikustea, errakuntzetatik ikastea eta aurrera egitea. Bai modu pertsonalean eta bai taldean. Dena baita beharrezkoa eguneroko jardunean hobekuntzak egiteko. Balio bezate Udako Topaketek bide horretan lagungarri izateko.

Izan hikhasitarra

Hezkuntza gaietan informatuta egoteko, berrikuntza pedagogikoen jarraipena egiteko eta eraldaketarako bidelaguntza edukitzeko.

Izan hikhasitarra

Produktuak

Liburuak, monografikoak, disko-jolasen eta ipuinen bildumak, DVDak eta musika tresnetarako metodoen liburuak aurkituko dituzue. Guztiak hezkuntza arloko hutsune edo behar bati erantzuteko sortuak, euskaraz.