Gaur hasten dira Donostiako Miramar jauregian, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Gipuzkoako Berritzeguneen bitartez, Hezkuntza Berriztatzeko Proiektuei buruzko Gipuzkoako VII Jardunaldiak, “Gaitasunak garatzen” izenburupean.
Hezkuntza Sistemaren Legea lehenbailehen lantzen hasteko eskatu dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastolen kidegoak Eusko Jaurlaritzari eta lege horren barnean, finantzaketa arloan ikastolak eta sare publikoa pareka ditzatela eskatu dute, itunpeko ikastolen finantzaketa % 100ekoa izatea, alegia. Eskaera horrekin bat egin dute Kristau Eskolek ere. Jose Luis Sukia, Partaideko zuzendariak esan duenez, sare publikoko ikastetxeek eskaintzen duten zerbitzu bera eskaintzen dute ikastolek, eta beharrezkoa da finantzaketa ere, parekoa izatea. Hezkuntza sistema berdefinituko lukeen legearen alde egin du Partaidek, egungo sistemaren eredua gainditzeko. Ikastolak jabego anitzeko ereduaren alde agertu dira eta hezkuntza, zerbitzu publiko bakar gisa hartzea proposatu dute. Gainera, indar guztiak herri baliabideekin hornitutako ikastetxeak bultzatzeko jarri beharko liratekeela uste dute ikastolek.
Paueko Akademia Ikuskaritzak ez du irakasle gehiago jarriko datorren ikasturtean Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastetxe elebidunetan. Urruña salbuespena izango da, baina gainontzean, euskarazko eskaintzarik ez dagoen herrietan, egoera berari eutsiko diote eta izan diren zenbait mugimenduk, batzuei mesede egin arren, besteei kalte egingo die. Esaterako, Akademiak lanpostu-erdi bana eman dizkie Ziburuko eta Donibane Garaziko eskolei baina lanpostu osoa kendu dio Izpurakoari.
Arratsaldeko 17:30etatik 18:30era lanuztea egin zuten atzo Iruñeko haur eskoletako langileek, udaletxe parean elkartuz. Lan hitzarmena adostu bitartean hartuko duten neurria da, asteartero ekimen berbera errepikatuz. Ehun hezitzaile eta ikasle inguru bildu ziren atzo, kalitatezko hezkuntzaren alde.
Paueko Akademia ikuskaritzak jakinarazi duenez, Frantziako Hezkuntzak ez ditu datorren ikasturterako sail elebiduneko irakasleak gehituko. Pirinio Atlantikoetan 70 gela kenduko ditu eta departamenduan 16 irakasle postu galduko lirateke datorren irailean. Biharko gurasoak grebara deitu dituzte sindikatuek.
Martxoak 31tik hasita apirilak 11 bitartera izango da datorren ikasturterako haurrak Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatzeko epea, ohi baino hilabete eta erdi beranduago. Nahiz eta aldaketak eragin dituen, oraindik ez da legez ezarriko hizkuntz ereduen aldaketa berria. Hezkuntza Sailak, garrantzia berezia eman dio aurten, haurrak ikastetxeetan onartzerako orduan, anai-arrebaren bat ikastetxean izateak.