Amaitzear da 2008. urtea eta hauxe izango da aurten jasoko duzuen azken buletina. Urtarrilean itzuliko gara albiste eta kontu gehiagorekin. Bitartean, ondo-ondo pasa oporrak eta URTE BERRI ON!
Unibertsitatez kanpoko ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dekretuak dioenez, jokabide desegokiak dituzten ikasleei neurri zuzentzaileak ezarriko dizkiete aurrerantzean. Arduradunek esan dutenez, helburua ikastetxeetako bizikidetza eta elkarkidetza hobetzea da.
Iparraldeko ikasle eta irakasleen protestek ez dute etenik, eta gaur mobilizazioekin jarraituko dute Lizeoetako ikasleek. Atzo arratsaldean 800 irakaslek hartu zuten parte Baionan izan zen manifestazioan. Guztien helburua bera da: Frantziako gobernuak egin asmo duen erreforma gaitzestea.
Basaizea ikastolak, San Josepe eskolak eta eskola publikoak antolatu dute Olentzero eguna. Olentzeroren gaineko ezagutza sakondu nahi dute alde batetik, eta, bestetik, hiru eskolen arteko harremanak garatu nahi dituzte era horretan.
1.600 ikaslek manifestazioa egin zuten atzo Baionan Frantziako gobernuak egin asmo duen erreformaren kontra protesta egiteko. Ondorengo egunetan ere, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute ikasleek.
Donamartirin, Arberoan, Nafarroa Beherean zabaldu du Seaskak bere 26. ikastola. Hamar bat haur hasiko dira ikastolan, eta datorren urtean, 15 bat ikasle izango direla espero dute. Heldu den urtean 27 ikastola izanen ditu Seaskak, Bidarten, Lapurdin beste bat zabalduko baitute.
Datorren igandean, azaroaren 30ean, Ordiziko Ikastola, Ziburuko Kolegioa, Hazia Elkartea eta Urruñako Ikastolak antolaturik jaialdi berezia egingo dute Urruñan. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Oskorri taldearen emanaldia izango da, Urruñako haurrak kantari eta Legazpiko banda lagun direlarik.