Donibane Lohizuneko Ravel lizeoko eta Baionako Bernard Etxepare lizeoko ikasleek ikastetxeak okupatu zituzten atzo. BEP izeneko lanbide ikasketak lau urtetik hirura murriztea eta Pecresse legea salatu dituzte ikasleek, eta asteartean ere manifestazioa egin zuten.
Nafarroako Gobernuak EAEko oinarrizko curriculuma ezartzeko auzi helegitea jarri ostean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek dio, “gehiegizkoa dela EAEko curriculuma Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenean esku sartzen dela” esatea. Izan ere, “zalantzarik gabe arrazoitu daiteke Euskal Herria izena duen hizkuntza eta kultur errealitatea izan dela historian, eta badagoela gaur egun ere”, dio bozeramaileak.
Miguel Sanzen gobernuak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Curriculum dekretuarekin “Nafarroako errealitatean eta nortasunean eskua sartu” duela dio. Horren arrazoia, dekretu horrek “ Euskal Herriko ikuspegi propioan oinarrituz, ikuspegi global, plural eta irekia eraiki nahi duelako da, bere eremutzat Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa beherea, Nafarroa eta Zuberoa jasoz”.
Hegoa nazioarteko lankidetza eta garapenari buruzko ikasketa institutuak, mundubildu proiektuaren barruan hausnarketa, eztabaida eta esperientzien trukaketa suspertu nahi du ikastetxeen artean. Horretarako, hainbat hitzaldi antolatu ditu hizkuntza eredu kritiko, demokratiko eta inklusiboa garatzeko hausnartuz.
Abian da Gipuzkoako ikasle-gazteen artean kultura ekintzailea sustatzeko hezkuntza ekimen osatuaren edizio berrirako izen ematea. Kosmodisearen helburua, kultura ekintzailearen eta kultura digitalaren balioak sustatzeko helburuarekin.
Azaroaren 13an Ikastolen elkarteak eta PARTAIDEk antolatutako topaketa izango da Bilboko Deustuko Unibertsitateko Auditorioan. Bertan, besteak beste, David Hopkins izango da, XXI. mendean eskolaren zereginei buruz mintzatzeko prest. Era berean, SAREAN elkarteak ere aurki burutuko ditu XXIII. Topaketak. Azaroaren 15ean eta 16an izango dira eta mintzagai nagusiak Irakasleen lansari desberdintasuna eta Testuliburuak eta ikasmaterialak erabiltzeko programak izango dira.