Atzo bildu ginen Zarautzen ikasturteari amaiera eman eta topaketen inguruko baloraziotxo bat egiteko. Gai anitzez mintzatu ginen, eta gogoeta ugari egiteko parada izan genuen iluntzean zehar, nahiz eta hemen, sintesi laburra egingo dugun. Hasteko, Hik Hasik eskuartean dituen erronka berrietaz aritu ginen: hala nola Kubako bidaia pedagogikoa, Reggio Emiliako monografikoaren gaztelerako itzulpen eskariaren kudeaketa edota Ilargiaren Sekretua filma koprodukzio baten bitartez katalanera bikoizteko ekimena. Ostean, eta aurtengo topaketen balorazioa eginik, datorren urteko 10. Topaketa pedagogikoen inguruko proposamenak aztertu genituen. Ikastaroez gain hainbat foro antolatzeko ideia dago mahaigainean, eta horri bueltak ematen aritu ginen. Zenbat foro eta zenbat ikastaro? Foroak nola antolatu eta ze gairen inguruan? Foroak urtean zehar antolatzea ere aipatu zen, 10.urteurrenaren barruan betiere. Modu horretara, Gipuzkoatik atera eta gainontzeko herrialdeetan Hik Hasiren jarduerak zabaltzeko aukera izan liteke. Formula egokia bilatzen saiatzen gabiltza, eta iritzi desberdinak garrantzitsuak dira. Eztabaidagune horietan gai klabeak lantzeko aukera ikusten da, hala nola, Euskal Curriculuma, gaitasunak, hezkuntza sistema nazionala edota gaur egun pedagogiak dituen erronkak. Irakasleen profila dinamikak izan zuen garrantziak eta horren jarraipen edo ondorio posibleez ere aritu ginen, duen beharraz jabetuta. Argi gelditu zena, topaketek eta foroek funtsean hausnarketa bultzatu behar dutela izan zen, Hezkuntzaren zentzu oinarrizkoenean eta euskal eta euskarazko hezkuntzaren inguruan hausnarketa kolektiboa. Atzo iluntzean galdera eta gogoeta ugari sortu ziren gure artean, eta solasaldia amaitzeko afari goxo-goxoa prestatua ziguten sukaldariek. Ongi-ongi pasa udara eta izango dugu elkarren berri ikasturte hasieran. Bitartean pozik bizi.
Larunbatean burutu zen Donostiako Kursaal Jauregian Euskal Curriculumaren herriratze ekitaldia. Euskal Curriculumaren ibilbide pedagogikoa, egungo egoera eta aurrera begirako erronkak aztertu ziren ehundaka pertsona hurbildu ziren ospakizunean.
Zerainen egingo den jaiak, eskola txikietako partaide guztiak elkartzea du helburu, Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik aldarrikatuz. Eskola txikien handitasuna indartuz, 21. festa izango da aurtengoa eta bertan aurkeztuko dute Pirritx eta Porrotx pailazoekin batera egin duten abesti berria.
Aurtengo edizioan, arrakasta berezia izan dute batez ere Imanol Urbietaren ekarpen pedagogikoaren inguruko ikastaroak, Psikomotrizitatea: ekintzaren garrantzia haurraren garapenean (0-6), 0-5 urteko haurrentzat kantu eta jolasak edota adimen emozionalak. Izena emateko epea amaitu den arren, ikastaro batzuek ez dute kopuru mugaturik, edota mugatutako batzuetan oraindik badago lekua. Hortaz, horietan izena emateko aukera badago oraindik.